Juan Kruz Lakasta: “Bizkarra emanda bizi zirenak orain pankarta berberari helduta ikusten ahal dituzu”

Ajearekin heldu da elkarrizketara, aitortu du Juan Kruz Lakasta berak. Balizko zentsura mozioaren zurrunbiloaren nekea, ez besterik. Euskalerria Irratiko estudioetan egin dio harrera ZuZeuri, Iruñerria luze eta zabal ikusten den hamairugarren solairutik. Goizero irrati uhinetan zabaltzen dituzte Lakasta eta lankideek Iruñea euskaldunaren ahotsak. Meritu bikoitza haiena, aurrean duten nafar gobernuak kosta ala kosta nahi baititu isilik. Baina, burugogor, lanean diraute, lizentziarik gabe ere, Nafarroako gobernuak euskaldunek sortzen dien azkura agerian utziz. Pil-pilean da gaurkotasuna Nafarroan, ustelkeria kasu bat gehitu baita zerrendan: Goikoetxea auzia. Bazirudien PSNk zentsura mozioa aurrera aterako zuela, mehatxua mahaia gainean jarri zuenez gero, baina 2007ko ‘agostazo’a errepikatu da: nahiago baita Nafarroa ustela Nafarroa euskalduna baino. Alta, instituzioetan ez da mundua ez hasi ez bukatzen. Hartara, Nafarroako gizartea aldaketa garaian dela sumatu da. Lehenbiziko lerrotik bizi ditu gertaerak Juan Kruz Lakastak, eta harengana goaz erantzun bila.

Juan Kruz Lakasta

Zer aldatu da 2011tik hona Nafarroan?

Gauza asko aldatzen ari dira, plano ezberdinetan. Erakundeetan bistan da aldaketarik ez dela gertatu. Nafarroako gizartean, aldiz, gauza asko aldatzen ari dira: sakonekoak eta atzerabiderik gabekoak. Azken boladan modan dago hegemonia kulturala kontzeptua, Gramscirena. Labur azalduta: gizarte ustez demokratiko eta anitz batean talde sozial batek bere balore propioak inposatzen ditu guztion onerako bailiran, baina mesede soilik talde horri egiten dio. Hori Nafarroan azken 30 urteetan gertatu da. Eskuin politiko ekonomiko eta mediatikoak nafarrei zer pentsatu, sentitu eta egin inposatu eta sinestarazi die. Hori erortzen ari da.

UPNren kudeatzaile onaren mitoa hamaika zatitan apurtu da. Bere garaian Alvaro Mirandak ederki laburbildu zuen mito hori. Behin esan zuen Espainiako basamortu ekonomikoan Nafarroa oasia zela. Hori sinistera iritsi dira UPNko buruak, eta jendearengan errotu den ideia izan da. Nafarroako Kutxaz eta osasun sistema publikoaz harro zegoen jendea. Hori amaitu da, gertatutakoa ikusi besterik ez dago.

Agenda mediatikoa eta politikoa Diario de Navarrak markatu du azken 80 urteotan. Altxamendutik hasita. Gaitasun hori galdu dute. Beste komunikabide batzuen ahaleginari esker, adibidez Diario de Noticias eta herri mugimenduko zenbait talderi esker, Kontuz, esaterako. Diario de Navarra atzetik dabil, gaiak beste batzuk jartzen dituzte. Lehenago Diario de Navarrak bazuen gaitasuna zertaz hitz egin eta zertaz ez erabakitzen zuena.

ETAren desagerpena mamu identitatioarekin lotuta ere aldaketaren faktorea da. Urtetan vasco-en mehatxuak oso ondo funtzionatu du. UPNren jaiotza dekalogoa abertzaletasunaren aurkakoa da erabat. Eraiki duten nafar nortasun hori abertzaletasunarekin konfrontazioan sortu dute, eta higatzen ari da. Obsesio identitarioek itsututa CAN zakurraren ipurdiko kutxekin elkartzea erabaki zuten, gainontzeko euskal kutxekin ez batzeko. Hori jendeak ikusi du. Nahiago izan dutela CAN galbidera eraman euskaldunekin elkartzea baino.

Alimaleko krisi edo tokomotxoak bizi gaitu eta horrek alde krudel eta latza du, baina baita alde ona ere, elkartasuna piztea. Neoliberalismoa pairatu dugu jendea berekoikeriarantz mugituz eta egoera latz honetan elkartasuna berpiztu da. Kalera atera da jendea eta, ETAren desagerpena tarteko, harreman berriak sortu dira. Lehen bizkarra emanda bizi zirenak orain eskutik helduta ikusten ahal dituzu edo pankarta berberari helduta karriketan. Ez dakit hori noiz helduko den alderdi eta sindikatuetara, baina kalean gehiengo sozial berria sortzen ari da.

“PSN aldaketarako giltza

den bitartean oso zaila

izanen da gobernu

aldaketa gauzatzea”

Gobernu aldaketa noizko?

PSNrik gabeko gobernu berria?

Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak gehiengo osoa behar lukete. Soziologikoki ez dut uste horretarako ematen duenik. Hori horrela, gobernu aldaketa Nafarroan nahikoa zaila begitantzen zait. Pena ematen dit horren ezkor azaltzea, ezkortasuna ez omen delako batere iraultzailea. Erakundeei doakionez ez naiz hain baikorra baina aldaketa sozialei dagokienez bai.

EAEren independentzia ala lauren autonomia bateratua?
Iduri luke guztiaren inguruan eduki behar dugula iritzi finko bat, eta ez dago zertan. Oso eztabaida interesgarria iruditzen zait, eta zabaldu beharrekoa, jakinagatik ere nafar bezala gibelean gelditzen ahal garela. Zenbaitetan jakin behar da modu pragmatikoan jokatzen.

