Kale gorrian hil, Bilbon

Kale gorrian hil, Bilbon –

Zabor artean. Horrela agertu zen 20 urteko gazte baten gorpua duela egun gutxi Zabalgarbiko erraustegian. Bizitza osoa aurretik zuen gazte bat, ia-ia nerabe bat, familia eta gertukoak urrun dituena, bere azken urteak herri arrotz batean pasa dituena; bakardadea, bazterkeria, arrazismoa eta indarkeria instituzionala pairatuz.

Kale gorrian hil, Bilbon

Batek daki zer eramaten duen pertsona bat zabor edukiontzi baten barruan gaua pasatzera, baina dakiguna da hainbat eragilek askotan ohartarazi dutena: instituzioen aldetik egiten diren etxerik gabeko pertsonen desalojoek ondorioak dituztela. Eta ondorio horietako bat kale gorrian lo egiten dutenen estigmatizazioa eta kriminalizazioa direla. Izan Atxuriko kantxetatik, Euskalduna zubitik edota La Salvetik, etxerik gabekoak horrelako lekuetatik botatzeak, ez du egoera konpontzen, pertsona hauek lekuz mugitu eta ikusezin bihurtu baizik, hain ikusezin, zabor artean amaitzeraino.

Eta duela hilabete gutxi gaztetxo honen ongizatearen arduraduna zena, alegia, Bizkaiko Aldundia, non dago? zer dio? ez al du bere erantzukizuna aitortuko? 18 urte bete ondoren tutoretzarik gabe geratzen diren gazteen egoerari buruz galdetzen zaion bakoitzean egiten duen bezala, isildu edo ez ikusiarena egiten jarraituko du? badirudi baietz, eta ez da lehen aldia.

2019ko azaroan hogei bat gaztek, -haietariko batzuk haien ardurapean egondakoak-, Euskalduna zubiaren azpian lo egin zutela zabaldu zenean, diputatuari galdetuta, administrazioak pribatutasun -eta konfidentzialtasun- printzipioekiko errespetu zorrotza izan behar duela erantzun zuen, eta amaitutzat jo zuen gaia, honakoan bezalaxe.

Baina honez gero argi dagoena da, 2018an Foru Aldundiak abian jarritako gazte estrategiak ekarri dituen aldaketak, tutelatuak izandako gazte etorkinei zuzendutako egoitza-sistema desegin dutela. Ondorioz, gazteek, nahiz eta Aldundiaren ardurapean egon, adin-nagusitasunera iritsitakoan, zailtasun handiak dituzte egoitza-baliabideak lortzeko, eta horietako askok babesik gabe amaitzen dute, kalean.

Edonola, gazte hau ez da aste honetan Bilbon hilik agertutako etxerik gabeko pertsona bakarra. Izan ere, Casilda parkean etxegabe baten gorpua agertu zen egun horretan bertan. 40 urteko gizon bat, urte luzez kalean izan dena. Bizitza gogor baten istorioa zen berea, eta Bilboko gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen bazuen ere, horrek ez du eragotzi heriotzak Bilboko banku batean aurkitu izana.

Bi istorio guztiz desberdinak, bi egoera eta ibilbide diferente, baina bi pertsona hauek zerbait zuten amankomunean: ez zuten non bizi. Eta heriotza hauek arazo larri baten izebergaren punta baino ez dira: Bizitoki-bazterketa larriarena alegia, Bilbon bereziki kezkagarria dena, non 700 etxerik gabeko pertsona bizi diren, horietatik 300 lagunetik gora, kale gorrian.

Erakundeak ez dira gai izaten ari bizitzeko etxerik ez duten pertsonak behar bezala artatzeko eta, horrexegatik, Bilboko Udalaren gainezkatzearen aurrean eta Bizkaiko Aldundiaren arduragabekeriaren aurrean, beste behin ere, erantzukizunak eta konpromiso zehatzak mahaigaineratzea eskatzea derrigorrezkoa da. Zentzu horretan, gogoratu behar da ‘Etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia’ berria onartzeke dagoela oraindik ere eta horrek aukera bat eskaini dezakela egoera honi modu irmo eta osoan aurre egiteko. Aurrekontu nahikoa eta ausardia politikoa beharrezkoa izango da administrazio publikoak zerbitzu egokiak garatu eta inor ez dadila kalean bizi. Bitartean, kaleak hil egiten duela salatzen jarraitu behar izango dugu.

.

Kale gorrian hil, Bilbon

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.

