Karl maitea; ez nintzen txantxetan ari hil egingo zintudala esaten nizunean

Karl maitea:

Zuk, nik eta gela honetako lau hormek besterik ez gure artekoaren berri. Hiru urte pasa dira dagoeneko Erosen pozoi suntsigarria hartzen hasi ginenetik, hiru urte zoragarri. Baina gezurraren kiratsa etxe osoan zehar barreiatu da eta ez dago usain higuingarri eta aldi berean gozo horretaz kutsatuta ez dagoen txokorik. Logela, korridorea, egongela, komuna… Sofak, alfonbrak, arropak… baita senarrak aukeratutako gortina itsusi horiek ere. Ez dago gezur-usain hori ezabatzeko modurik, eta ezin dut gehiago jasan.

Odol berokoa izan zara beti, eta horren lekuko naiz oraintxe bertan. Zure odol epelak eskuetatik irrist egiten dit. Hain da atsegina… Lastima minutu gutxi barru hoztu eta lehortu egingo den. O! Zure odolaz betetako bainuontzi batean emango nituzke hil arteko minutu guztiak!

Munduko begi politenak dituzula esaten nizunean, ez nintzen gezurretan ari; ezta egunen batean zuloetatik atera eta neuretzako gordeko nituela esaten nuenean ere. Orain zure begien eztitasuna egunero eta uneoro sentitu ahal izango dut.

Barre egiten zenuen zure azal biluzia leunetan leunenena dela esaten nizunean eta egunen batean harekin manta bat egingo nuela zu beti alboan izateko. Orain gauero zure besarkada sentitu ahal izango dut.

Bromatan hartzen zenuen noizbait hil egingo zintudala esaten nizunean. Ez al nituen akaso arrazoi dezente zurekin akabatzeko?

Ezin dut zu gabe bizi, ezta zurekin ere, zure izate hutsak arima belzten didalako. Pertsona txarra naiz Karl, behin eta berriz esan dizudan arren, ez duzu hori sekula ikusi nahi izan.

Nolatan ez zara gai izan gure bideak amildegi baterantz egiten zutela ikusteko? Bietako batek betiko desagertu egin behar zuela argi zegoen, bestearen zoriontasunaren hobe beharrez. Plazerra sakrifikatu zoriontasuna, sinpletasuna eta lasaitasunaren mesedetan.

Eta nik hartu dut aurrea. Sentitzen dut, Karl maitea, gauzak batzuetan ez dira guk nahi bezala irteten. Pena ematen dit zure emazteak, baita barnean daraman bizitza puska horrek, ez baitu bere aita sekula ezagutuko.

Gorde iezadazu tokitxo bat Infernuan; baina ez izan presarik, bizi luzea bizitzeko asmoa dut eta.

Ez adiorik, Karl. Ene bizitzako gauzarik ederrena izan zara, baita mingarriena ere.

Martina.

UDAZKEN KOLOREAK