“Historizismoarekin eszeptikoak

ginenok ezustekoak hartu ditugu”

Zenbateko garrantzia ematen diozu historiari?

“Espainiako bandera

errespetatzen ikasi behar genuke”

Zein da zure Nafarroa amestua?

Zertan da Euskalerria Irratiaren egoera, lizentziak eta?

Oso garrantzitsua da garaipenak identifikatzea eta ospatzea. Espainiako Auzitegi Gorenak gure alde egitea garaipena izan zen. Arrazoia dugula erakusten du. Nafarroako gobernuari muturrean eman diogu, askotan guri eman diguten bezala. Noizean behin erantzuteko beta izaten dugu eta hori plazer handia da. Europan ere lortu ditugu garaipenak. Zur eta lur gelditzen dira hemen gertatzen dena aditzean.

Galdera bada noiz emanen diguten lizentzia irudipena daukat UPN gobernuan dagoen bitartean ez digutelako emango. Aspaldi hartu zuten erabaki estrategikoa, Iruñerrian euskarazko ikus-entzunezkoei bidea ixteko. Hala, Euskalerria irratiak duen garrantzia baino gehiago hartu du. Garrantzitsua da sakabanatuta bizi diren euskal komunitateentzako kideentzat, baina ikur ere bihurtu da: UPNren hizkuntz politika xenofoboaren ikur. Desiratzen daude euskaldunoi hatza begian sartzeko. Ez dute amore emanen, gero eta zirrikitu txikiagoak izan arren. Dagoeneko hirutan salatu dute epaileek 1998ko lizentzia banaketa legez kanpokoa izan zela.

elkarrizketa, Euskalerria, irratia, juan kruz lakasta, lakasta, nafarroa, ZuzeuTB
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

9 pentsamendu “Juan Kruz Lakasta: “Bizkarra emanda bizi zirenak orain pankarta berberari helduta ikusten ahal dituzu””-ri buruz

  • Errespetagarria al da ikur inperial bat? Eman dezagun Euskal Estatuan bizi garela, zer kalte egiten digute bandera frantziarrak eta espainiarrak? Hor bandera horiek ez dira ikur inperialak, beraz kalterik ez. Baina ez gara Euskal Estatuan bizi… orduan?

  • Espainiar estatuaren sinbolo konstituzionalak horixe sinbolizatzen baitu: Euskal Herriaren ukazioa. Espainiar identitatea errespetatzen dut, baita Euskal Herrian bizi direnena ere. Baina euren estatua eta estatu horren sinboloak ez ditut errespetatzen, estatu horrek gu ez gaituelako errespetatzen, ezta gure sinboloak ere.
    Berdin gertatzen da kirol selekzioekin: espainiar kirol federazioek egiten dute indar gehien, euskal federazioek nazioarteko txapelketetan joka ez dezaten. Nola errespetatuko ditut nik selekzio horiek? Nola errespetatuko ditut kamiseta horiek?
    Gure zapalkuntzaren sinbolo dira!!!

  • Bihartik beretik hasita Euskal Herria Irratiko bazkide naizen honek bazkide izateari utziko diot, eta nahi nuke nik bezala beste askok ere bazkide izateari uztea, Gera daitezela Geroa Baiko erdaldun horiekin, euskara ikasteko inolako ahaleginik egiten ez duten horiekin. Entzule fidelak izanen dituzte.

    • Nagore: Ia ziur nago ez zarela Euskalerria Irratiko ez bazkide ezta entzulea ere. Bestela jakingo zenuke gauza bat direla Lakastaren iritzi pertsonalak (elkarrizketa honetan jorratu dituenak) eta beste bat esatari moduan egiten duena: bere ibilbidea inpekablea izan da eta eredugarri izan beharko luke hainbeste “ayatola” mediatikorentzat. Euskal Intereconomia bat nahi baduzu beste leku batean bilatu beharko duzu.

      Benetan bazkidea baldin bazara (eta zalantza handiak ditut), izateari uzteko eskubidea daukazu, baina mesedez, UPNren boikot nazkagarria nahikoa da Euskalerria Irratirentzat, etzazu areagotu agoantatu behar duten kaka piloa.

  • ZuZeu

    Nagore: Lekuz kanpo dago zure dei hori. Ez dugu horrelako kanpainarik ametituko ZuZeun. Justu kontrakoa. Euskalerria irratiaren aldeko ekintzak babestu eta sustatuko ditugu. Horrelako boikot kanpainetarako jai duzu gurean.

  • NFEan kontzientzia aldaketa behar da. Gaur egun, NFEko klima intelektualaz hitz egin dezakegu: Eduardo Gil, Patziku Perurena, Xabier Zabaltza, Aingeru Epaltza, Santi Leoné, Juan Kruz Lakasta, Hedoi Etxarte… Katakrak… EAEaren morrontzatik atera dira. Ahots propioa dute.

  • Espainiaren ikurra errespetatu beharko genukela? Bai beraiek gurea errespetatzen duten bezala? Gure hizkuntza, ekonomia, legeak… errespetatzen dituzten bezala?
    Zer errespetatu behar da Espainiako ikur inposatuan? Hau bai ez nula espero. Beno jada denetarik espero dut.

  • Bai Nagore, “utzi” Euskalerria irrati “txepeleko” bazkidetza, eta egin zaite edozein irrati autentiko-erdalduneko bazkide. Ideiarik ez duzu, guapa, Euskalerria irratiak Nafarroan egiten digun ekarpenaz.

  • Iruñean eta Nafarroan euskaldunok ditugun ahotsetatik, interesgarrienetako bat, beharrezkoenetako bat…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude