Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (I)

Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (I) –

Euskaldunok anitz zor diegu euskara eta euskal kultura aztertzen ibili izan diren arrotz euskalari edo baskofiloei, beraiek ukan baitute anitzetan gauzen aurkitzeko edota teorien egiteko euskaldunok ukan ez dugun sena. Horietako bat dugu Julien Vinson euskalari frantziar oparoa, XIX. eta XX. mendeen artean Euskal Herrian ikertzen eta idazten ibilitakoa.

Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (I)Julien Vinson Parisen sortu zen 1843ko urtarrilaren 19an eta Libournen hil zen 1926an. Beren lehen ikasketak Indian burutu ondoren, Nancy-ko Basogintza Eskolan (Ecole Forestière) hasi zen. Basogintzako ikasketak egiten zituen bitartean alemanieraz ikasi eta Emile Chasles irakaslearekin frantses hizkuntza eta literatura sakondu zuen. Irakasle honek bultzatu zuen euskara ikas eta azter zezan. 1866an basoetako ikuskari edo basozain nagusi izendatu zuten eta Baionara bidali. 1867an Coup d´oeil sur l´étude de la langue basque izeneko artikulu sakona argitaratu zuen Pariseko Revue de Linguistique et de Philologie comparée aldizkari entzutetsuan. Artikulu horretan haren ustez, garai hartan lozorroan zegon euskal adimenaz mintzo zen.

Geroxeago, Pariseko Ekialdeko Hizkuntzen Eskolan hindustaniera eta tamula erakutsi zituen. Antropologiako Eskolan ohorezko irakasle izendatu zuten, Ohorezko Legioan zaldun eta ofizial, eta Elkarte Antropologikoan lehendakari. Urteen poderioz, Revue de Linguistique aldizkariko zuzendaria izatera iritsi zen eta bertan argitaratu zuen euskarari buruzko artikulu franko. Euskaltzain ohorezkoa izatera ere iritsi zen 1919. urtean.

Idazle trebe eta oparoa izan zen, arlo anitzetan ibilitakoa. Euskal gaiei buruzko hamaika lan burutu eta plazaratu zituen. 1870. urtean Mémoire sur l´Etnongraphie des Basques kaleratu zuen. 1882an Les Basque set le Pays Basque, 1883an Le Folk-Lore du Pays Basque famatua.

Euskal bibliografia da, zalantzarik gabe, gehien landu zuen arloa Bibliographie de la langue basque (1891), Compément et Suplément (1898), Les Etudes Basques (1901etik 1905era) eta Revue Générale des Etudes Basques (1906tik 1912ra) aldizkarietan. Horretaz gain zenbait euskal testu eta liburu berrargitaratu zuen: Dargainaratzenak, Harizmendirenak, Silvain Pouvreaurenak, Joannes Etxeberrirenak… eta abar.

Le Folk-Lore du Pays Basque izeneko liburuan Euskal herriari buruzko datu etnografiko ugari ematen dizkigu: ipuinak, kantu zaharrak, erromantzeak, joko eta jolasak, ohiturak, atsotizak, pastoralak… Niri guztiz deigarriak egin zaizkit liburu honen bosgarren atalean azaltzera emaiten dizkigun Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako herriei buruzko erran zaharrak. (167.-195. orr.) Hona hemen bada, erran horiek gaurko grafiara ekarriak.

.

LAPURDIKO ETA BAXENABARREKO HERRIEI BURUZKO ERRAN ZAHARRAK:

1.- Atanturra (1) handi Baionako.

2.- Pantalon handi Angeluko.

3.- Oro sorgin Miarritzeko.

4.- Arrain saltzaile Bidarteko.

5.- Moto (2) zuri Getariako.

6.-.Xokolat edale Donibaneko.

7.- Moto zikin Ziburuko

8.- Oro ohoin Bordagaineko.

9.- Ohore nahi Urruñako.

10.- Idi adar Akotzeko.

11.- Mantxeta (3) handi Hendaiako.

12.- Ardi zahar jale Biriatuko.

13.- Oro ezkondu nahi Olhetako.

14.- Zoko moko Azkaingo.

15.- Gizon ederra Sarako.

16.- Belaun buru handi Senpereko.

17.- Saltsa jale Ainhoako.

18.- Tipula saltsa jale Zuraideko.

19.- Sisti-sasta (4) Ezpeletako.

20.- Pinpi-panpa (5) Itsasuko.

21.- Arno edale Kanboko.

22.- Bele jale Haltsuko.

23.- Xipa xorro Larresoroko.

24.- Saski egile hango bereko.

25.- Auzilari jende Uztaritzeko.

26.- Arraxina (6) saltzaile Arruntzeko.

27.- Baxera egile Arrangoitzeko.

(Informazio hau 1869ko martxoaren 3an Ainhoako J.B. semeak emandakoa da)

.

BESTELAKOAK:

1.- Gormant (7) guziak Baionako.

2.- Galtza xuri Angeluko.

3.- Sorginkeria Miarritzeko.

4.- Moto zuri Bidarteko.

5.- Dena sorgin Getariako.

6.- Mintzatzaile eder Sarako.

7.- Tipula jale Zuraideko.

8.- Sistakeria (8) Ezpeletako.

9.- Gerezi saltzaile ainitz Itsasuko.

10.- Azhor-kakor (9) Itsasuko.

11.- Sorgin beldur ainitz Jatsuko.

12.- Gormant handi Kanboko.

13.- Esne saltzaile Haltsuko.

14.- Saski egile Larresoroko.

15.- Arno edale Uztaritzeko.

16.- Dantzari handi Arruntseko.

17.- Kafe edale handi Milafrankako.

18.- Dena makila Arrangoitzeko.

19.- Asto ainitz Mugerreko.

20.- Oro erreka Bidarraiko.

21.- Kaputxa txarra Baigorriko.

(1869ko apirilaren 22an Uztaritzeko oihanean bildutakoak)

———————————————-

.

OHARRAK:

1.- Atanturra: Zintzilikarioa.

2.- Moto: Buruko zapia.

3.- Mantxeta: Mauka muturra.

4.- Sisti-sasta: Zartakoka aritzea.

5.- Pinpi-panpa: Makiladaka aritzea.

6.- Arraxina: Erretxinazko kandela.

7.- Gormant: Jale ikaragarri handia.

8.- Sistakeria: Beti borrokan ibiltzeko joera dutenak. Su piztaileak.

9.- Azhor-kakor: Haserreak eta kolpeak.

Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (II)

Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (I)

Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Julien Vinson euskalaria eta Iparraldeko herriei buruzko erran zaharrak (I)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude