Katalanak oker daude!

Katalanak oker daude! –

Katalanak oker daudeMaximalistak dira; ez dira jabetzen Espainiako Konstituzioak dituen potentzialtasun ugariez. Diputatuen kargu hartzean erabilitako hitzak ez dira diogunaren adierazgarri txarrak. Hona ERCko diputatuenak: «Preso politikoen askatasunaren alde, eta Kataluniako Konstituzioa sortu arte, bai, legeak hala aginduta zin egiten dut». Eta Puigdemonten taldekoak ere ez dira gutxiago maximalistak -izatekotan, gehiago-; azkenean katalan subiranistek, EHBildukoen antzera, akordio usaina sumatzen dutenean, ihes egiten dute espainiarren arteko elkarrizketa, negoziazio eta kontsentsutik.

EAJk, aldiz, jokabide zintzoa duelako Espainiako Konstituzioarekiko eta inon direnak eta ez direnak egiteagatik haren potentzialtasunak bilatzen eta aurkitzen, ez dauden lekuan ere topatzen, espainiarrek eurek inon ikusten ez dituzten potentzialtasunak benetan deskubritzen, eta direlako potentzialtasun horietan fededunaren sinezmenez sinesten iaioak eta aukera-aukerakoak direlako, Senatuko mahaian ordezkari bat izango dute, PSOEren aldetik ongi merezitako saria jasorik, egindako lan eskergaren ordainetan. Tori senatari bat Madrileko Senatuko mahaian, merezia duzu eta!

Egoera politikoari inpartzial samar baina euskal ikuspegitik begiratzen diogunok ikusten dugu autodeterminazio eskubidearentzat ate guztiak itxita daudela 1978ko Konstituzioan, eta batez ere haren espiritu zentralistaren zurkaizle diren indar faktiko guztiek ez dutelako horretan kontzesio denik eta txikienik ere egin nahi, baina oker gaude, gure lider jeltzaleak ez dira nekatzen eta ez ahitzen potentzialtasun horiek baieztatzen eta berresten, abertzaleok frustraziora eramanez.

Okerrena da berrogei urtez alderdi espainolistek eta EAJk espainiar demokraziaren zilegitasun eta sendotasunaren alde egindako buru-garbiketarekin eta gero eta gizarte gutxiago euskaldunean bizi garelako, gorago aipatu bezala jokatuta ere, nabarmen Madrilen nahien neurrira, alderdi espainolen komenientzira, ez duela boto-galerarik izango EAEn EAJk, eta jarraituko duela per secula Euskadiren eskumenak negoziatzen estatu-aita zentralistarekin, eta negoziazioaren ondotik gero eta autogobernu handiagoa daukagula guri saltzen, eta horrekin batean herria anestesiatuegia dagoela benetako olatu indartsu bat sortzeko autodeterminazioaren eta independentziaren alde.

EAJk Espainian eroso bizitzera gonbidatzen gaitu, katalanen maximalismoetatik urrun, espainiarrek inondik ere ez duten federalismoan sinesberak izatera, eta, halaber, Espainiako Konstituzioaren potentzialtasunez ziur eta fededun egotera. Akats bakarra egin dute azken berrogei urteko historian, Konstituzioari 1978an baietza eman ez izana, abstentziora jo izana; gaur dakiten adina jakin balute orduan, baiezkoa emango zioten duda izpirik gabe. Berrogei urte behar izan dituzte haren potentzialtasunez jabetzeko. Gora 1978ko Konstituzioak kohesionaturiko Espainia batua, askotarikoa eta batua aldi berean!

Katalanak oker daude!

Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Katalanak oker daude!”-ri buruz

  • Berriro ere EAJ gertatu ezin den hori gertatuko dela agintzen. Estatuak ez du inoiz adostuko autodeterminazioa, inoiz ere ez. EAJk badaki hori, eta hala ere, aurkeztu duen testuaren bigarren xedapen gehigarrian estatuarekin itundutako galdeketa proposatzen dute. Gauzak argi: hori jendea engainatzea da.
    Jakin nahi nuke zer dioten EAJkide abertzaleek, halakorik bada. Noiz espero dute estatuarekin galdeketarako akordioa? Inuxente egunean? Nola lortuko dute estatua galdeketa negoziatzeko prest egotea? Estatua ikaragarrizko ahuldade eta krisi politikoan egonagatik, ikusi besterik ez dago ERCrekin esertzeko ze arazo dituen Sánchez-ek, bere presidentzia ERCrekin ituna egitera baldintzatua dagoen arren, eta gurekin adostuko dute galdeketa bat? Zergatik, edukazioz eskatuko dugulako? Aitor Estebanek oratoria oso fina duelako?
    Ezagun du jeltzale eta katolikoak direla, euren erreinua ez baita mundu hontakoa.
    Nahikoa dugu, gezurrik ez. Estatuak galdeketa ukatu ostean, zer? Berriro “status berria”ren bigarren berritze bat? Ibarretxe Plana 3.0? Eta horrela, 100, 200 urtez, azken euskalduna hiltzen den arte? Eta orduan, akulturazio prozesua amaitzean, bakea? Hori da EAJk proposatzen duena, eufemismo, gezur eta erretolika guztiak diskurtsotik kentzean.

  • Pako Sudupe

    Ados guztiz, “ba ote!”!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude