Kanpora

“Nire inguruan gazteei, espainiar gazteria osoari bezala, xaxaka ari zaizkio alde egin dezaten, Alemaniara, Ameriketara, Txinara, noranahi, balia ezazu zure titulua, izan zaitez injeniari zoriontsu Munichen, dekoratzaile arrakastatsua Shangain, pelukera preziatua Sao Paulon. Zoaz, ez izan baboa, Espainiak hori behar du eta guk ere bai antza, ez jarri auzitan hemen egun batetik bestera antolatu duten putetxea, zure irakasle eta orientatzaileek oker aholkatu zintuztela, agintariek erabili zaituztela, gurasook burbuilaz mozkortuta jokatu dugula, enpresa handiek engainatu egin zaituztela. Ez oldartu. Ez hasi antolatzen zure bizibidea.”

Hala zioen Pello Zubiriak  duela aste batzuk Argiako blogean argitaratutako ‘Herrian lana, herrian bizi’ artikuluan. Arrazoirik ez zaio falta. Telebistan, gurasoenean edota unibertsitatean bakarrik ez, gazteon artean ere ohikoak dira halako mezu eta galderak: “prest zeundeke beste herrialde batzuetan lan egiteko? “. Erantzuna oro har, baiezko irmoa da.  Bestela, hasperen batez jantzitako “zer erremedio?” bat. Gehientsuenek hala ere, gerora “etxera” itzultzeko asmo iraultzailea adierazten dugu, harro.

Bidaiazalea naiz eta zorionez banaiz beste hainbat herrialdetan egonaldiak egina. Donostia utzi nuen unibertsitatean hastean Bilbora joateko eta orain Bartzelonan jarraitzen ditut ikasketak.  Ez dut beraz nire burua etxezulotzat, eta ez da beste inguru batera moldatzeko beldurra honakoa esatera naramana: ez dut nire bizitza beste herrialde batean eraiki nahi eta gose jasanezinik sufritu ezean, ez dut hala egingo.

Izan ere,  Euskal Herrian lortzerik izango ez dugun kapital eta arrakastaren bila lur emankorragoetara jotzea egungo krisia (soziala zein ekonomikoa) sortu duen sistemaren balioei eustea litzateke. Hots, gurasoen, bankuen edota politikarien akatsak errepikatzea, ondorioak ezagutzen ez dituenaren aitzakiarik gabe. Anbizio asezina, etengabeko garapena, nahitaezko arrakasta, kontsumismoa…

Ez hori bakarrik, alde egitea “etxeko” ankerkeria eta injustizien jarraipena ahalbidetzea ere bada. Nork irauliko du kanpora joanarazten gaituen sistema? Nork egingo die kontra gustuko ez ditugun inposizioei? Nork eraikiko du etorkizunean nahi dugun gizartea? Zeregin hori guraso eta aiton-amonei uzten badiegu, jai dugu. Ekintzaile edo enprendore direnen kasuan, are eta argiago. Ziur badituztela ideia interesgarriak ingurua hobe bihurtzen lagun dezaketenak.

Nik komunikazioa dut afizio eta ofizio bihurtzeko ere (saiatzeko bederen) huraxe hautatu dudanez, ez dut ziur asko Alemania edo Txilen hogei urterako kontratuak sinatzeko tentaldirik izango. Aukera suertatuko balitzait ere, ez nuke orainarteko bizimodua luzatzeko moduak bilatzeko alde egin eta utzitako lurretan ezer gertatuko ez balitz bezala jokatuko. Poltsiko hutsarekin hala behar badu, baina sortzen ikusi nauen inguruaren bilakaeraren partaide eta erantzule izan nahi dut, onerako edo txarrerako.

NIRE KONTRA ESANAK