Kanpaina bukatu da (III): auskalo norako kamioia

Kanpaina bukatu da (III): auskalo norako kamioia –

Kanpaina bukatu da (III): auskalo norako kamioia

Kanpainako bukaera honetan, gaur egunik txarrena, inondik ere. Gaur traidore sentitu naiz berriz ere, eta ez dakit zer egin traizioaren harra hiltzeko. Gaur, koldarkeria, berriz ere, apopilo dut nire baitan. Ihes egin nahiko nuke inbasio honetatik, eta topatu dudan leiho bakarra, hauxe: ordenagailuko pantaila.

Gaur hamabost ardi, hamabost, traizionatu egin ditut. Zaharrak gehienak –zortzi bat urtekoak–, euren bizitza osoa etxean emandakoak: etxean jaio, etxean hazi, etxean erditu, etxean arkumeak hazi, etxean esnea eman. Eta etxean neuk traizionatu.

Etxean egingo ez duten gauza bakarra: hil.

Kamioia hutsik etorri da, eta 15 ardi zeramatzala joan egin da, orain dela hamar bat minutu –19:30ean–. Nora eramango ditu, baina? Orain dela bi urte lodi zeuden ardi zaharrak Parisen jaten zituzten, orain, antza, Parisen assafak nahiago dituzte, gurintsuagoak omen –agian glamour kontua?–.

Beharbada, Haroko hiltegian hilko dituzte, edota Soriakoan… Baina ia ziur herrialde arabiarren batean bukatuko dutela. Hemen, lehen ez bezala, oso jende gutxik baloratzen baitu ardi zaharraren haragia.

Eta nola aukeratu traizionatuak? Irizpideak, gehienbat, hauek dira: adina, titi-bakarra izatea –kanpainan zehar errapeko minez egonik, errape batek esnea emateari utzi egin diolako– eta esne-lehorra izatea –esne gutxi ematea, alegia–.

Zenbat urtez bizi daiteke ardi bat? Zenbateko egurra ematen diozun: esne litro produkzioari begirako maneiua –ukuiluan denbora larregi pasatu, proteina asko jan, jasandako tratamenduak…–, edoskitze garai oso luzeak eta jarraian beste erditze bat… Ideia bat egiteko, etxe batzuetan ardiek irauten dute laupabost urtez.

Errapeko mina izaten da gure buruhausteetako bat. Izan ere, zer nolako errape mina den, ardia hil egin daiteke. Aurten bi ardi hil zaizkigu –hil ditugu– errapeko minez jota zirela –eta zuek ezagutzen zenituzten: Simetriko eta Laguna–. Gaur halako bi utzi ditugu auskalo nora joan gabe; izan ere, biak oso esnetsuak eta erditze errazekoak dira –urruxez erditzeko diren esperantzarekin, aurrerako uzteko– eta horietako bat titi-bakarra izan arren, esne asko ematen du.

Nola jakin ardi batek esne asko ala gutxi ematen duen? Gipuzkoako Ardi Latxen elkarteko bazkideak gara, eta hilean behin esne-kontrolatzailea etortzen da neurtzera ardi bakoitzak zenbat esne ematen duen. Datu horiekin bataz bestekoak ateratzen dituzte, eta programa horietako batek, kalkulu batzuk tarteko, erabakitzen du ardi bakoitzak zer balio genetikoa duen –beti ere esne litro kopuruari begira, ez ditu aintzat hartzen bestelako ezaugarriak: erditze errazekoak izatea, errapearen forma, ama ona den…–

Kanpaina bukatu da (III): auskalo norako kamioia
Aurtengo txostenaren zatitxo bat

Puntu honetan esan behar dut, ardiaren bizitzan esne-ekoizpenean –noiz erditu den, gaixo egon den, eguraldia nolakoa izan den, zer jan duen…– gorabeherak izan daitezkeela, eta horregatik egiten da atzerako begirada bat, ikusteko aurreko kanpainetan zenbat litro eman dituen ardi bakoitzak. Ardien kanpaina guztiak hartzen dira kontuan, baita noren alabak diren ere!

Husten ari naiz. Traizioaren harra gero eta txikiagoa da, ardi horiek eta nire artean dagoen distantzia handitzen den neurri berean ari da indarra galtzen xomorroa. Apopiloa, ordea, gero eta erosoago mugitzen da nire barruan; nahiz eta errudun sentimendua azaldu zaion pisukide.

Koldarkeriak oihukatu egin dit, gupidarik gabe, ez dela posible, ez dudala tokirik ardi zaharrak pilatzeko batek daki zenbat denboratan: zaharrak gazteari utzi behar diola tokia. Bere deiadarrek ez didate pentsatzen utzi nola egin nezakeen ardi zaharrek tokia izateko, eta azkenekoz auskalo nora doan kamioiari deitu egin diot.

Erruduntasunak xuabeago jokatzen du, baina maltzur. Bere xuxurlak, goxo, Isabelez hitz egiten dit, iaz arte artzain izandakoaz. Isabelek ardi zaharrak eta gaixoak, esnea ez eman arren, etxean zaintzen zituen eta etxean hiltzen ziren. Erruduntasunak badaki jokaera hori –eta Isabel bera– miresten dudala, nahiko nizkiekeela eskertu neure ardi horiei emandako guztia, eurekin bizitako guztia. Maltzur horrek badaki neure bihotzak modu bakarra ikusten duela ardioi eskerrak emateko –hil artean zaindu–, eta badaki koldarkeriaren txilioek sorgor utzi nautela.

Leiho honek arnas berria ekarri dit, eta horrekin batera malkoak azaldu zaizkit. Garbiketa lanetan hasi dira; ai, bi inbasore horien arrastoa desagerraraziko balute… Ez da erraza izango, ordea…

Kanpaina bukatu da (III): auskalo norako kamioia

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN