Judoa, malgutasunaren bidea

Gaztetxoak entrenatzen - New York YMCA Camp
Gaztetxoak entrenatzen – New York YMCA Camp

Jigoro Kanok (1860 Kobe), borroka arteetan maisu zenak, 1882. urtean sortu zuen Judoa. Esan daiteke beraz nahikoa borroka arte berria dela berau, baina noski, sustrai oso zaharrak dituena.

Kodokan, “Malgutasunaren bidea ikertzeko eskolan”, irakasten eta lantzen zuen Japoneko kirol nazionala bihurtuko zen artea. Ordurarte jujutsu-a eta sumoa bezalako disziplinak praktikatzen ziren ekiaren irlan, eskola ezberdinak zeuden eta elkarren artean leihatzen ziren ea nork borrokalari hobeak entrenatu. Ohikoa zen eskolen arteko borrokak antolatu eta tatamian (koltxoneta berezi batzuekin eginiko tapiza) ohorea jokatzea. Disziplina zahar hauen oinarrian atemiak (kolpeak), eta kakeak (proiekzioak) aurkitzen dira. Honen erruz, garai hartan, lesio ugari izaten ziren eta zaila, oso zaila zen entrenatzea. Zer esanik ez praktikatzea edo borrokatzea… hiltzeko arriskua egoten baitzen beti.

Kodokan eskolak iraultza suposatu zuen. Teknika samuraien (jujutsua eta sumoa) osagai batzuk hartu, beste batzuk baztertu eta bere ideia berritzaileak gehituta arte berri bat sortu zuen. Jigoro Kano maisuaren helburua, erraz eta arriskurik gabe entrenatu eta praktikatu zitekeen, kirol bat sortzea zen. Lehenik eta behin atemiak kendu zituen errepertoriotik, eta proiekzioetan, ukemietan, lurreko tekniketan (inmobilizazioak, estrangulazio zein luxazioak…) sakondu zuen. Bere intentzioa, aurkariaren indarra zure mesedetan erabiltzea baliatuko zuen arte bat sortzea zen, kolpe eta lesioak saihestuz. Hasieran gainontzeko eskolak irri egiten bazioten ere, azkar asko irabazi zuen errespetua Japonian. Zuetako edonork pentsa lezake kolpeak arbuiatuta zereginik ez zuela, baina ez zen hala izan. Hainbeste findu zuen teknika, ezen eskola mordoari ohore leihak irabaztea lortu baitzuen, Judoa japonian kontsolidatuz.

inmobilizazioa - New York YMCA Camp
inmobilizazioa – New York YMCA Camp

Izenak dioen bezala, “malgutasunaren bidea” da Judoa. Besteak darabilen indarra zure mesedetan erabiltzean datza kirol honek. Kolpeak ikusi, erreakzionatu, eta kolpearen indarra proiektatzeko (botatzeko) erabili. Harrigarriak dira aurkaria botatzeko sortu zituen teknikak; beti ere gorputz adarrak erabiliz, dantza baten moduko mugimenduak eginaz, aurkaria erraz botatzeko balio diote edozein judokari. Guzti hau kontuan izanda, Kano maisuak argi esaten zuen, berdin ziola tamainuak, judoarekin edonork edonor bota zezakeela. Eta esan diezazueket hala dela.

Kirola, jada errespetua lorturik, Japoniako eskoletan beharrezko asignatura bihurtu zen eta lehenago aipatu bezala kirol nazional izendatu zuten.

Behin irlan sona lortuta Kanok Europara eraman izan nahi zuen bere asmakizuna. Frantzian eta Errusian segituan hasi ziren tatamiak sortzen han eta hemen, eta ondoren gainontzeko estatuetara ere igaro zen Judo sukarra, Euskal Herria ere kutsatu zuelarik.

Benetan gomendagarria da berau praktikatzea ume-umetatik, izan ere, psikomotrizitatea izugarri garatzen da eta gorputzeko atal guztiak lantzen dira. Ukemiek (erorketek) umeari bere gorputza ezagutzen laguntzen diote eta bide batez erortzen ikasten dute, horrela lesioak errazago saihestuz. Bestalde, beste lagunekin kontaktua handia denez, konfidantza irabazten eta lotsak kentzen laguntzen Judoak. UNESCOk umeei gomendatzen dien kirola ere bada “malgutasunaren bidea”.

Beraz Euskal Herrian oso hedatuta dagoen kirol hau praktikatzera animatzen zaituztet. Japoniako kultura ezagutzen, izerdia botatzen, forman jartzen eta jende jatorra ezagutzen lagunduko dizuetela ez izan dudarik. Behin amua helduta ziur ez duzuela askatuko, ziur hor jarraituko duzuela tatamian erori eta erori, bota eta bota, malgutasunaren bidean galduta.

Maisua teknika azaltzen
Maisua teknika azaltzen

Ekaitza bainuontzi batean