Kantineren altxor preziatua

Kantineren altxor preziatua

Bitxia da nola funtzionatzen duen oroimenak.

Donostiarra naiz eta 41 urte ditut. Hainbat urtez kanpoan izan eta gero, Donostialdean bizi naiz gaur egun berriro ere. Kalkulua oker egin ez badut, nire bizitzan sei aldiz parte hartu dut Donostiako danborradan. Haur danborradan, guztietan. Gaztaroak jaioterritik kanpo harrapatu ninduen, eta ordutik hona oraingoz ez dut lortu (saiakerarik ere ez dut egin, egia esan), helduen danborrada bateko kide izaten. Lehen Hezkuntzako (garai hartan, OHO) 1. mailatik 6.era bitartean atera nintzen Donostiako haur danborradan. 1. eta 2. mailan, kantinera gisa; 3.etik aurrera, barrila jotzen.

Azken egunotan, ezin jakin oso ondo zergatik —inguruan gure umeen lagunek haur danborradan parte hartu behar zutela-eta beste guraso batzuekin arropaz, prestaketez, ordutegiez, autobusez hizketan aritu naizelako, igual?—, azken egun hauetan, esaten nuenez, garai haietako oroitzapenak erabili ditut buruan bueltaka, aspaldiko partez. Eta gogamenean nonbait ezkutuan gordea nuen irudi bat berpiztu zait.

Kantineren altxor preziatua

Donostiarrak zaretenok jakingo duzue, eta ez zaretenok beharbada ez, kantinerek besotik zintzilik daramaten zumezko saskitxo horretan gailetak eta bestelako gozoak izaten dituztela gordeak; egiazko kantinerak, soldaduentzako jan-edanak zeramatzatenak, imitatu nahian, imajinatzen dut. Kontua da danborradaren ibilbidearen amaiera hurbil zenean, hura dena desmadratzen hasten zela. Eta desmadre horren barruan bazen jokamolde bat urte luzez ahaztua izan dudana. Hotzak eta nekeak eta goseak jotako danborrariek kantinerak xaxatu, eta haien saskitxoetatik gozokiak hartzen saiatzen ziren. Ez dut esango bortxazko ekintzarik gogoratzen dudanik (ez tirakadarik, edo bultzarik, ezta kolperik ere), baina bai behintzat herstura eta larritasun sentipen handi samarra. Ibilbidea amaitu eta ilarak hausten zirenean, danborrariek kantinerak inguratu eta gaur egun argi eta garbi jazarpentzat joko genukeen portaera batez saskitxoetako gozoak bereganatzen saiatzen ziren. Guk ere, kantinerok, ondo ikasia genuen gure rola, eta duintasun osoz saiatzen ginen gure altxorra zaintzen. Jolas halako bat zen, ez dadila inor eskandalizatu. Baina haserre plantak izaten hasten zirenak egiazko haserrealdiak bihurtzen zitzaizkidan niri; eta amorru eta ezintasun plantak, egiazko amorru eta ezintasun. Ez dakit gure eskolako ohitura bakarrik ote zen hura, edo are gure kintoen garaian bakarrik modan jarritako jokabide bat, edo, aitzitik, fenomeno orokorra zen.

Edonola ere, zer dela eta jokabide hori? Bistan da, esango du baten batek: danborrari horiek hotzak eta nekeak eta goseak jota zeudelako, asetu nahian ari ziren. Ados. Eta autokontrola, zer? Umeak dira, zer autokontrol, baina? Bale. Kontua da haur horiek errealitate historiko bat iturri duen tradizio bat ari zirela errepikatzen. Tradizio horretan, rol-banaketa argia zen: soldaduak (gizonak), oldartu; kantinerak (neskak), zaintzen eta babesten saiatu. Eta haur horiek rol-banaketa hori bereganatzen eta iraunarazten ari ziren, oharkabean baina ezinbestean. Argitu nahi nuke, badaezpada, ez dudala gogoan hurrengo lau urteetan ni neu (kantinera ez baizik eta barrila jotzen atera nintzenean) inori gozokirik lapurtzen saiatu nintzenik. Edo nire oroimen selektiboaren autodefentsa-mekanismo bat da, edo neskok ez genuen horrelako jokaerarik agertzen danborrari-rola hartzen genuenean.

Azken egun hauetan oroitzapen hauek berrazaleratu zaizkidanean, emakume helduaren betaurrekoekin begiratu diedalarik, harritu egin naiz, eta gogoetarako bide eman dit oroitzapenak. Harritu nau ikusteak zein txikitatik genituen barneratuak rol-banaketak eta genero bakoitzetik espero izatekoak diren portaerak. Sei-zazpi urte besterik ez genuen, eta hala ere zeinen ondo genekien soldadua (subjektu aktibo, indartsu, ekimenez betea) oldartu egin behar zela altxorraren bila, eta kantinerak (subjektu pasibo, ahul, duintasun zaurgarriz betea) ez ziola utzi behar eta altxor preziatua zaintzen saiatu behar zuela. Nola da posible hain azkar eta hain goiz geure eginak izatea portaera horiek, egiazko soldaduen eta egiazko kantineren arteko harremana hain ondo irudikatzera eramaten gintuztenak?

Ez dakit nola dauden gauzak 2017. urte honetan. Atzo ez nintzen haurren danborrada ikustera joan. Poztuko nintzateke iraganeko kontua balitz. Eta hala ez bada, esperantza dut izango direla irakasle, begirale eta gurasoen artean jokabide horretan seinale bat hautematen dutenak, eta jakingo dutela egoera aprobetxatzen ikasgeletan gogoeta eragiteko.

Kantineren altxor preziatua Kantineren altxor preziatua Kantineren altxor preziatua