Kantu afariko begiluzeak gara

Kantu afariko begiluzeak gara –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Kantu afariko begiluzeak garaZapatu gaua da. Gau pandemikoa, etxeratze agindua daukana autonomia erkidegoan. Gainera, elur promesa dabil airean, Filomena ekaitzak gogor jotzen diharduelako. Agian elurrik ez du lagako, baina hotz itzela egiten du, azken egunotan bezala. Sofan, mantaz tapatuta eta telebistari begira egoteko gaugiroa. Egongelan baino goxoago, non?

Plataforma digitalik ez daukagunok telebista konbentzionala ikusten dugu. Egia esatera, euskara entzuteko modu bakarra ere bada. Gaurkoan, kate jeneralista guztiek Telemadrid dirudite, hango irudi eta arazoak baino ez dituzte ematen eta. Beti izan dira nahiko Telemadrid kanal horiek, baina oraingoan akabua da. ETBko informatiboek ere hori dirudite: Espainiako hiriburuko telebista autonomikoaren sukurtsala.

Mantapeko bunkerretik pantailara begira, zapping azkarra egiten gabiltza, baina dena etsigarria da, Filomena-ren gaineko saio bereziak baino ez daudelako. Bitartean, hemen, Debabarrenean, malutarik ere ez da ikusten. Arratsaldean egin du gurean, Bidea Gara mobilizazioa izan denean, zuritu ez duen arren. Goizaldean, beharbada, etorriko zaigu elurra? Hori da zaleon esperantza bakarra.

Telebisten panorama negargarri horretan, erpuruak ETB1eko botoia sakatu du. Errutina automatiko baten ondorioz iritsi gara euskarazko kate publiko bakarrera.

Aurretiko itxura negargarria izatetik tamalgarria izatera pasatu da, mingarria ez esateagatik. Euskal Telebistako lehenengo kanalean kantu afari bat ematen dihardute. Kantu afari bat!

Kontu erridikuluagorik ez dut inoiz ikusi: kantu afari bat grabatu eta eman. Afari horiek ez dira ikusteko, bertara joan, afaldu eta kantatzeko diseinatuta daude. Horrela disfrutatzen dira, ez etxetik ikusita, kuxkuxeroen antzera, zulotik begira espiatzen, gonbidatu ez bagintuzte lez. Ez da parte onekoa, horratik.

Seguru nago baten batek aurpegiratuko didala kategoriako kantariak zeudela. Konforme. Pantxoa Ospital, Pantxoa eta Peio bikotekoa (bai, ikasi dut desberdintzen, baxuena da), eta Aire ahizpak (gutxienez bi, osorik ikusi barik, ez dakit hirurak ote zeuden). Abeslari bikainak, bai. Baina, entzun nahi izanez gero, kontzertuan entzun nahi ditut, ederki disfrutatzeko, ez beste herritar batzuen artean afalostean.

Ikusi nuen zatian, etengabe fokatzen zuten Ospital, baina Aire ahizpak, ia ez. Egia esatera, kostatu zitzaidan jakitea Aire ahizpak zeudela bertan. Tira, emakumeak presente zirela ahotsagatik jakin nuen, ia ez zirelako irudietan agertu, morroskoak azaltzen zirelako pantailan. 7-8 andre ziren, denak elkarrekin. Eta Leteren sehaska kanta (Amaren bularra) kantatu zutenean, laga zieten ohorea, andrazkoen bozak izan ziren bakarrak. Ufa! Bakoitzak bere lekuan behar du. Esan zidaten emaztekiek zabaldu zutela emankizuna, eurak bakarrik kantuan sartu zirelako. Hori ez nuen ikusi.

Prime time-an kantu afari bat, inongo herri telebistak emango ez lukeena. Diru gehien duen euskal katea euskaldunoi gutxi irizten. Betegarri lanak egiten ikusleak aintzat ez hartzen. Nahita egiten dute, tontotzat gauzkate, edo berdin zaie? Ez dakit aukera guztien artean zein den okerrena.

Jon Maiak (bertsolariak, ez dantzariak) Kantu bat gara aldarrikatu zuen. ETB1eko programatzaileengatik kantu afari bateko begiluzeak garela esan beharko dugu. Tristea, oso tristea!

Kantu afariko begiluzeak gara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Kantu afariko begiluzeak gara”-ri buruz

  • Graziana Goienetxe 2021-01-21 12:06

    A berrr… euskal kazetari-blogera-artikulista txatxiguaia naiz baina ideiak agortzen zaizkit. Zertaz idatziko dut? A bai! Ze aspergarria den ETB-ren programazioa! Bai, badakit gaia oso jorratuta dagoela (eta gainera ez du ezertarko balioko, bere agintariek aspaldi erabaki baitute medio horren heriotza, edo zombifikazioa behinik-behin) baina nik nire puntutxo gehituko diot: aspergarria izateaz gain, patriarkala da: Pantxoa eta Peio Aire aizpak baino gehiagotan enfokatu zituzten. Zer axola dio bikotea gure herriko instituzioa eta bere historiaren partea badira? Gizasemeak dira eta hori ez dago barkatzerik eta horrela nire estatusa mantenduko dut euskal mundu txiki eta mixerablean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude