Kantu bat gara

Kantu bat gara

Kantu bat garaSi vis pacem para bellum kantatzen genuen gaztetan, eta estatuari(ei) gerra deklaratzen genion(en). Gerra beti!

Baina bakezaleak ginen, bakea nahi genuen, bakean bizi nahi genuen. Eta hor ez zen inolako kontraesanik, gure bakeak bazuelako baldintza bat, ezin zela gauzatu ahalik eta etsaiek (gogor etsaiari!) herri hau pakean utzi arte. Euren bakerik ez genuen nahi. Bakearen uso faltsu denen aurka ginen, eta no hay tregua eta no habrá paz oihukatzen genituen, eta que se vayan, que se vayan de una puta vez. Alde egin zezatela nahi genuen, bai. Izan ere okupazio egoera batean jaio ginen, bai, guda baten erdian, urteak pasa ta berdinetan gaude.

Berdinetan? Ez dakit ba…

Okupazioa, menderakuntza, inperialismoa, aspaldiko garaietan, urrutiko lurraldetan gertatutako istorioak dira gaur egun. Bizikidetza baketsua da modako kontzeptua. Jende zoriontsua herri libre batean, herri libre bateaaaan!

Herria hitza abestirako baino ez darabilgu, hori bai, folklorerako. Gainontzean gizarteak eta jendarteak lekua jan baitiote terminoari. Herria edo nazioa bezalako kontzeptuak iada ez ditugu entzuten, eta entzuten ditugunetan “nazioa hil” egin behar dela aditzeko, hil ezazu aitaren bertsio berrituan. Naziotasunak edo euskarak enbarazu egiten baitute euskal herritar edonor den garaiotan, Gozategiren Don Jose ere bai, jakina, Axola duen gauza bakarra bizilekua baita, defendatzen duzun “proiektu politikoa” EHren likidazioa izanik ere. Dena da zilegi. Eta noski, baldintza horietan inor ez da kanpokua.

Nola aldatzen diren gauzak kamarada, nola…

Zertarako dek gehio, euskeraz eta kitto! genion. Lingua vascorum, lingua navarrorum-a zela gure hizkuntza bakarra genionean, euskaldun egiten gaituena. Egun ordea hiru hizkuntza dituen gizarte batean bizi omen gara. Gizartean bai, edo jendartean.

Mp3aren aroan GORA HERRIA! modaz pasatu zaigu, binilo eta kasete zaharretako kantua da egun. Tira ez, bada salbuespen bat, Anoetako Belodromoan oraindik indarrean da herriaren goratzea, negu gorrien garaietan bezalaxe “irrifar egiteko” udaberri eternalotan ere. Eta Pasaiako herritik dator notizia, bertako badia izango omen da gure Playa Girón, Batista kanporatu gabe, hori bai. Bere mende jarraitu arren. Batistarik inoiz existitu izan ez balitz bezala jokatzean dago gakoa. Ukatu dena! Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea. Gure aukeren jabe eraikiz hastean, euskal jendarteaz mintzo zaigu ahots berbera, euskal jendarteaz bai, zeinen parte omen diren baita nazionalista espainiarrak ere. Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein erreza dan

Kalkulu matematikotan aurrera egin dugu ordea, zenbat gara galderari erantzuna aurkitu diogu azkenean! Gaztetan kioskoari birak emanaz bat eginik, bat izanik, eskualde guztiak abesten bagenuen, orain kioskoetatik itzultzean bat ez, hiru garela irakurri dezakegu. “Hiru subjektu, bakoitza bere erritmo eta abiadurarekin”, hori omen da errealitatea, horrek behar omen du izan gure eraikinaren orube. Jainkoak benedika gaitzala!

