Kabestru togadunak buruzagi?

Kabestru togadunak buruzagi? –

Duela egun gutxi Bilbon ikusi eta entzundakoak bihotza dardarka jarri zidan, hori egia da, baina horrelako erakustaldi eder bat, gai ote da lekuz kanpo dagoen jarrera politikoa neutralizatzeko? Noiz arte agintzen jarraituko dute togaz janzten diren kabestru espainiarrak? Etxerako bidea pozik bai, baina kopeta ilun.

Kabestru togadunak buruzagi?
Arg: 47ak Herrian

Astakeriak ez du etenik, historia berak irakasten digu, denborak gauza eta kontzeptu asko aldarazten dituela, eta ez hemen bakarrik, baina hemen ere bai. Ez dugu urrun begiratu behar ikusteko ez dela berdin atzo eta gaur. Ukaezina baita, atzo elkartu egiten gintuenak, gaur banatu egiten gaituela.

Zoritxarrez ez dira banakako adibideak, egutegiak aspaldidanik diote, errepresioari aurre egin nahian, ekintzen bat antolatu orduko, jakina dela ez direla denak egongo.

Egongo direnak, faltako direnak, biolentzia hau kondenatzen dutenak, beste biolentzia hura bakarrik kondenatzen dutenak… Ez dira berriak mugak, alderdiak eta alderdikeriak, denak ezagunak bakarrik ez, gizartean ongi txertatuak ere bai. Ez dago giza eskubiderik, ez dago ezer, erakunde politikoak eta beraien interesak besterik.

Euskal Herria bi komunitatetan erdibitu dute, eta horrek, -praxian eta zoritxarrez-  bata bestearen etsai izatea lortu du. Gaurko indar politiko estatalistak, ehunka preso abertzale mantentzen dituzte “oraindik”  espainiar eta frantziar espetxeetan, Francok  lehenik eta  antzeko helburu berberak garatzen dituzten oinordekoek geroztik.

Nahiz P.P edo PSOEren siglaren baitan bizi, gaur egungo nazionalista espainiar moderno hauek, bere esku dauden instituzio eta ahalbide guztiak “jo eta su” abian dituzte, helburua “normaltasunez” mozorrotu badute ere. Baina beraien hitzetik ekintzetara tarte ederra dagoenez, zer ote da “normaltasun” hori? Ba begira, harrigarria bada ere, hau: Hamarkada luzez, Euskal Herrira etorritako emigrazio espainiarra, hemen bertan integratu beharrean, – hartzaile den lurraldean, alegia – gu, euskaldun autoktonoak, emigranteen jatorrizko lurraldean integratu beharra. Espainiar izatea behartuz, hori da, eta ez besterik, inposatu nahi duten “normaltasun” demokratikoa. Bada zerbait.

Normaltasun horren emaitzaz, gero eta gutxiago ikusten da, bien etsai, edo helburu komunen bat inon dagoenik. Geroz eta gehiago, ordea, errukirik gabe bata bestearekin aurrez aurre duen eguneroko gerra garatzen da, elkarrenganako gorrotoa elikatuz.

Betidanik jakin dugu, egitasmo politiko desberdinak zeudela, baina oinarri batzuk bazauden guztiontzat: Euskal Herria, askatasuna, giza eskubideak. Komuntasun gutxieneko bat bermatzen ziguten zerbait zehatzak. Baina orain? Orain Euskal Herriaren kontzeptu komunik ez dago eta ezin esan daiteke, giza eskubideen defentsak berak, oinarri komun bat duenik.

Nola arrazoitu horrelako jauzi ideologikoak? Nire ustez ez dago erantzun luzearen beharrik: Boterearen egarriz.

Nahiz oso “espirituala” dirudi, ideologiak eta sistemak ez dira boterearen zientziak baino. Sistema ideologiko bati besteak bezala darraio historian, ordenu batek besteari, botere batek besteari. Beraz, hain espirituala ez den Polizia, botere horren zapalkuntza sistemaren silogismoa besterik ez da.

Ideologiak, denak herriaz eta herriaren izenean sortzen dira, herriaren gogoa artikulatuz (?) etorkizuna prestatzeko herriari. Baina herriaren gogoa eskema “zientifiko” batzuetan ongi kokatuz ordenu edo tresna errepresibo bat garatzen dute, jakinik hori bera, gizarte antolakuntzan tresna polizial batek bakarrik gauzatu lezakeena.

Azken mendeko historiak dioen bezala, ideologia geroz eta perfektuagoei “zientifikoagoei”, aparatu polizial geroz eta perfektuagoak dagozkie. Garbiago esanda; errepresio zientifikoaren aurrerapena dugu, bertatik bertara. Beraz, boterearen egarriz bizi direnen biktimak gara, bai gu, bai gure herria.

Euskaldunok urte asko daramagu errepresioa  hitzetik hortzera, baina  ez dira espetxeak errepresioaren adierazpen  bakarra,  zerk eta nola uste ahal duzue ba, euskal langilea,  gero eta txiroagoa izatea bultzatu duena?  Errepresioak aurpegi asko ditu, horregatik, eta tamalez, denok entzun behar izaten ditugu maiztasun ikaragarriekin, nola langile bat -edo bi- hil  dira, xehetasun lazgarrienekin, baina baita nola batere espirituala ez den polizia  “euskaldunak” edonor  hiltzeak  dohainik  duela. Hau da,  Euskal Herriko langilearen egia tristea, gero eta tristeagoa.

Entzuten denez, egon, denok omen gaude errepresioaren aurka eta gizatasunaren alde. Printzipio bat da. Baina – aurreko lerroetan ikusi dugun bezala – printzipio bat besterik ez da.  Gainera, euskal preso horiek jadanik ez dira “gure mutilak” ez, gaur asko dira bazterretik begira daudenak  kutsatzeko beldurraz , zer gertatuko den zain. Hori bai, beti onartzen dituzte espainiar “justiziaren” emaitzak. Begira daudenen ahalmen zinikoa.

Ez da erraza izango baina ez gaude etsita, alderantziz, zintzo eta gogor  egingo diogu aurre, euskal preso eta bide berean  jarri dituzten guztien egoera lotsagarri honi. Baina jakin badakigu, hau ez dela azken urratsa  izango, beraz, abertzale guztion  indarrak  beharko dira astakeri hauek amaitzeko.

Hala bedi.

Kabestru togadunak buruzagi?
Kabestru togadunak buruzagi?
Kabestru togadunak buruzagi?

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.