Justizia ez beste guztia egin diete

Justizia ez beste guztia egin diete –

Justizia ez beste guztia egin dieteKartzelara sartu berri da Iker Rokandio. Haren delitu bakarra paper bat idaztea izan da. Pasaiako Udaleko idazkaria zen Iker. Egun batzuk aurretik, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia sartu zen kartzelara. Amaiak Ikerrek emandako papera sinatu zuen.

Ikerrek hanka sartu zuen. Norbaitzuei esan zien epaiketara ez agertzeko, eta ez zen agindu zuzena. Ez da egokia legearen ikuspegitik. Akordioa egin eta adostuta izanda ere, ez da posible horrelakorik idaztea. Salatzaileek jakingo dituzte beren helburuak, baina susmoa dut oso gustura ez direla egongo. Justizia ez beste guztia egin delako kasuan.

Eskuak burura eraman dituzte askok, ezin dute ulertu nola den posible gertatutakoa. Kartzelara paper batengatik. Baina, gaia sakon aztertzen badugu, arazoa sakonagoa dela irudika dezakegu. Jendea kartzelara doa abesti batengatik, txio batengatik, taberna batean izandako borroka batengatik, etxe kaleratzeari aurre egiteagatik… zerrenda amaigabea da.

Espainiako Zigor Kodea existitzen den gogorrenetakoa denaren froga dira. Ez da araudi gogorragorik existitzen gure inguruan. Kuriosoa da, Europako delitu indize txikienak ditugunean. Gogorra da Zigor Kodea batzuekin, eta, biguna, aldiz, bigunegia ez esatearren, beste batzuekin.

Historian horrela izan da: gobernuak mehatxatuak sentitzen direnean legea aplikatzen dute; lege krudelak egiten dituzte ordena eta autoritatea ezartzeko, eta zorrotz aplikatu. Ez da berria. Etsaiak legez kanpo irudikatzen dituzte, eta gogor oldartzen zaizkie. Aspaldiko errezeta da. Horregatik, Montesquieuk zioen bezala, legearen itzalpean eta justiziaren aitzakiapean den tirania baino okerragorik ez dago.

Lege horiek ez dute justiziarekin zerikusirik. Justizia beste gauza bat da, ez da legea aplikatzea. Inork baino hobeto erakutsi zigun hori Oliver Holmes estatubatuar epaile mitikoak. Kontatzen dute, Holmes Auzitegi Goreneko epailea zenean, ikasle bat kotxean eraman zuela, eta kotxetik jaitsi zenean agurtzeko ondokoa esan omen zion ikasleak: «Holmes epailea, zaindu ezazu justizia!». Holmes gidariari kotxea geratzeko eskatu eta leihoa jaitsi eta ondokoa esan zion ikasleari: «That’s not my job! (hori ez da nire lana)». Ondoren, epaitegira abiatu zen. Maisuaren irakaspena: epaileen lana ez da justizia egitea.

Justizia egitea ez da, tamalez, epaileen lana. Amaia eta Ikerren kasuan, justizia ez beste guztia egin da. Nork uler dezake txosten bat gaizki egiteagatik inork kartzelan bukatu dezakeela? Nork uler dezake idazkariak emandako txostena sinatzeagatik alkate bat kartzela joan daitekeela? Justiziako andereak ez du ulertzen, guk ere ez.

Gainera, uste zitalek hartzen gaituzte, kasu honetan. Ez dut uste beste alderdi batek gobernatu izan balu Pasaiako Udala kartzelan izango zirenik Amaia eta Iker. Zuzenbidearekin lotura dugunoi amesgaiztoak sortzen dizkigu berdintasun printzipioaren aplikazioaren malgutasun horiek ikusteak. Egoera berean batzuekin oso krudelak dira legearen interpretazioak, eta, aldiz, besteekin hain goxoak.

Baina kaltea egina dago. Lan ederra dugu tiranoen Zigor Kode hori desmuntatzen. Espainia da preso gehien duen Estatua. Ez da kasualitatea. Hezkuntza, kohesio sozialean aberastasun banaketan eta gizarte politiketan ez bada inbertitu nahi, egokiena kartzeletan inbertitzea da. Askoz nahiago dute Estatu soziala baino Estatu Penala eraikitzea.

Bitartean, Iker, laguna, eta Amaia kartzelako patioan egongo dira. Beraietaz oroitzeko abestu beharko genuke: «Ta eutsi zan zeruan zehar, Eguzkia joan eta gero, Libre Izateko haiz jaioa…». Libre izateko jaioa zara zu, Iker, Mari bezala.

Justizia ez beste guztia  Justizia ez beste guztia egin diete – Argazkia: Pasaiako Hitza

Azpeitiako alkatea

2 pentsamendu “Justizia ez beste guztia egin diete”-ri buruz

  • Oihane Elizalde 2017-12-21 20:15

    Gertu gertutik ezagutzen dut Iker Rokandiori eta Amaia Agirregabiriari gertatutakoa.
    Desinformazioa kanpaina itzela asmatu dute bien errugabetasuna frogatzeko eta bidegabekeria baten biktimatzat hartzeko.
    Auskalo zergatik, litekeena da beldurragatik, inork ez du eskeini benetan gertatutakoaren kronika zehatza.
    Epaian argi eta garbi finkatzen dira afera honetako protagonista guztien erantzukizuna, baita hasiera batean trafiko-isun bat zena delitu bihurtu izanaren errudunarena ere
    Baina, auskalo zergatik, azken honen izena ez da inon aipatzen, babestuta egongo balitz bezala.
    Bere abokatu ihardueraren zehar ikasitako azpijoko eta jukutria guztiak erabili zituen udaltzainen salaketa bertan behera gera zedin. Azkenean, egoera gaiztotu egin zen eta bukaera ezaguna da, Iker eta Amaia kartzelan bukatu dute eta bitartean pelikula honetako errudun nagusia “de rositas” joan zaigu.
    Ez zaio asko kostako jakitea zein den honen izena egia ikertzen saiatzen denari.
    Eta Eneko Etxeberriari aholku bat eman nahi diot: ondo dago elkartasuna adieraztea gaizki pasatzen ari denari; ez dago, ongi, ordea bertsio faltsuak zabaltzea. Arazoa da egia aitortu behar dionak gezurretan dabilela.

  • Eneko Etxeberria 2017-12-26 09:52

    Oihane estimatua, 20 urte pasa dira Iker Rokandio laguna ezagutzen dudala. Egun gutxi barru berriro ikusiko dudalakoan nago kartzelan, bere abokatu izendatuta nagoelako. Ikerrekin egon nintzen kartzelara sartu aurreko asteburuan, berarekin adostutako iritzi artikulua da. Idatzi nahi duzunean zurea eta erakutsiko diot kartzelan.