Hirukoiztu egin gara hortaz, bat eta bakarretik, hirura. Banderak ere bikoiztu bai gutxienez. Ikurriña bai! española ez! aldarriaren bigarren zatia amnesiaren zulorik sakonenean baitugu galdua. Urtean egun bakar batez Bilboko udalean ordu gutxi batzuk ere pasa ezin zituen piperpotoa, orain udaletxe guztien erdi-erdian dugu. Guztietan ez, barka. Batzuetan frantsesen bandera dugu (aspalditik), errepublikakoa. Frantsesen errepublikako bandera baina, oraindik ez dugu sobera maite. Espainolen bandera errepublikarra aldiz iada ez da espainolena ere, “errepublikarra” da. Besterik gabe. Munduko errepublikarena ote? Eta asko maite dugu egun, ia gure banderak adina.

Iruñakov herrian bandera gorriaz gain ikurriña ere izan dugu udaletxean. 2015eko uztailaren 6an izan zen, “erregimena erori” zenaren sinbolo. Hiruzpalau orduz egon zen bertan. Harrez gero arrastorik ere ez. Ez ote zen erregimena gorantz eroriko?

Baina ez gaitezen desbidera banderarekin, gauza jakina baita trapu bat dela, haizerik ez badabil.

Giltzapean koblatan aritzea beste erremediorik ez dutenentzat berriz intxaurrak beti dira hamalau, gerturatzerik ez duen esaera al da hau? Haiek barrutik eta guk kanpotik tiratzekoak ginen, denok apur bat emanez, gutxi batzuk dena eman ez dezaten, bakarrik egon ez daitezen. Baina kanpotik ez dugu asmatzen. Ez gaitezen engaina.

Kantatzen duen Herria ez omen da inoiz hilko, baina zer kantatzen duen jakitea komenigarria delakoan naiz. Gainontzean gureak ja egin du, gaiten garbi mintza, lainopean bezala galduak gabiltza. AEK-ko beteranoen antzera bururik ez, eta txapela nahi. Zer gehiago esan, egin dezakegu dena esanda dagoenean…

Kantu bat gara

24 pentsamendu “Kantu bat gara”-ri buruz

  • Elene Txarte 2016-08-08 12:14

    Aspaldian leitu dudan gauzarik hoberena, inondik ere.

  • Ezker abertzaleak Playa Giron eta diktadura kubatarrarekin amets egin du beti. Horrelako erakunde zoragarri bat nahi izan du gure herriarentzako.
    Ainhoak ezker abertzalekoen betiko tranpa nazkagarria egiten digu, herria, Euskal Herria, Euskal historia eta euskal kantak ezker abertzalearen ekoizpenarekin eta izaerarekin nahasten ditu.
    Gero beste gauza da totum revolutum horretan kritikak egiten dituela. Noski, bera ez da moderatua, bera iturrietara jo nahiko du, garai batean gure kaleak ezker abertzalekoen militanteek odolez zipristintzen zituztenetakoak eta non eta bere enkaputxatuek gure herriko plazak alaitzen zituzten. Ze garaiak!
    Bai, nostalgiak ekartzen dizkigun fruitu eztien miriaz dago Ainhoa. Ezker abertzaleak jadanik ez du garai bateko beldurrik ematen, jendea ez da zutik jartzen, ez da isiltzen, ezker abertzaleko ahobero batek txilibitoa jotzen duen momentuan. Eta zer gertatzen da? Jendeak, baita ezker abertzaleko militanteek ere, beren iritziak libreki adierazten dituztela. Horregatik gure Ainhoak garai zaharren epika gogorazi nahi digu.

  • Eskerrik asko Ainhoa, horren garbi adierazteagatik askok pentsatzen duguna.

  • Elene Txarte 2016-08-10 00:23

    Nire ustez, Bentazar, edo nik ulertu dudanez, Ainhoak hain zuzen ere kontrakoa adierazi nahi digu; Ezker Abertzale “gogorrak” urteetan izan dituen jarrera eta jokaerek ez dutela deuserako balio izan alegia.

    Azken finean, Ainhoak txoil argi esan duenez, Ezker Abertzalea bera ere jabetu da orain dela hamar bat urte zerabiltzaten konsignia hutsalek ez zeramatela inora, hau da, balizko errotak irinik ez. Eta, nola ez, aditzera ematen du ez soilki azken 30 urteetako “lanak” deuserako balio ez diela izan, baizik, areago, gauzak zeuden baino okerrago ere utzi dituela. Eta, hartara, ondorioztagarri denez, EAJk jorratu duen bidea dela jorratzen ahal den bakarra. Akaso gero jaurlaritzan jarri nahi diren presupuestuak desberdinak izango dira, baina bidea bera. Zein ote da orain “oilo-busti puta aralarzalea”?

  • Ezker abertzalea PNVren bidera batu dela bistan da. 40 urteko atzerapenarekin.
    Baina agian egilea ez dago ez lehengo eta ez oraingo ezker abertzalearen estrategia(eza)rekin ados. Diñot.

  • “Ezker Abertzalea” PNVren bilobak dira. Paradigma galtzaile berdinatik sortuak.
    Paradigma horrek erredukzionismoa, konplejuak, minorizazioa, politikarako auto-estimaren falta, desorekatasuna eta politikarako gabezia besterik ez erakarri ditu gure herriarentzat eta okupanteekin kolaborazionismoaren sinboloa bihurtu.

  • Barkatuko didazu ene Sigmund maitea, baina ni ez nago batere konforme galtzaile-negartien txantxa horrekin eta gainera Ezker Abertzalea eta ETA prezeskiago irabazleen paradigma sortu nahi zuen sortu zenean, askapen mugimenduen garaian, Sobiet Batasuna eta bere kideek irabaztera zijoaztela pentsatzen zenutenean. Gertatzen dena da sozialismo-erreala-iraultza-marxista frakaso bat dela herri askapenen ikuspegitik, nahiz eta estatu batzuetan zenbait partidoentzat irabazteko bidea izan. Baina herri txikien askapenaren ikuspegitik, ezker abertzalearen eredua timo ikaragarri bat da.
    Ordea, EAJk bere batazbesteko eredua gauzatu du Gernikako Estatutoarekin. Hori nahi zuen 36an, hori nahi zuten “Hirurak bat” proposatzen zuten XVIII mendeko ilustratuek, eta hori lortu da. Hori garaipen bat da eta pauso bat da nazio eraikuntzan.

  • Arana anaiek huts galanta egin zuten non ez zuten jarraitu Nabar Estatuaren burujabetzarekin helburu moduan, nahiz eta jakin eta konzienta izateak.
    Urbil zuten baita Arturo Kanpion eta Anacleto Ortueta.
    Azken honen erreflexioarekin, Anacletorena, argi eta garbi hartu behar duen bidea utzi zuen:
    ” Santxo III el Mayor eligió sabiamente las fronteras del Estado vasco, pues los limites que dio a Nabarra fueron los geográficos naturales. Es el genio tutelar de la nacionalidad vasca. Gracias a él vivimos como pueblo.”

  • Tira, niretzat pozgarri da artikulu honi darion ironiaz gozatzea. Garai batean pentsaezina zen euskaraz halakorik irakurtzea. Ezker abertzaleari ezin zitzaion kritikarik egin euskaraz. Berehalaxe jotzen zintuzten traidoretzat. Leku guztietan balizko garaipena kantatzen zen. Aurrera bolie. Nola aldatzen diren gauzak kamarada…

    Galdera bat plazaratu nahiko nuke hemen, ZuZeuko edozein irakurlek erantzun dezala.

    Zer gertatuko zatekeen hemen Kataluniako bide beretik abiatu izan bagina? Hots, spainiako Estatuari hordago jo izan bagenio, nola eramango zukeen euskal gizarteak erronka hori? Zer ondorio izango zukeen gure artean??

    Gustatuko litzaidake ZuZeuko irakurleen iritzia zein den jakitea. Mila esker.

  • Ba nire ustetan Arana anaiek primeran egin zuten lehen lehenik buru jabetza Bizkairako eskatuz, zeren eta Euskal Herria eskualde desberdinetan egituratua dagoen, eta oinarrizko konzientzi horretan errotu beharko zen abertzaletasun ideologia eta ez agidaneko estatu-erreinu akabatu baten estatutasunaz.
    Txirkuni erantzun emanez esango nioke niretzat Kataluniako espantagarria dela eta Jainkoari eskerrak ematen dizkiot hemen horrelako biderik ez delako hartu EAJri esker, zeren eta ezker abertzaleari asko gustatzen baitzaio amildegiz beherakako ildo katalan hori eta imitatu nahiko luke, baina bakarrik ezin du. Espainiari hordagoa egin zion Ibarretxek orain urte batzuk eta ikusi zen ez zegoela bide horretatik aurrera joaterik. Apostu frakasatu horren ondorioz espainolek lortu zuten lehen aldiz Euskadiko lehendakaritza.

  • Katalunyari buruz pre-Estatuaren egoera hau luzera doa.
    Zaila ikusten dut atzera-pauso bat definitiboa nahiz eta prosezua eramaten dutenek denok autonomismo barruan mugitzen diren, baita Belgikoak, Lledonersekoak, Bartzelonakoak edo Madrilekoak.
    Gure herriarekin konparatuz bai dago desberdintasun bat. Han, Katalunyan , herriak ez dio hainbeste seguidismoa egiten partiduei. Behartu zioten -partidoei- bide hortara jotzeko non partidoak desbordatuak eta atzetik joaten ziren.
    Partidoen estrategia, hori konprobatu ez gero, independentzia eta Estatu propioren tresnak suntsitzea izan da, Estau okupanteari errua bota eta ondo geratzea.
    Baina ez, ez du kolatu eta herriak badaki horiekin -“partido soberanistekin”- ez dagoela ezer egitearik.
    Herri katalandarrak ikasi du Instituzio autonomistatik, beraz espainolistatik, at egin behar dela bidea eta bakarrik unilateraltasunatik izan daiteke.
    Baita Katalunyan baita Nabarrako lurralde okupatuetan, herri bakoitzak merezi duen klase politikoa du eta ez beti medio eta herramintak honi aurre egiteko.

  • Ene Freud, ez nago batere konforme esaten duzunarekin.
    Oinarriko mugimendu hori ezker muturreko militanteek eramaten dute eta ikusi dugu nora eraman duen Kataluniako herria eta Kataluniako erakundeak: amildegira. Probokazio politika honek herria zatitu eta izorratu egin du. Zuk herria deitzen duzun hori parte bat da, ez herri osoa.
    Unilateraltasunak ezerezera eta estatuaren interbentzio gaiztora eraman du. Ez dira pausoak aurrera eman, atzera baizik. Hori da emaitza. Ez guretzat eta ez gure izenean.

  • Herri batzuk haien lehen arazo soziala arazo nazionala dela konturatzen dira. Horregatik Urriaren 01an Katalunyan gizarteko extrakto guziak atera ziren lurraldearen kontolpea hartzeko. Jubilatuek, ikasleek, langabeziek, enpresarioek, langileek, bonberoek, mossoek eta aipazek lurralde ingobernableak bihurtu zituzten inperialismoarentzat.
    Handik han zerbait ikasi dute, inperialismoari egin nahi ez duenarik inposatu dezakete..

  • ganbaratxotik 2019-01-22 20:16

    Lehenengo Kupoaren negoziaketa, AHTko lanetarako konpromezua gero, pendiente dauden transferentziak negoziatzeko edutegia gaur. Kataluniarrak alferrik dabiltzala? Hori ez dela bidea? Amildegian? Ezagun da zein ari den probetxu gehien ateratzen haien lan eta borrokatik. Euskadi, Auzolana, “bien comun”? Ez jauna, hori AUZO-LANA da (auzoaren bizkarretik bizitzea).
    EAJ kataluniako abertzaleen lanarekin etekinak ateratzen. Estatuaren jokoan erortzen. Kataluniako abertzaleen artean zatiketa sustatzen autonomismoa indartuz. Horixe baita PSOE-PPren nahia EAJren eskakizunen aurrean ustez amore ematen duenean.
    Jakina, miraria gertatu eta subirautzarako aukera-zirrikitua suertatzen bada Kataluniako herritarren ekinaren ondorioz, orduan ere EAJk uko egingo kataluniako bideari dio ezta? Baita zera ere, beroiek izango dira lehenengoak jartzen ilaran, aurrerapen demokratikook geuretzat ere eskatzeko.
    Lotsagarria.
    Eta iruzkin honi emango zaion erantzuna aurrikusten dudanez : Kataluniarrek zer egin dute ba euskaldunak oldartu geranean, Ibarretxe planarekin besteak beste? Gauza bera.
    Ba hori ere Lotsagarria.

  • Urriaren 1tik 3raino inperialismoa K.O teknikoan zegoen, lurraldearen kontrolpea galduta eta bere indar okupatzaileen zati bat Katalunyatik Aragoira ateratzeko behartuak.
    Puigdemontek Urriaren 10an berribizitza eman zien zapaltzailei eta azken hauei, handik aurrera, irabazleak bihurtu.
    Hala ere ikusi duguna da Estatu fiktizio horrek, Espaina duen izena, orduak kontatuak dituela.
    Frantziar Estatua bide berdinatik doa non aurrez aurre topo egingo duten nazio Estatuak izan direnarekin.
    topo egingo duten.

  • Egun bateko ekitaldiak, non eta gainera ez herri osoa baizik eta parte soil batek hartu zuen parte, ez du estatuaren interbentzio gaiztoa besterik ekarri, autonomiaren desagerketa eta hauteskundeen konbokatoria estatuaren aldetik, hartara bertaratu zirela alderdi guztiak, portzierto. Farfailla guzti hori hutsalkeri hondamendian bukatu zen azkenean estatuak jotako txilibitora dantza behar izateko, gainera.
    Ene Ganbaratxo, katalanek nahiko lukete guk dugun hori eta ez dute lortuko. Hori da arazoa. Eta arazoa da ezker muturreko batzuk abertzaletasunaren banderatxoa astinduz nahi dutela guztiok lur jo dezagun frustrazio etengabe batean bizi gaitezen. Hori izan da gure herriaren historia azken hamarkadetan eta Jainkoari eskerrak horrek eten du, nahiz eta zu bezalako nostalgikoek liskarra eta gatazka aldarrikatu.
    Miraririk ez da gertatuko, Espainian españolzaleak datoz beren muturreko eskariarekin beste muturra potoltzera. Aurrerapen demokratikoak? Mesedez ez pitokeririk esan. PPk eta Voxek kriston aurrerapen demokratikoak emango dizkigu.
    Oldartzea pikutara joateko irtenbiderik onena arazoak odolusten nahi dituztenentzat.

  • ganbaratxotik 2019-01-23 12:41

    Bai baina oldartzen direnek lortzen dituzten aurrerapenekin goxo bizi (AHT, Kupoa, …) eskuak zikindu gabe. Zikindu ditzatela besteak. Lotsagarrikeria eta zure terminologian; nazkagarrikeria. Nire hitzetan: bizkarroikeria.
    EAJ ez zaie beraz VOX, Cs eta PPri oldartuko? Kiebran dagoen Madril-ek Kataluniari bezela EAEri iturria isten dionean EAJ ixil ixilik amore emango du beraz? Herrian kloroformoa banatzen jarraituko du? Horixe ezetz. LOAPAri oldartu zitzaion bezela jarki egingo da. Beharko. Eta orduan aberria aipatuko du. Ikurrinaz gogoratuko da, euskeraz,…Eta ezker abertzaleko inozook bat egingo dugu, aurreko denak ahaztuta, demokrazian aurrera egingo dugunaren konfiantzan, herritarren ongizatean aurrera egingo dela sinistuta. Berandutxo ez ote da izango Bentazar maitea? Espero dut ezetz.
    EAJ Gipuzkoan Bildu-ren foru-agintaldiaren aurka OLDARTU zen erdia oldartuko izan balitz autonomismoaren aurka eta subirautzaren alde jeltzale jator askok nahiko luketen bezela…..
    Zorionez ebitaezina da. Freud-ek dioen bezela Espainia krisi oso larrian dago. Denbora kontua baino ez da. EAJri eta besteoi ere beharra etorriko zaigu laguntzera.

