Kantatzeari uzteaz, Xabier Amurizak

Kantatzeari uzteaz, Xabier Amurizak

Bat-bateko bertsogintza utziko duela iragarri eta derrepente, Durangaldeko Anboto agerkariak Unai Iturriagarekin elkartu du Xabier Amuriza. Etxanoztarrak erabaki horren eta bere ibilbidearen inguruko galderak erantzun dizkio lagun durangarrari.

Kantatzeari uzteaz, Xabier Amurizak

Salabardoak elkarrizketaren lagin bat dakar azpira:

.

Zergatik utzi kantatzeari?
Batetik, 75 urtegaz adinaren karga ere nabaria delako. Eta, epe bat ipintzekotan, hauxe jo dudalako egokitzat. Uste dut intelektualki oraindik urte onak eduki ditzakedala, eta horiek aprobetxatu gura ditut esklusiboki nire intereseko gauzetarako. Literatur sorkuntzan zentratu gura dut nire burua, eta ez dut beste ardurarik nahi. Nik bertsolaritzan egin nezakeena eginda dago.

Sei urtegaz, Autzaganeko tabernako barra gainetik kantatu zenuenean ohartu zinen bertsoen magiagaz?
Ez pentsa. Gero, makina bat berba egin dut, baina ume isil, beldurti eta bakartia nintzen, eta jendeak kantatzeko eskatzea sufrimendua zen niretzat. 11 urtegaz fraileetara eraman nindutenean, “han behintzat inork ez dit bertsorik eskatuko” izan zen nire kontsolamendu bakarra… Bertsoarekiko nire benetako lotura seminarioan gertatu zen, 16 urte nituela: errezoan genbiltzala plantak egin, eta bertsoak kantatzen ibiltzen ginen. Gero, 20 urtegaz, Abel Muniategigaz hasi zen nire benetako bertso eskola. Eta 50 urte baino gehiago eman ditut horretan.

Jendeak zelan hartu zuen abade bertsolaria?
Frankismo gordinean bizi ginen, eta abadea sotana eta guzti bertsotan ikusita marmarka ibili ziren asko, baina guk astindua eman gura genuen. Abadeen artean mugimendu nahiko indartsua zegoen, eta hartara batu ginen. Gogoan dut, geroago, neskak bertsotan hasi zirenean, sarritan gogoratzen nuela gure sasoi hura. Gazteei esaten nien lasai hartzeko, laster ohituko zela jendea. Abade bat bertsotan ikustea batzuek ez zuten erraz onartu, baina ekin genion, eta denboragaz lortu genuen jendearen onarpena.

Euskara batua plazara eramateak batzuen erresistentzia ere eragin zuen, ezta?
Bai, liburuko bertsolaria nintzela esaten zidaten, mespretxuz. Baina, egia dena da, bertsotan hasi nintzenerako ezaguna nintzela, eta politikoki definizio bat nekarrela. Polemikoa nintzen: abadea, preso egondakoa… Nire ideia errebeldeekin bat egiten ez zuen sektore handi batek ez zuen txapela nik irabazterik nahi. Hizkuntzari, politikari eta gizarteari loturiko ideia berriak ekarri genituen, eta erresistentzia handiak egon ziren. Pentsatzen ez nuena izan zen, txapela irabazi eta gero ere borroka horretan jarraitu beharko nuela. Horrek apur bat desmoralizatu egin ninduen bere momentuan, euskaltzaleak eta bertsozaleak zirelako kontra genituenetariko asko, eta jende horren aurrean kantatu behar nuelako… Bestalde, txapela bizkaitar batek irabaztea ez zen bizkaitarren buruan ere sartzen.

Bertsolaritzaren bidaiaren lekukoa izan zara. Zer bide egin duela ikusten duzu?
Esango nuke lehen konpaktuagoa zela bertsolaritza. Orain, aniztasun itzela dago. Gure sasoian, bertsolaritza, edo gaiak ipinita, edo librean jardutea zen. Gaur egun, bertsolaritzari alde guztietatik tiratzen zaio: edonon kantatu dezakegunez, bertsolariak edozeri lagundu diezaioke. Batzuetan, bertsolaria eramana aurkitzen dela sumatzen dut.

Zer irudi daukazu Amuriza bertsolariarena?

Galdera honen erantzuna eta elkarrizketa osoa IRAKURRI HEMEN

————————————————

.

 

* ZUZEU orainkarirako, Iñaki Larrañagak 2012ko azaroaren 12an elkarrizketatu zuen Xabier Amuriza:

Xabier Amuriza: “Garaia da hiztegiei eta Euskaltzaindiari esateko, ‘aizue, zertan ari gara’?”

Kantatzeari uzteaz, Xabier Amurizak / Kantatzeari uzteaz, Xabier Amurizak

Anboto, bertsoa, bertsolaritza, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude