[#EztabaidaNazionala] Juan Jose Etxabe 2.0

Juan Jose Etxabe 2.0 –

Eztabaida Nazionalak utzitako gogoetak urre gorria direla iruditzen zait independentismoaren norabideaz eta zereginez hausnartu nahi duen edonorentzat. Lehena iazko irailean argitaratu zen, eta azkena iragan astean. Ekarpenak egiteko tarteak libre jarraitzen duenez, plaza honetan ideia batzuk haizatzera ausartu naiz.

Juan Jose Etxabe 2.0

Mugimendu batek egiazki eraldatzailea izan nahi badu gizarteko ahalik eta segmentu handienak ekarri behar ditu bere atzetik, hori egiteak berak berme handia ematen diolako pauso horri atzeraezina izan dadin. Inor gutxik hitz egin dezake gaur eta hemen modu irekian euskararen aurka (nahiz eta bere nahiak bestelakoak izan), nehor ezin da edonola mintzatu emakumeen eskubideen kontra (bere xedea beste bat izan arren), nekez esango dio politikari batek pentsionistei diru sarrerak murriztuko dizkiela (bere intentzioak beste norabide batetik joanagatik ere), kostata aitortuko du Euskal Herriko edozein administraziotako arduradun batek bere erabakiak “autogobernuan” atzerakadarik dakarrenik (burujabetza beharrean “burugabetza” indartu arren). Hori hamaika eragilek egindako lan eskergari esker izan da, hamarkadetan zehar egindako inurri lanaren ondorioz herri sektore zabaletan iritzi edo posizio batzuk sakonki errotu direlako.

Funtzionamolde honek tenpo batzuk exijitzen ditu. Kontua ez baita norbere gorringotik lelo batzuetan gotortu, eta ondoren herri sektore zabalak konbentzitzea lortuko ez duen bide batean katramilatzea. Poliki baina martxan, emeki baino sendo, pauso errealak ematea posible bilakatzen duten indar metaketa handienak ahalbidetzea da afera.

Hori horrela izanda, bada tenpo horiekin ezkontzen ez den auzi bat, elefantea egongelan: auzi klimatikoa.

Klima krisiari dagokionez aspaldi utzi genion amildegiaren ertzean egotetik amiltzera. Aurreikuspen baikorrenek ere negargurea ematen dute.

Juan Jose Etxabe 2.0
ARGIA
  • Kapitalismo berdeak ez dio erantzunik emango berak sortutako arazoari; beste material batzuekin, baina ekoizpen maila mantendu edo handitzeko anbizioz jokatzen baitu. Klima aldaketari buelta emateko bidea deshazkundetik pasako da, eta bi modutan eman daiteke egoera hori: modu antolatuan, edo naturak bere modura eskuratuta.
  • Norberak bere eguneroko bizitzan naturarekiko errespetuz har ditzakeen neurriak oso garrantzitsuak dira; kolektiboki hartzen direnak inportantzia handia dute; baina gakoa botere guneetatik hartzen diren erabakietan dago, eta klima larrialdiari merezi duen tamainako erantzuna emateko boterea eskuratu behar da. Liberalismoaren eta ultraeskuinaren artean balantzan dabilen Europan, geroz eta zailagoa izango da klima aldaketaren aurkako neurri sakonak hartu nahi dituztenentzat horretarako agertokiak sortzea.
  • Euskal Herriak independentzia bihar eskuratuta ere dependentzia energetiko latza genuke, %95ekoa. Euskal herritarron kontsumo maila aintzat hartuta bi Euskal Herri eta erdi behar genituzke (1.5 hori noren bizkar dago?). Esperientzia emankor ugari daudela aitortuta, aurrekari batzuk ez dira kriskitinak jotzeko modukoak: erronka ekologikoa erraldoia izanagatik horren baitako neurri txiki bat ezartzeak matxinada erreakzionario bat eragin zuen Gipuzkoan (atez-atekoari, in memoriam).

Euskal Herria eszenatoki berri batera eramateko potentziala daukaten mugimenduek ba al dute pedagogia egiteko astirik gai honen inguruan? Ze denbora tarte gelditzen da aldamenekoa konbentzitzen aritzeko, egoerak atzera bueltarik ez daukala aitortu aurretik?

Juan Jose Etxabek 60ko hamarkada bueltan esan zuen bazekiela 200 urteren buruan klase borroka egongo zela, baina ez zekiela Euskal Herria non egongo zen. Esaldi hori birformulatu daiteke: independentiston arteko ika-mikak ika-mika… “200” urte barru izango al da, ez Euskal Herririk, baizik eta gizateriarentzako gutxieneko bizi baldintzarik, zentzu biologikoenean?

Egunero irensten dugun informazio jasa tarteko, ez da samurra izaten ezberdintzea zer den gari eta zer lasto. Baina afera honen inguruan adostasuna geroz eta handiagoa da, eta datuak geroz eta larriagoak.

Galgak gutxi ez izan arren Euskal Herriaren markoaren baitan existitzen diren indar harremanak aproposagoak dira emantzipaziorako, Espainian eta Frantzian ezin baita. Gaur eta hemen errepublikazale izateko modu pragmatiko bakarra independentista izatea den gisan, bizitza duinagoak izateko burujabetza behar dugun antzera, euskara biziko bada estatu bat behar duen moduan… Maiatzaren 1aren biharamun honetan geroz eta ozenago zabaldu beharreko mezua da auzi ekologikoak planteatzen digun partida jokatzeko joko zelai aproposena Euskal Errepublika bat dela.

Ozenago, eta azkarrago. Eztabaidak eztabaida, kontu honi bueltarik ematen ez bazaio “200” urte barru ez baita izango ez Euskal Herririk, ez Frantziarik eta ez Espainiarik.

Juan Jose Etxabe 2.0  Juan Jose Etxabe 2.0

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude