Juan Jose Tafalla, Corellako botanikari handia

Juan Jose Tafalla, Corellako botanikari handia –

XVIII. eta XIX. mendeen artean bizi izan zen Corellan jaiotako botanikari nekagabea. Ameriketara joan zen espedizio batekin eta hango lurretan egin zituen bere ikerketa handiak. Zoritxarrez, gaur, ezezagun egiten zaigu bere izena.

Haurtzaro eta gaztaro urteak

Juan Jose Tafalla Nabazkoze Erriberako Corella herrian jaio zen 1755eko abuztuaren 8an. Bost urte lehenago gurasoak, jatorriz Tuterakoak zirenak, Corellara aldatu ziren eta aita, Jose Tafalla Baduz, herriko botikaria izan zen luzaz. Amak, berriz, Josefa Nabazkoze izena zen. Juan Josez gain lau seme-alaba gehiago izan zituzten, eta horietako bi botikari izan ziren, aitaren eta Juan Joseren antzera.

Juan Jose Tafallak haurtzaroa eta gaztaroa Corellan igaro zituen aitaren botika-dendan lagunduz, hogei urte bete zituen arte. Jakin badakigu, 1776an Atarrabian bizi izan zela. Urte haietan armadan sartu zen eta 1780an Limara, Peruko hiriburura, igorri zuten Tupak Amaruren matxinadari aurre egitera zihoan Soria erregimentuaren barruan. Soldadu izateaz gain erregimentuko botikaria ere bazen. 1784an Callaoko portuan zebilen.

.

Botanikaren bideetan

XVIII. mendeko hastapenetatik bazen eztabaida handia Europako zientzialarien artean. Frantsesek zioten lurra luzatu egiten zela poloei begira, eta ingelesak, berriz, ez zeuden bat ere ados kalkulu horiekin. Eztabaida horri amaiera jarri nahian, Pariseko Zientzia Akademiak espedizio bat bidali zuen Hego Amerikara beharrezko neurketak egin zitzan. Horretaz gain, kina zuhaitzen ikerketa sakona egiteko asmoa zuten.

Garai hartan Europan kinaren azala miresten zuten malariaren sendagai aparta zelakoan.

Espedizio horretan oinarriturik, espainiarrek ere hainbat espedizio botaniko antolatu zuten hango lurraldeetako landaretza ezezaguna aztertzeko eta hobeto ezagutzeko asmoz. Peruko ikerketa botanikoak egiteko Hipolito Ruiz eta Jose Pavon botanikariak hautatu zituzten. Hauen eginbeharra zen hango landaredia, eta kina zuhaitzak bereiziki, Quijos-eko kanela eta Guayakil aldeko zuhaitzen zura ongi ikertzea. Lan handia zelakoan, hainbat laguntzaile eraman zituzten, horien artean ordurako botanika formakuntzan hasia zen Juan Jose Tafalla botikaria eta Francisco Pulgar marrazkilaria. 1785an hasi ziren lan horietan, eta Ruiz eta Pavon Espainiara itzuli zirenean, Tafalla eta Pulgar-ek hartu zuten ikerketaren ardura.

Juan Jose Tafalla, Corellako botanikari handia

1799an Tafallak espedizio bat antolatu zuen Guayakil aldera, bertako landaredia eta kina zuhaitzak hobeto aztertzeko. Mutis izeneko marrazkilaria eraman zuen berekin egin nahi zuen libururako ilustrazioak egin zitzan. Flora Huayaquilensis izeneko liburua egitea zen bere asmoa. Ikerketak amaitu ondoren, Limako San Markos Unibertsitateko botanika irakasle izendatu zuten. Hiri honetako baratze botanikoa ere berak sortu zuen. Hogeita zazpi urtez Peruko eta Txileko landaredia aztertu zuen, etenik gabe, eta ehun bat landare deskribatu zituen horretarako egin zituen ilustrazioetan. Madrilera bidali zituen ilustrazio horietako anitz Ruiz eta Pavonek egin zuten Flora Periviana et Chilensis izeneko liburuan erantsi zituzten. Liburu honetan azaltzen dira hainbat espezie Juan Jose Tafallak emandako izena daukatenak, esate baterako: Mikania tafallana, Solanum tafalla eta Ornithidium tafalla. 1811ko urriaren 1ean, Lima hirian zendu zen bere liburua plazaratu gabe.

.

Liburuaren aurkikuntza

Abantzu bi mende berantago, 1985. urtean, Ekuadorreko Unibertsitate Zentraleko Eduardo Estrella Agirre irakasleak beka bat atzeman zuen Ruiz eta Pavonen ikerketak ongixko aztertzeko. Horretarako Madrileko Baratze Botanikoan, aipatu bi botanikariek igorritako materiala aztertu zuen, eta hortxe, ustekabean, arasa baten barruan, Juan Jose Tafallaren materiala topatu zuen.

Juan Jose Tafalla, Corellako botanikari handia

Bi urte eman zituen aurkitutako ilustrazioak, osora ehun inguru, aztertzen, transkribatzen eta antolatzen eta azkenean, 1989an Juan Jose Tafallak amestutako Flora Huayaquilensis izeneko liburu eder eta mardula argitara eman zuen. 2012an Nafarroako Gobernuak Juan Tafallari buruzko monografia bat plazaratu zuen, non Eduardo Estrella Agirre irakasleak, 1985ean, corellarraren libururako egin zuen aurkezpen lan sakon eta luzea erabili zuten. Azkenean, urte luzeak pasatu badira ere, historiak jakin du Juan Jose Tafalla Nabazkoze corellar botikari eta botanikariaren lan handia bere tokian jartzen.

Juan Jose Tafalla, Corellako botanikari handia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia