Juantxo Iturria (Ahal Dugu): “Independentzia guretzat azkenengo irteera da”

Pablo Iglesiasek eta Madrilgo Complutense Unibertsitatea sorburu duen Podemos proiektuak kutsatzen duen ilusioak eraman du Juantxo Iturria (Donostia, 1981) politikaren lubakira. Podemos-Ahal Dugu alderdiko zerrenda buru gisa aurkeztuko da datorren maiatzaren 24ko Gipuzkoako Foru Hauteskundeetara. Familia lesakarra duela salatzen dio bere euskarak, baina, donostiarra dela argi utzi digu lehen momentutik bertatik. Podemosek Grosen duen egoitzan jarri du Iturriak ZuZeurekin hitzordua, eta hona hemen emaitza.
Juantxo Iturria - zz

Podemos proiektu berria da. Zerk eraman zaitu Gipuzkoako adarrean sartzera?

Politika egiteko modu ezberdinak erakarri nau. Betidanik gustatzen zait politika, eta jarraitu izan dut. Baina politika zaharraren moduak ordea, ez zaizkit batere gustatzen. Gizartean lan egiten duen jendea hartu beharrean, alderdi barruan lan egiten duen jendea sartzen da politika egitera, eta ez zait gustatzen. Podemos niretzat alderdi berri bat da, ez bakarrik ideien aldetik, baita funtzionatzeko eran eta barne egituretan ere. Horrek erakarri nau. Gipuzkoara ere nahi nituzke ekarri jardun moldeok.

Gipuzkoan ez al zegoen ordezkatuko zintuen alderdirik?

Ez. Zehazki ez. Badira ideiak gustuko ditudanak, badira kontuak… baina modu integralean ez. Eta batez ere Podemosek sortu didan ilusioa ez zuen inork ere eragitea lortzen. Badira proposamen onak egiten dituzten alderdi “zaharrak”, baina, ilusioa, aldaketa transmititzen duenik ez dago.

Nolako harrera jaso duzue Gipuzkoan? Jendea animatzen al da parte hartzera?

Bai. Egia esan ez dakit nola den beste tokietan, baina, hemen jendea animatzen da. Esaten dute jendeari ez zaiola interesatzen politika, ez, jendeari politikariak interesatzen zaizkio. Nola egiten den politika alegia. Zirkuluena esaterako berritasun bat izan da. Jende asko etorri da eztabaidatu eta proposamenak helaraztera, kargu bat izateko inolako asmorik gabe. Etekinik ateratzeko asmorik gabe, gauzak aldatzen saiatzeko. Hori da interesgarriena: jendea politikan sartzea, baina, ez kargu baten truke, ilusioz baizik.

Aldaketa izan ohi da saldu ohi den lehen gauza. Zuek zer aldatu nahi duzue Gipuzkoan?

Lehenbiziko gauza, ordezkariak. Egia da, hemen Gipuzkoan, ez daukagula Estatuko beste lekuetan dagoen egoera berbera, baina, beste zentzu askotan antzekotasunak badira. Politikariak, esaterako, urte askotan zehar geratzen dira karguetan eta 20 urtez kargu batean zaudenean, jada ez duzu kalea ondo ezagutzen. Galdu egiten dira erreferentziak, zenbat eragiten duen soldata bat 1000 euro gora beherakoa izatea. Ez dugu nahi politikariak profesionalak izatea, profesionalek politikan parte hartzea baino. Gainera alderdiek Gipuzkoan beren kontsumorako egiten dituzte gauzak, interes pertsonaletan zein alderdikoetan pentsatuz. Ez jendearengan.

“Gu ez gara inor
kasta nor den eta nor
ez den esateko”


EHBilduk ere antzeko aldaketa proposatu zuen.

Gu ez gara inor esateko nor den profesionala eta nor ez. Nor den kasta eta nor ez. Guk ekartzen dugun diskurtsoak herritarrengan du muina. Onartzen ditugu izaera nazionalak, identitate sentimentuak, baina ez dira gure lehentasuna. Gure lehentasuna jendea da soilik. Alderdi askorekin adostasun puntuak baditugu, baina, gure funtzionatzeko era berria da. Ez soilik ideien aldetik, funtzionatzeko eraren aldetik ere bai. Primariak egiten ditugu kargu guztiak aukeratzeko, jendeak aukeratzen duen pertsona da ordezkaria. Hori ez da beste alderdietan gertatzen, nik dakidala behintzat.

Duela gutxi bilera bat izan zenuten Burgosen Madrilgo zuzendaritzarekin aurkeztu ala ez erabakitzeko. Madrili baimena eskatu behar al diozue?

