Juan Martin Elexpuru ETBrekin haserre

Juan Martin Elexpuru ETBrekin haserre

Ezaguna da Juan Martin Elexpuru idazlea euskararen jatorriaren inguruko kontuetan. Berarekin ados egon ala ez, ekarri handia egindakoa da gai honen inguruan.

Orain ETBn estreinatutako saio batek jarri du sutan. Egia esan, ez zaio arrazoirik falta.

Eta artikulu bat idatzi du bere blogean: Baskoniako  ipuin bat

Juan Martin Elexpuru ETBrekin haserre“Irailaren 10ean ETBn ikusi ahal izan genuen EITBk ekoiztu eta duela urtebete Donostiako Festibalean aurkeztu zen Baskoniako historia bat dokumentala. Alberto Santana da zuzendaria eta Joseba Abaitua atalaren gidoilaria.

Honela aurkeztu du EITBk dokumentala bere webgunean:” El programa “Baskoniako Historia bat” (“Una historia de Baskonia”), desmontará los mitos y falsas creencias en torno a la historia de Euskal Herria. Se estrena el jueves, a las 22:25, en ETB1.”

Dokumentalaren edukiei erantzunez, Baskoniako ipuin bat  iritzi-artikulua idatzi eta zenbait egunkaritara bidali dut. Azpian irakur daiteke.

***

Aitzol Altunak aspalditxo argitaratu zuen idatzi luze, sakon eta ongi dokumentaturikoa teoria honetaz:  Una película sobre la falsa teoría de la euskaldunización tardía. Ezinbestekoa gaian kokatzeko.

Irailaren 15eko Garan Beñi Agirre historialariaren artikulu bikaina agertu da gaiaz, Zientzialari berantiarrak. Orain dela hilabete batzuk Patxi Aranguren nafarrak Inquietos vascones  idatzi zuen teoria defendatuz, eta Inquietos vascones, pero no tanto artikuluaz eman nion erantzuna.

Ostraka Mundua blogean berri gehiago”

 

Baskoniako ipuin bat

Nolako astea! Igande gauean euskaldun asko oheratu ginen pentsatzen, mitozale amorratuak izaki, Paleolito Aroko gizakiaren jatorrikoak ginela ziurrenik, Ekain, Lascaux eta Altamira margotu zuten haien ondorengoak. Aita Barandiaranek hori iradoki zigun, eta berriki egin diren azterketa genetikoek ere ez dute ezeztatu, aztarna paleolitiko ugari omen dagoelako gure gene-zopan.

Baina asteleheneko gosariarekin, lurrikara. “Euskaldunak ez dira uste bezain zaharrak” titulatzen zuen Madrileko egunkari batek. “Je-je, kar-kar!” suma zitekeen lerro artean. Asteartean euskal prentsara eta Internetera argibide bila jo eta jakin genuen Atapuercako zenbait giza hezur aztertu dituztela Upsala-n eta ondorioztatu dutela orain dela zazpi mila urte inguru heldu zirela euskaldunak ekialde hurbiletik eta aldean ekarri zutela laborantza eta abeltzaintza Europara. Gainera sardiniarren eta euskaldunen arteko antz genetiko harrigarria azpimarratzen zen, eta euskara eta paleosardiniera senideak izan zitezkeela iradokitzen. Bueno, hain gaizki ere ez, pentsatu nuen; alde batetik milaka urteak galtzen genituen baina bestetik ez da ahuntzaren gauerdiko eztula laborantzaren eta abeltzaintzaren ekarleak izatea Europara, eta, nork daki agian asmatzaileak ere bai. Gainera, euskara eta paleosardiniaren arteko senidetasunaz liburua amaitzear dudanez…, je-je, kar-kar.

Baina pozak gutxi irauten du pobrearen etxean. “Baskoniako Historia bat” afaldu genuen ostegunean; Santana eta Abaitua irakasleek zuzendu, EITBk ekoiztu eta iazko Donostiako Festibalean aurkezturiko dokumentala. Hogeita hamar mila urte esan duzue? Zazpi mila? Gizajoak. 1500 urtetxo besterik ez daramagu euskaldunok Pirinio hegoaldean. Beren tesi edo hipotesia azaldu ziguten: akitaniarrak ziren euskaldun bakarrak erromatarren garaian. Inperiora erori zenean, Bidasoa hegoaldea inbaditu zuten eta lau probintziak (gutxi gora behera) euskaldundu zituzten. Barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak ez ziren euskaldunak; eta, entzun, Nafarroa aldeko baskoiak ere ez!; nahiz eta hau aho txikiarekin esan zuten, jakina baita zein suminkorrak diren nafarrak. Aipatu ere ez Umessahar jartzen duen Lergako hilarria, edo eta herrialde bereko Itsacurrine, Lacubegi, Larrahe edo Selatse.

Oliteko gazteluan izan zen azken predikua: honaino heldu ziren akitaniarrak. Bisigodoek ez zieten aurrera egiten utzi. Hemendik hegoaldera ez da sekula euskararik egin. Aipatu ere ez Errioxa-Soria aldeko hilarrietan agertu diren zortzi edo hamar euskal izenak: Sesenco, Agirsar, Lesuri…

Bizkaitik abiatu zen Santana. Lemoako Elorriaga auzoan galdekatu zuen Abaitua irakaslea, atal honen gidoilaria. Hilarriko Secundianus-ek zein hizkuntza egingo zuen galdetuta, zalantzarik ez: zelta, eta latina ere bai ziurrenik. Euskara ezta pentsatu ere. Gero Santanaren ahotsa: “mendi eta ibai inportanteenen izenak zeltikoak dira; Anboto Ambatus-etik dator, jainko zeltikoa. Barkatu, Alberto, Ambatus zeltikoa izango da baina ez da jainko-izena, esklaboei eta libertoei ematen zitzaien pertsona-izena baizik. Interneten konproba dezakezu. Ez ote arraroa mendi sakratu bati esklabo-izena jartzea? Bestalde, zer esan nahi dute zeltaz Gorbea-k eta Oka-k? Argituko diguzu. Ez omen da euskararen arrastorik antzinateko epigrafian Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ez dituzu ezagutzen nonbait Oiartzungo Belteson, edo Foruko Ivilia jainkoa edo Arabako Attia, Helasse, Illuna, Luntbelsar, Uvarna.

Dokumentalean agertu ziren adituetako inor ez zen euskalduntze berantiarraren alde mintzatu. Gorrochateguiren lanak irakurri dituenak badaki teoriaren aurka dagoela. Dokumentalean ez zen hain argi gelditu; mendebaldean, ebidentzien arabera,”euskara pixka bat” egingo omen zen. Arraro geratu zen esaldia. Larrea ere ez da teoriaren aldekoa, nahiko garbi utzi zuen. Eta Azkarate ere ez. Aldaieta ez da teoriaren aldeko zantzua; izatekotan, kontrakoa. Luze joko lukete xehetasunek. Baina niretzat gogorrena Mitxelena aldekotzat hartzea izan zen. Santanaren arabera, behin baino gehiagotan iradoki zuen barduliarrak etab. ez zirela euskaldunak, eta pena Aldaieta bera hil zen urtean, 1987an, aurkitu izana. Alberto, berrikusi Mitxelenaren obra eta ikusiko duzu beti mintzatu zela teoria horren aurka: “… se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte del territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales” (“Sobre la lengua vasca en Alava durante la Edad Media”. 1982). On Koldok burua jasoko balu… Nolanahi ere, narratzaileari sinestera, aipaturiko testigantzek indartu egiten dute beren hipotesia. Zaila da ulertzea nola utzi duten katedratiko hain gorenek beren iritziak manipulatzen.

Itzul gaitezen hasierara. Bat: akitaniarrek euskaldundu omen zuten hegoaldea VI. mendean. Galdera: euskaraz mintzatzen zen Akitanian, hots, Garonaren hegoaldean, garai horretan? Dakigunetik, Akitania gehiena erdaldundu zen Erromatarren garaian. Egungo Ipar Euskal Herriak eta agian Biarnoko eta Bigorrako mendialdeak iraungo zuten euskaldun. Hau da, akitaniarren lautik hiruk edo gehiagok ez zuen euskaraz jakingo. Nola euskaldundu zezaketen ezer? Bi: barduliarrak, karistiarrak… hizkuntza zeltiko bat egiten zuten VI. mendean, euskaldundu aurretik. Hizkuntza zeltikoa garai horretan? Aditu guztiak ados daude latinak hizkuntza zeltikoak eta iberiera irentsita zituela hirugarren edo laugarren menderako.

Eta orain geure buruari egiten dizkiogun galdera arruntak: zer egin zuten inbaditzaile akitaniarrek hegoalde guztia di-da batean euskalduntzeko? Garbitu egin zituzten zelta guztiak? Garbiketa etnikoa? Hala balitz, nola ez dute horretaz hitzerdi esaten Isidoro Sevillakoak, Gregorio Toursekoak eta beste autore garaikide batzuek? Nola ez da geratu arrastorik memoria kolektiboan edo mitologian?

Teoria honek baditu ia ehun urte. Gomez Morenok iberiera irakurtzea lortu zuen 1925 aldera eta orduan konturatu ziren euskararen bidez ez zutela ia ezer ulertzen. Ordura arte euskaldunak eta iberiarrak gauza bera zirenez, espainiarrik espainiarrenak ginen. Baina hori izateari utzi genionean hasi ziren ipuina idazten bera, Sanchez Albornoz eta beste batzuek. Eta moraleja garbia zen: hemendik aurrera ez duzue zilegitasunik izango mendebaldeaz, haren inbaditzaileak baitzarete, eta, nork daki, agian genozidak.

Nolanahi ere, dokumentalaren egileek diote herri honenganako amodio sakonak eraginda landu dutela teoria, amodio heldua, hori bai, ez infantila. Eta guk sinetsi egiten diegu, amodioak eta helikopteroko irudiek dena edertzen baitute, baita ipuinik txarrena ere.


(Elexpuruk aipatzen duen zatia, bederatzigarren minututik aurrerakoa da, batez ere)

Juan Martin Elexpuru ETBrekin haserre

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

10 pentsamendu “Juan Martin Elexpuru ETBrekin haserre”-ri buruz

  • Earra kakanastia

  • Historiaren bitartez lortu nahi dute zilegitasuna kolonizazioa mantentzeko. Eta hortarako bidea zabaltzen die ETBk.Hortaz, geure medioak izan beharko luketenak etsaiaren esku. Ederki (izorratuta) gatxik!
    Nor ote da erantzule eta arduradun?

  • Batzuetan egoten naiz pentsatzen nondik irten diren euskaldunontzat telebista programak erabakitzen dutenak, zein planetatakoak diren. Euskara planetakoak ez behintzat. Seguru nago euren artean ez direla euskaraz mintgzo, bestela ez dago ulertzerik.

    • Zaude ziur. Hortxe jo duzu ezkila. Eta horrelakoak postu horietan jartzen dituztenak beste hainbeste.

    • Peru Dulantz 2015-10-13 11:00

      Ez dut mamurik ikusi nahi, baina, ez da izango Surioren garaian hantxe, leku estrategikoren batean, geratutako kargudun horietakoren baten “jokaldia” izango? PSEekoak espezialistak dira pasatzen diren lekuetan “bere” jendea ondo kokatuta uzten, ez PNVkoak baino gutxiago behintzat.

  • EAJ-PSOE irrati-telebistaren bilalaera ikusgarria izan da azken urteotan, Vasconiako historia bat, bilakaera horren adibide, “tú al norte, yo al sur” saioa beste bat. Horra
    EITB-k berak egin aurkezpena: “Tras la fiebre por el contraste cultural que han traído diversas películas y series, ETB2 y Canal Sur están preparando un nuevo programa que tratará con humor el choque cultural que sufre un grupo de vascos y otro de andaluces: ‘Tú al norte y yo al sur’. 8 vascos y 8 andaluces viajarán a la tierra del otro y pasarán allí una temporada persiguiendo un objetivo: convertirse en el vasco más andaluz y en el andaluz más vasco”
    JELtzaleok, “komod(i)os en España” egitasmoa berpizteko lanean.

  • Orain urte asko jabetu nintzen Euskal Herriaren etsairik zortotzenak,Euskal Herritarrak garela.
    Gaztelatarren konkistak aurrera darrai!!!

  • Niri gutxien gustatzen zaidana da gidoiari darion itzulpen (txar) usaina.

  • Kaixo denoi: gai honi lotuta iruzkin bat egin berri dut Filoblogian. Hona dakart agian norbaiti interesatuko zaiolakoan.

    (Editatua)

    Kaixo Ricardo:
    Lehendabizi, eskerrik asko blog zoragarri eta interesgarri honengatik. Kontu bat aipatu nahi dizut gai honen harira.
    Atzo Internet bidez “Baskoniaren historia bat” sailaren bigarren atala ikusi nuen, gai honi erabat lotuta dagoena. Ikusi bitartean, hausnarketa batzuk etorri zitzaizkidan.

    Aldaietako hilobien aurkikuntzak direla-eta, De la Rua izen handiko genetistaren iritzia beren beregi eskatzen zen. Segidan dokumentalak esplizituki erlazionatzen eta lotzen zuen hilotz haien ADNa euskaldunekin eta euskararekin.

    Ageri-agerian dago horrek aurka eta talka egiten diola Filoblogiak goraipatutako Abaituaren artikuluko esaldiari, zeinaren Abaituaren artikuluaren ustezko “oinarria” den:

    “Equiparar territorios, genes y lenguas es un desafortunado error que suele estar inducido por la forma en que se divulgan algunas investigaciones”

    Zientzian, nor bere ideologiaren arabera, irizpide diferenteak erabiltzen baditugu fenomeno kideak eta berdintsuak epaitzeko eta haietatik ondorioak ateratzeko, gurpil zoro batean sartzen gara. Are gehiago hori egiten dutenak haien zientifikotasuna eta ideologia eza aldarrikatzen badute. Denok gara subjektuak eta geure iritziak baditugu. Hori ukatzen dutenak izan dira askotan arriskutsuenak zientziarentzat. Ematen du klasikoek ziotena bete egin dela oraingoan: Esplicatio non petita…

    Dena den, nire hitzak gaizki ez daitezen interpreta, honek guzti honek ez du esan nahi euskalduntze berantiarraren hipotesia ezinezkoa eta gezurrezkoa denik, noski. Baina bai, ordea, erakusten dituzte Abaituaren hipotesien metodologiaren ahultasun eta azientifikotasunak . Esan behar da Abaitua bera dokumentalean agertzen dela momentu batean eta bertan defendatzen den hipotesiaren defendatzaile sutsua dela.

    Telesaioaren amaieran ere antzeko gauza bat gertatu zen, are deigarriagoa:

    Alberto Santana aurkezlea Santimamiñeraino joaten zen eta, inongo azalpenik eman gabe, baieztatzen zuen dokumentalaren ondorio moduan-edo “ziur aski Santimamiñeko gizakiek ez zutela euskaraz egiten”.
    Ez badakigu, zertarako esan, orduan? Beste mitifikazio ilungarri eta azientifiko bat eragiteko euskaldunon iraganaz?).

    Jakina, azken pasadizo hau are deigarriagoa egiten zen, estranbote bat zirudielako, ez baitzeukan zer ikusirik ordura arte dokumentalean tratatutako gai eta garaiarekin (Euskaldunak erromatarren inperioaren garaian).

    Zertarako aipatu, hortaz, frogatuta ez dagoen zerbait, dokumentalaren hariarekin ez badator ere? Are gehiago: aipatuz gero, zergatik ez ote dute aipatu dokumentalean ordura arte erabili diren irizpideekin? (Santimamiñeko hezurren ADNa ere aztertu dute De la Ruak eta EHUk)

    Erantsi behar da “ziur aski”-ko baieztapen hori egiten zela dokumental sailean hainbat biderrez agertu den esplicatio maiestatikoa berriro errepikatu eta gero : “Gustatzen zaigu pentsatzea gure iragana mitikoa dela”, baina geuk zientziaz helduko diogu euskaldunon historiari. Alberto, gomendio bat: egin berba zeure izenean beste inor sartu gabe zure iritzietan. Are gehiago telebistan eta dokumental-sorta zientifiko batean.
    Argitu bahi dut Alberto Santana jakintsu handitzat dudala euskal historiaren zientzian, eta nire ustez bera bezalako asko eta asko behar ditugula gurean. Lerro hauetan esan ditudanek, noski, ez dute esan nahi Alberto Santanaren jakituria hutsaren hurrengoa denik, jakina. Baina bai, ordea, ez duela bere barruko aurreiritziak behar bezala kudeatu, gutxienez, gai eta telesaio honetan (edo, jakina, ez duela dakiena behar bezala azaldu eta nik ez diodala ulertu).
    PD: Badakit, azpi-azpian, arrazoi bat dagoela Santanaren jokaeraren (eta iruzkin maiestatiko horien) iturria dena: gai honen inguruan hainbat atunburu milenaristak esandako burugabekeriak. Baina zientzian burugabekeriak zientziaz baliogabetzen dira. Ez norbere aurreiritzi irrazionalekin.

  • Barkatu, “Euskaldunak erromatarren garaian” lehengo ataleko gai eta garaia zen; bigarrrenarena “Euskaldunak Goi erdi aroan” zen. Barkatu berriro, biak bata bestearen atzetik ikusi nituen-eta.

    Beraz, Santimamiñeko koben gizakien hezurrak, -zientifikoki duela 4000 urte datututa daudenak- are hurrunago daude, eta dokumentalaren “estranbote freudianoa”, are nabarmenagoa da. Gabon.