6 pentsamendu “Kale gorrian hil, Bilbon”-ri buruz

  • ageriko egiak 2022-05-12 20:28

    Nola arraio sartu daiteke tipo bat lo egitera zabor container batean? Ez du inolako zentzurik.

    Zentzua duena zuen partetik zera da: immigrantea bada biktima, errudunak gu gara, “gizartea”, “kapitalismoa”. Eta immigrantea dela goraipatu behar da, “gixajoa” dela azpimarratuz.

    Baina Bilbon bertan homosexualekin txortan egin, lapurtu eta hil dituen Kolonbiarra ere immigrantea da. Eta albiste hori ezkutatzen duzue, zer eta hiltzailea immigrantea delako.

    Eta Barakaldon epaiketan erruduntzat hartu duten emakume hiltzaile eta deskuartizatzailea, emakumea denez ez da ikusgai medio progreetan.

    Eta Igualadan neska bati izugarrizko jipoia eman eta bortxatu duen tipo Ekuatoriarra, immigrantea denez, albisteetan ezkutatua.

    Eta Madrilen Trinitario eta Dominicans Don’t Play arteko borrokan 18 urteko gazte bat labankadaz hil dutela ere ezkutatu behar da, hiltzaileak immigranteak direlako.

    Hauek denak aste honetan bertan agertutakoak. Zuen agenda nazkagarria da. Emakumeak eta immigranteak bost axola zaizkizue. Itxurakeria da, joku politikorako erabiltzen dituzue, instrumentalizatuz. Euskarak ere 5 axola dizue. Itxurakeria egiteko baino ez zaizue axola. Nahiago duzue immigrantez bete Euskal Herria, euskarak aurrera egin dezala baino.

    Bene-benetan axola dizuena diru-laguntzak zuen poltsikoan egotea da eta txiringitoak diruz ondo hornituak egotea, nondik eta instituzio publikoetatik dirua bideratuz. Lotsagarrixa.

  • Ageriko egiak: Erabili dituzun adibideak errebisatu beharko zenituzke.
    -Gay hiltzailea hasieratik jakin dugu kolonbiarra zela
    -Madrilgo latino banden aarteko liskarrak ere ezagunak dira.
    -beste adibideak ez ditut ezagutzen.

    Ez zaizu iruditzen gizarte arrazista/xenofobo/matxista batean bizi garela?

  • ageriko egiak 2022-05-12 22:04

    Informazio hori ezagutzen duzu, baina ez Berria, Argia edo Uriolak esan dutelako. Hor ezkutatzen da informazioa.
    Horietan ez dute Kolonbiarra dela esan.

    Horiengatik balitz, ez genuke jakingo desdeluego. Informazioa ematen dute egilearen jatorriaren arabera. Doktrina argia da: immigrantea gaizkilea bada, ezkutatu. Immigrantea biktima bada, nabarmendu.
    Ez du inolako zentzurik.

    Benetako gizarte arrazista/xenofobo/matxista herrialde musulmanetan dago. Meka hiria, adibidez, debekatuta dago musulmana ez den ororentzat.

  • Alpargatero 2022-05-13 08:22

    “beste adibideak ez ditut ezagutzen”: oso esanguratsua, horiek eta beste hainbat.
    “Ez zaizu iruditzen gizarte arrazista/xenofobo/matxista batean bizi garela?” Ez, ez dut uste kalifikatzaile horiek gure gizartea definitzen dutenik.

  • Ustezko euskararen aldeko posizio batetik, kanpotarrak soilik hegoamerikarrak dira. Ageriko egiak-entzat, Bilboko ustezko hiltzailea espainiarra balitz, arazorik ez. Musulmanak eta hegoamerikarrak dira arazo euskararentzat. Xenofobia, baina Espainiako marko mentalean. Horregatik horren kezkatua Igualada eta Madrileko aferekin, eta ez Lapurdikoekin.
    Noraino dugun asumitua kolonizazioa.

  • ageriko egiak 2022-05-14 18:09

    Medioen jokaera hori ez duzu euskal/espainiar ikuspegitik aztertu behar. Medio progre gehienek berdin egiten dute, Europa osoan. Hori bai, euskal medio progreek are gehiago egiten dute, mundu are irrealago islatuz. Sinesgarritasuna kentzen die jarrera horrek.
    Eta, kaltegarria da, izan ere medio horien irakurleek beste medioetara jo behar izaten dute informazio gehiago (zentsurarik gabekoa) nahi badute.