Ez da baimena eskatu duguna. Denok dakigu Podemos estatu mailako alderdia dela, hori ezin da ukatu. Estatu mailako alderdi bat izateko, autonomia handia daukagu, baina ez ditugu gauzak inposatu nahi. Adostu egin nahi ditugu. Burgosen azaldu genien zergatik diren hain garrantzitsuak Foru Hauteskundeak. Madrilen ez dira akaso oso ezagunak, eta parekatu izan dituzte Estatuko beste diputazioetako hauteskundeekin. Azaldu nahi genien hemen berebiziko garrantzia dutela, ogasun eskumena dutelako Foru Aldundiek. Diru asko mugitzen dute, botere asko eta jendearen atxikimendu handia dute, eta hori azaldu beharra zegoen. Ez genuen baimena eskatu, adostu egin behar izan genuen Madrilgo zuzendaritzarekin. Guk baimena jendeari bakarrik eskatzen diogu.

Pablo Iglesias ikusten duzu hurrengo Espainiar Estatuko presidente bezala?

Bai. Nik uste dut oso posible dela. Inkestek gora behera asko sor ditzakete, ilusioa sortu eta kentzeko orduan, baina nik uste hain dela dorpea arerioa, ezen, oso posible baita Iglesias presidente izatera ailegatzea. Astero iristen zaizkigu ustelkeria albiste berriak, eta horixe da guretzako kanpainarik onena.

Espainiako Hauteskunde Orokorretan garaipena lortzea da Podemosen helburu nagusia. Horrek baldintza dezake zuen ekite ahalmena?

Ez dut uste. Gipuzkoaren alde egin dezakeguna, Madrilen egin dezakegunaren oso antzekoa da. Eta gainera, kontutan izan behar da hauteskundeak oso hurbil ditugula. Dena ondo bidean azaroan izango dira, eta beraz, ez daukagu denbora askorik Foru Hauteskundeetatik Espainiar Estatuko Hauteskunde Orokorretara. Helburua argi dago, baina Madrilen egingo diren politika antzekoak egin nahi ditugu Gipuzkoan.

Baliteke EHBildu eta Podemosek elkarrekin gehiengo absolutua izatea. Akordioa posible da?

Ez daukagu aurreiritzirik akordioen inguruan. Bakoitzak zenbat jarleku aterako dituen jakin gabe, akordioen inguruan hitzegitea arriskutsua da. Guk gure espazio propioa egin nahi dugu. Politika zehatz batzuk aurrera eramateko beti izango gaituzte ondoan, baina, paktu handiak egitearena ezin dezakegu esan hauteskundeak igaro arte. Politika konkretu baten alde baldin bagaude, horren alde bozkatuko dugu.

Ateak ixten dizkiozue beraz, gobernu akordio bati.

Momentu honetan, bai.

Juantxo Iturria II - zz
Juantxo Iturria II – zz


“Monedero auzia, benetako
beste auziak estaltzeko
asmo txarreko saiakera da”


Zer iritzi duzu Monedero auziaz?

Nik uste ez dagoela auzirik. Nik uste benetako beste auzi batzuk estaltzeko ahalegin bat dela. Ez dago justizia aurrean ezer. Asmo txar eta zikin asko dago horren atzean. Niretzat ez dago “Monedero auzirik”.

Badakigu Podemos ez dela bustitzen definizioz. Baina erabakitze eskubidearen alde zaudete balizko independentziara bidean?

Egia da ez garela gehiegi bustitzen, kar kar! Bai, gu ados gaude erabakitzeko eskubidearekin, baina, ez bakarrik independentzia bai ala independentzia ez erabakitzeko. Orokorrean erabaki behar da esaterako, hondakinen politikaren inguruan. Hori esaten badugu, noski, ezin dugu ukatu subirautzaren inguruko eztabaida. Baina argi gera dadila ez dela gure lehentasuna. Independentzia azkenengo irteera dela uste dugu, badira lehenago saiatu beharreko beste aukera batzuk.

Ehunka preso gipuzkoar daude sakabanatuta, ehundaka kilometrora. Zein da Podemosen postura gaiaren inguruan?

Gu legea betetzearen aldekoak gara. Bi aldeentzako. Estatuan askotan ez da legea bete, ustelkeria auzietan eta beste hainbat auzitan. Ez dugu deus ezkutatzeko gai honen inguruan. Legea betetzea nahi dugu.

Amaitzeko, politikarien izenak botako dizkizut eta zuk labur definitu, ondo?

Noski.

Iñigo Urkullu

Gardentasun falta

Arnaldo Otegi

Historikoa

Pablo Iglesias

Berritasuna, aldaketa.

Patxi López

Denbora galdua.

Eskerrik asko zure denboragatik Juantxo!

Eskerrik asko zuei.

ahal dugu, Gipuzkoa, juantxo iturria, podemos
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

8 pentsamendu “Juantxo Iturria (Ahal Dugu): “Independentzia guretzat azkenengo irteera da””-ri buruz

  • “..No es nada fácil mantener la sensatez con una España de Torrente y de Mayor Oreja detrás. Pero vosotros tampoco habéis ayudado. Había otra gente en el resto de ese país que compartimos y que algunos llaman España y otros lo quieren confundir con un enorme aparato burocrático, como si no nos hubiera pasado nada juntos en los últimos 600 años (¡El Estado español!). ¿Os creéis mejores que el resto? Cuando alguien reivindica en exceso quien es, no puede sino terminar diciendo que los demás son peores. Y si alguien ve como un valor la endogamia, es, simplemente, un imbécil. Les sobran cuatro quintas partes de la humanidad..”

  • Ez dakite ezer. Ez dakite zer akordio egingo dituzten. Ez dakite zer eredu fiskal erabiliko duten. Ez dakite langabezia nola gelditu. Ez dakite ustelkeria nola ezabatu.

    Baina badakite bai euskararen zein idependentziaren aurka daudela, hori bai! PSOE 2, IU2…

  • Inperialismoa inperialismoa da. Ezer berririk euriaren azpian.

  • Bizkaia eta Gipuzkoa ez ziren muxutruk jarri Gaztelaren menpean (Araba eta Nafarroa, berriz, inbadituak izan ziren), itun batek ahalbideratu zuen euskal herrialdeen konpromisoa espainiar erregearekiko. Hitzarmen hori hautsita geratu zen Estatu liberala ezarri zutenean politikari liberalek, frantsestuek, masoiek eta iraultzaileek. Beste hitzetan, Espainiak berak egin zion traizio euskal herrialdeekin zuen akordioari. Eta Gernikako Estatutu miserableak edo Kontzertu ekonomikoak ez du inolaz ere konpentsatuko gure Lege Zaharrei, hau da, egindako traizioa. Gora Euskal Herria Askatuta!!

  • Itun bat ez zun Espainia ta gure artean ezer erabaki, konkistatuak izan ginan, ta garai hoietan gure lurretan denbora osoan Gaztelerako ejerzitoa ustea ez zan bideragarri (guda gehio bait zituzten), askorei ematen zieten tratua eman ziguten (eliteak kontent izateko batik bat).

    Buruan norbaiteri pistola jartzen badiozu ta “patu” bat zinatzera behartzen badezu, ez zea batu patu baten bidez, bere menpe zeundeke ta zinatutakoa ez zun baliorik izango.

    Ez zan traturik, egon, konkista egon zan ta garileak nahi zutena zinatzera behartu zuten garaituak, egoeragatik guk gurea kudeatzen jarraitu genun, baina ez zan patu baten bidez, mehatxu, hilketa, txikizio ta armen bidez izan zan.

  • Galdera da, orain ezker abertzalea inoiz baino jesuitagoa dela, Podemos-en sartzen direnekin Euskadiko Ezkerran sartu zirenekin bezain gogorrak izango dira? Nire aitak bere lana galdu zuen EEn sartu izanagatik. Edo Aralarrera joan zirenekin bezela, gogoratzen nola jipoitu zituzten zenbait militante telebistaren aurrean hauteskunde haietan?

  • . Politika berria aldarrikatzen baina traza zaharrean arilkatuak, hau da nere ustetan espinainia berri demokratiko ezinezkoa saltzen . Porrotera kondenatuak daude.Tira , desagertu aurretik erabakitzeko eskubidea hemen gutxienez ez badute oztopatzen ez da ahuntzaren gauerdiko eztua izango. Kuestio nazioala ta soziala txanpon beraren bi aldeak direla sinetsita , hemen EH Bildu baino askoz ere eskubiagora kokatzen ditut. Hauek nere inpresio ta pronostikoak.

  • Nik garbian ateratzen dudana zera da podemos-ei esker Gipuzkoa, Donostia, Gazteiz… berriz eskuinaren hatzaparretan erori dela, ezkertiar asko zatituz. Bestalde oso xelebrea da CAV eta Nafarroaren aldeko desberdintasuna.
    Kataluniakoa ere itzela, catalunya si que es pot EZ independentista bezala sartu dute, plebiszitu delakoa zapuztuz, baina berez ez dira ez aldeko ez kontrakoak independentismoari dagokionez.
    Naparra izanda ez dut EAE-ko Ahal dugu ezagutzen. Nire gauza da edo EAE-ko podemosesko burua manualeko HBkiller bat da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude