Karmele Aierbe euskaltzalea hil da

Karmele Aierbe euskaltzalea hil da

Enekoitz Telleria eta Edu Lartzangurenek berria egunkarian

Euskara eta euskalgintza izan ditu ibilbide politikoaren ardatz, eta ofizio. HBko mahai nazionaleko kide ohia, eta EHEko koordinatzaile izandakoa, besteak beste.

Bi eskuren artean harrapatutatako aurpegian musu ozen eta gozo bat. Huraxe zen Karmele Aierbek (Ataun, Gipuzkoa, 1951-2020) maitasuna eta esker ona adierazteko zuen keinua. Izan hango espetxeko atarian, hemengo agerraldian, hurrengo manifestazioan, edo Onkologikoko gurpildun aulkitxoan. Badute horren berri haren militantziako kideek, euskararen aldeko borrokan aritutakoek, eta baita haren altzotik pasatutako Ataun San Gregorioko eta Segurako (Gipuzkoa) haur izandakoek. «Bizi guztia irakasle izan naiz», zioen BERRIAri 2016ko abuztuan emandako elkarrizketan. Izan ere, badira bizi guztian irakasle izandakoak, eta badira bizi guztian gogoan gelditzen diren irakasleak.

karmele aierbeKarmele Aierberena izan da bizitza bat osoa euskararen eta euskal kulturaren inguruan ardaztutakoa, eta haren aldeko borroka politikoan jositakoa: «Euskarak beti markatu nau». 16 urterekin hasi zen Beasainen (Gipuzkoa) gau eskoletara joaten, euskara erdi-ilegala zen garaian, euskal nortasuna eta identitatea lantzeko eskolak ematen zituztelako han. «Nire gurasoek motor txiki bat erosi zidaten. Bezperan Beasainen ikasten genuena herrian [Ataunen] irakasten genuen hurrengo egunean. Gai gramatikalak ematen genituen, eta hitzaldiak antolatzen naziotasunari buruz; ekonomiarekin lotutako gaiak, Marxen eta Engelsen ideiak…». Joxe Miguel Barandiaran herrikidea bizi zen oraindik orduan, eta ongi gogoan zeukan hura Aierbek: «Bere hitzaldiekin —euskarak duen balioaz, hizkuntzaren altxorraz, eta identitateaz eta naziotasunaz—, asko lagundu zigun. Gau eskola horietan aholkulari garrantzitsu izan genuen».

Karmele Aierbek «ulertzen zuen euskara gure bihotza dela, eta horretan jardun zuen etengabe», adierazi du Juan Karlos Ioldi alderdikideak Aierberen heriotzaren berri jaso berritan.

Eta mugarri handi bat hurrena: Burgosko prozesua (1970). Epaiketaren kontrako bilerak, manifestazioak… «Horiek izan ziren, niretzat, gure herriak bizi duen gatazkaren barruan, lehenengo korrikaldiak». Kontzientzia politikoaren eta borrokaren erabateko ernatzea orduan, eta euskaren inguruan harilkatua orduan ere. «Euskarak beti markatu nau. Garai horretan sortu ziren ikastolak, eta Ataunen ere sortu genuen. 20 bat urterekin hasi nintzen. San Gregorio auzoan bazen irakasle bat, eta tokiz aldatzea eskatu zuen. Haren ondoren nik hartu nuen San Gregorioko ikastolako ardura. Orduan ez nuen irakasle ikasketarik, baina, kargua hartzerako, urtebete egin nuen irakasle horrekin lanean, ikastaro batzuk egin nituen, eta Kataluniara joan nintzen metodologia aurreratu batzuk ikastera; Bartzelonara, hain zuzen. Harrezkero, bizi guztia irakasle izan naiz. San Gregorion egin genituen 11 urte, Gizarte Segurantzarik gabe, eta ezin legeztaturik. Baina herriaren laguntzaz eta gurasoen inplikazioaz, aurrera egin genuen».

Hurrengo urratsa, «handi samarra», Euskal Herrian Euskaraz elkartean egindakoa: Nazio koordinatzaile kargua hartu zuenekoa (1988). Orduko kezkez eta hausnarketez, zera zioen: «Ordura arte genuen hizkuntza komunitatea trinkotzearen aldeko apustua egin genuen. Eta horrek zer esan nahi du? Euskaraz bizi daitezkeen udalerriak elkarren artean bildu eta elkarrekin koordinatzea. 1991n sortu zuten mankomunitatea: ezagutzen dugun Uema. Abiada garrantzitsua izan zen euskal hiztunen komunitateari begira. Euskarari prestigioa eman zion, eta euskara erdigunean jartzea lortu».

Hiztun komunitatea trinkotzeari buruzko kezka etengabea baitzuen Aierbek, eta elebitasunaren «gezur politiko-lingustikoa» kritikatzen zuen ahobizarrik gabe. «Elebitasuna planteatzen ari gara, baina [euskara eta erdara] ez daude maila berean. Ezin dugu karta berberekin jokatu. Erdarak lau karta dituenean muserako, euskarak bi besterik ez du».

Mahai nazionaleko kide

Politikaren lehen lerroan oso emakume gutxi zeuden garaian onartu zuen Karmele Aierbek HBko mahai nazionaleko kide izatea. Gatazkaren garairik gordinenean, eta haren aurreko mahai nazionala osorik atxilotu zuten garaian (1998). «Beste batzuek hartu behar zuten lekukoa, eta niri tokatu zitzaidan. Ez nuen pentsatu; alegia, ez nion esan neure buruari ardura hartu behar ez nuenik». Bazuen ordurako ibilbide bat egina ezker abertzalean, eta borroka politikoan. Gordin mintzo zen horretaz: «1974az geroztik, zazpi aldiz egon naiz atxilotuta, hiru aldiz egon naiz kartzelan, tortura larriak jasan izan ditut, bortxaketak… Gatazkaren ondorioak nire larruan bizi izan ditut, baina hori bizi izan dut bokazio handia dudalako herri hau aske ikusteko».

Eta ezker abertzaleak egindako «ekarpen handiaz» mintzo zen, batzuetan asmatuetakoez, bestetan kale egindakoez, baina egindako «autokritikaz», eta «burua ateratzen» asmatzeaz, «bide irekitzen» egindako indarraz, eta «ziklo politiko berria bat abiatzeko» irekitako jokalekuaz: «Behar dugu ezker abertzale handi bat, inportante bat, bidea markatuko duena eta erreferente izango dena. Helburuak garbi hor dauzkagu, betidanik, aldatu ez ditugunak. Tokatzen zaigu asmatzea, indarrak biltzea, eta batasuna lortu behar dugu horretan aurrera egiteko». Iazko otsailean egin zion omenaldia EH Bilduk Aierberi, Ataunen, eta haren «ibilbide oparoa eta aberatsa» goratu zituen.

Emakume, eta euskaldun

Bi aldiz baztertua. Horrela sentitu izan dela ere aitortzen zuen Karmele Aierbek: emakumea izateagatik, eta euskalduna izateagatik. Erronka izan zen harentzat, emakumezkoa izan eta HBko mahai nazionaleko kide izateko gonbita onartzea: «Egia da ezker abertzalean emakumeen aldeko mugimenduak aspalditik datozela. Aizan sortu zenetik. KASen garaian bazen Egizan emakume feministen erakundea. Gero horrek egituretan izan du isla? Isla izan duela, bai; neurrikorik izan duen, agian ez».

Emakume izateagatik sentitu zuen bazterketa, euskaldun izateagatik bizi izandakoarekin parekatzen zuen Aierbek: «Beste leku askotan bezala, ni ere batzuetan sentitu izan naiz bigarren mailako pertsona. Hori garbi dago. Hizkuntzarekin bezala, emakume izatearekin ere sentitu izan dut askotan bazterketa. Egia da emakumea eta euskara badirela bi gai oso marjinatuak izan direnak». Horregatik goratzen zuen Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetariek feminismoaren eta euskalgintzaren borrokak lotzeko egindako lana: «Oso lotura garrantzitsua da. Zapaldua sentitzen zaren momentutik errekonozitzen hasiko zara. Gakoa da ahalduntzea, bai bata eta bai bestea. Izugarrizko ekarpena egin dute».

«Eskuzabala izan zen beti», gaineratu du Ioldik, eta adibideak jarri ditu. Espetxetik ateratzeko bermea itzuli ziotenean, presoen alde lan egiten duen Harrera elkarteari eman zion dirua.

Minbiziaren kontrako borrokan egin ditu Aierbek azken urteak. Bizi guztian gogoan gelditzen den irakaslea. Bi eskuren artean harrapatutatako aurpegian musu ozen eta gozoak banatzen zituena.

karmele

Karmele Aierbe euskaltzalea hil da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.