‘Kartzela’ serie digitalaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera ‘Arnasa gara’ kanpainaren bigarren faseari

‘Kartzela’ serie digitalaren aurkezpenarekin –

  • UEMAk eta kanpainaren sustatzaileek ostiral honetan aurkeztuko dute serie digitala Durangoko Azokan, kanpainaren bigarren faseari hasiera emanez.
  • 11:30ean EITBren gunean izango dira proiektuaren sustatzaileak, ekoizleak eta aktoreak. 12:30ean, berriz, ETBk eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak Irudienean aurkeztuko dute ‘Kartzela’, eta lehen lau atalak ikusi ahal izango dira.
  • Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpainaren baitan sortu dute ‘Kartzela’, mezua euskal herritar guztiengana helarazi nahian.

‘Kartzela’ serie digitalaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera ‘Arnasa gara’ kanpainaren bigarren faseari

BEC-en harrapatuta geratu diren sei euskal herritarren istorioa du ardatz ‘Kartzela’ fikziozko lanak. Abenduaren 6an, 12:30ean, Durangoko Irudienean emango dute lanaren nondik norakoen berri. Lehenago, EITBren gunean izango dira proiektuaren sustatzaileak, ekoizleak eta aktoreak, ‘Arnasa gara’ kanpainaz eta honen baitan sortu den ‘Kartzela’ serie digitalaz hitz egiteko.

Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi du Kartzela serie digitala, EITBrekin elkarlanean. Zazpi ataleko lana izango da, eta abenduaren 9tik 15era zintzilikatuko dira EITBren Nahieran plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak (udalerri euskaldunak eta arnasguneak bereizteko ez dago marra zurrunik, baina oro har euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa duten udalerri euskaldunak hartzen dira arnasgunetzat). BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?

Erika Olaizola, ‘June’; Ainhoa Etxebarria, “Garazi”; Iratxe Urkiaga, “Mara”; Juanen Saralegi, “Juan”; Sambou Diaby, “Iba” eta Amaiur Epher, “Ekhi” dira Kartzela serie digitaleko protagonistak. Arnasgunetako herritarrak dira guztiak: Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazi, hurrenez hurren, eta tokian tokiko euskalkian aritzen dira. Aktoreak aukeratzerakoan, euren jatorria, herria, arnasgune bat izatea lehenetsi dute zuzendariek, Arnasa Gara kanpainaren barruan ekoitzi baita serie digital hau. Nahiz eta gidoia euskara batuan idatzita egon, aktore bakoitzak askatasuna izan du bere jatorrizko euskaran modu naturalean aritzeko.

Arnasa Gara kanpainarentzat egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia. Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen kanpainaren helburuak ez ezik, iruditegi kolektiboa aldatzea eta erreferenteak sortzea ere hartu du helburutzat serie digitalak. Honako gai hauek lantzen ditu:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak
  • Euskara eta euskal kultura, berezkoa duen neurrian, bereziki baloratzen ez duen gaztea VS jarrera kontzienteagoak
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako herritarrek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei: arnasgunetakoak dira, baina askotarikoak, eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen kanpaina

Azken urteotan hedabideetan, euskalgintzan eta hizkuntza-politikako arduradunengan arnasguneen garrantzia eta arnasguneak berariaz zaintzeko eta garatzeko beharra errotu baldin bada ere, arnasguneen kontzeptua nahikoa arrotza da oraindik herritar gehienentzat. Euskara biziberritzeko, ordea, ezinbestekoak dira arnasguneak, horietan modu naturalean bizi delako euskara, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako.

Horregatik, herritarrek horren kontzientzia har dezaten, lehen aldiz, arnasguneen garrantzia nabarmendu eta aitortu nahi duen kanpaina abiarazi dute udazken honetan UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok: 3ko Itunak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta kanpainarekin bat egin duten 22 udalerri euskaldunek. Kanpainaren lehen fasean, mezua arnasguneetako herritarrei helarazi nahi izan zaie, eta komunikazio kanpaina eta herrietan egin diren aurkezpen ekitaldiak izan dira baliabide nagusiak. Bigarren fasean, berriz, arnasguneen garrantziari buruzko mezua gainerako euskal herritarrengana helarazi nahian, ‘Kartzela’ serie digitala izango da bitarteko nagusia.

EITBk eta Hiru Damatxok sortu dute seriea. Kanpaina guztiaren sormenaz eta koordinazio-lanaz, berriz, Iametza interaktiboa enpresa arduratu da.

Aurkezpena: abenduaren 6an, Durangoko Azokan

Ezohiko ezaugarriak dituen ekimen hau Durangoko Azokaren egitarauaren baitan aurkeztuko da, ostiral honetan, abenduaren 6an. Alde batetik, 11:30etik aurrera EITBren gunean ekimenaren sustatzaileak, ekoizleak eta aktoreak izango dira

  • Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria.
  • Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea.
  • Mikel Arregi, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria.
  • Joseba Erremundeguy, Euskararen Erakunde Publikoko misio karguduna.
  • Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia.
  • Lander Arretxea, Hiru Damatxo Ekoiztetxeko kidea eta ‘Kartzela’ serie digitalaren gidoilarietako bat.
  • Sambou Diaby eta Ainhoa Etxebarria aktoreak.

Ondoren, 12:30ean, Irudienean, Durangoko Azokako Zinearen gunean, ‘Kartzela’ webseriearen lehen lau atalak ikusi ahal izango dira eta proiektu honen ardatza izan den ‘Arnasa Gara’ ekimena aurkeztuko du Iametza komunikazio eta teknologia enpresak.

Irudieneko aurkezpenean izango dira:

  • Eli Pombo, Iametza-ko kudeatzailea.
  • Iñako Gurrutxaga, EITB.eus-eko eduki burua.
  • Peru Isasi, Hiru Damatxo ekoiztetxeko kidea eta ‘Kartzela’ serie digitalaren zuzendaria.
  • Juanen Saralegi eta Erika Olaizola aktoreak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Arnasguneak kartzelan (zuzeu.eus, 2019-10-01).
· ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu du UEMAk beste hainbat erakunderekin batera, arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko (uema.eus, 2019-09-30).
· Euskararen eta arnasguneen garrantzia nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak ere, UEMArekin eta hainbat udalekin batera (uema.eus, 2019-11-12).
· ‘Kartzela’ serie digitalak arnasguneen balioa agertuko du (naiz.eus, 2019-12-04).

‘Kartzela’ serie digitalaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera ‘Arnasa gara’ kanpainaren bigarren faseari

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.