  • Sustraietatik kantu bat bota dezagun: Ez dugula nahi gure lurraldeetan indar okupatzaileik, joan daitezkela bere bitarteko guztiekin, gure amalurratik kanpo ikusi nahi diegu.
    Benetazko opozizio demokratiko eta amertzalea gutxiengo exijentzia honek planteatu behar du eta bere herriari esan hau gabe ez dagoela demokraziarik ez ta eskubiderik.
    Horretaz gain Nabar Estatuaren jarraipena helburu estrategikoki moduan dei egitea herrria abian jartzeko helburuarekin.

  • Gogoan dut Oldartzen ponentzia eta berak zerion filosofia paregabea eta eman zuen ordaina, “sufrimentuaren sozializazio” zoragarri hori. Oldartu hitzak badu gure herrian, beraz, esanahi oso konkreturik, gure kaleak enkaputxatuz eta suzko barrikadez apaintzea. Joan ziren modu horien garai puntakoenak eta herria nazkaturik dago horietaz.
    Nik esaten ez dudana aipatzen duzu eta horren ondorioz zure purrustadatxoa botatzen didazu. Bejoindeizula, gezurretan ibili beharra zure argudioak gauzatzeko, hori gauza txit tristea da eta adierazgarria. Ezker abertzalekoak joan daitezela bere bidetik, hori da nire gogoa, eta bere inozo koadrilla mobilizatu ditzatela alperrik, beti bezala, etengabeko manifestazioek ez baidute ETAko presoen egoera zipitzik ere aldatu.
    Eta gainera ahoa berotu behar duzu abertzale itxurazko hitzez kanpoko etsaiak aipatuz. Ez, Ganbaratxo, kanpoeder etxekalteetaz oso nekaturik dago euskal herritarra. Segi, segi, apokalipsietan amesten, desastreak baitira zuen esperantzak.

  • ganbaratxotik 2019-01-23 20:03

    Adorez 500 hiztegia:

    Oldartu: 1. amildu, jausi, malkotu; Antonimoa: zutitu
    2. eraso,etsi,jauki,,jezarri,akometatu,jarki; Antonimoa: ihes egin, atzera egin.

    Nik gezurrik ez, zuk ere ez. Nik nere egiak eta zuk zureak.
    Bide berean topo egingo dugu zuk uste baino lehen. Espero dezagun beranduegi ez izatea.

  • Ez dutenek argi eta garbi planteatzen indar okupatzaileen gure lurreldadetik irteera eta zentsu hortan neurri politikoak ez dituztenik martxa jartzen, inperialismoaren konplize eta kolaboratzaile hutsak jarraituko dira izaten.
    Dakigunez, gure herrian ez dago ez ta partido politikorik, sindikaturik edo gizarteko mugimendurik hori exijitzen duenik eta tresnak jartzen dituztenik okupazio egoera honekin bukatzeko. Zain gaude.
    Edo ez hain zain…

  • Ene Freud, betiko leloa, edota nirekin eta nire planteamentuekin zaude, edota bestela etsaiarekin lerratzen zara eta Isabel la Catolicaren konplizea zara… Horrelako dikotomiak jartzea pentsatzeko modu perbertsoa da eta ezker abertzaleak erabili du erabat abertzalea eta euskaltzalea den jendea seinalatzeko salatariki…

  • Zain gaude…