Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du

Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du –

Dantzan ataritik jasoa.

Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du
Jota Lesakako sanferminetako aurreskuan, Lesaka, 2019-07-07 (Amaiur Aristi ).

Kultura intereseko ondasun inmaterial aitortu du jota Nafarroako Gobernuak. 2019ko azaroaren 27an Foru Exekutiboak eginiko bilkuran erabaki zen Nafarroako Jotari izendapena ematea eta pasa den otsailaren 25ean egin dute ospakizun ekitaldia.

Ortzadarreko dantzariak Nafarroako jotaren Kultura Intereseko Ondasun izendapenaren ekitaldian, Iruñea, 2020-02-25 (Ortzadar).

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 2019ko apirilean hasi zuen izendapenaren espedientea, Navarjota kultur elkarteak eskatuta. Navarjota elkarteak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ondare Inmaterialaren Katedrak elkarlanean abiatutako prozesuaren emaitza da izendapena. Jotarekin lotutako talde, erakunde eta pertsonekin eztabaida-taldeak egin dituzte. Hausnarketa horretan, izendapena babestu, jotaren arriskuak identifikatu eta konponbideak proposatu dituzte.

Jota adierazpen oso orokorra da eta izendatu beharrekoa zehaztea ez da horren erraza. Alfredo Asiain, NUPeko Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoak azaldu digu Jota estilo musikalak, bere osotasunean, jaso duela aitortza. Izendapenak bere baitan jasoko ditu jota dantzatua, abestua eta musikariek interpretatua.

Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du
Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideak Nafarroako jotaren Kultura Intereseko Ondasun izendapenaren ekitaldian, Iruñea, 2020-02-25 (Ortzadar).
.

Eta orain zer?

Merezimenduzko edo beharrezko izendapenak bereizten ditu Asiainek. Bere ustez badaude adierazpen batzuk, bertsolaritza esaterako, babeserako neurri handirik ez dutenak behar, baina egungo egoera onagatik merezimenduzko aitortza jaso beharko luketenak eta dutenak.

Jotaren kasuan, eztabaida taldeetatik hainbat arazo identifikatu dira. Jota dantzatuan esaterako dantzak feminizatu dira eta taldeetan mutilak bilatzeko zailtasunak daudela ikusi da. Jota kantatuan, berriz, adineko ikusleengana bakarrik iristen direla uste da, ez dago berritasunik. Identifikatu diren arazo eta beharrak konpontzeko neurriak aplikatu behar direla dio orain Asiainek.

Otsagabiko jota, Otsagabia, 2007-09-08 (Aritz Ibañez).

Izendapenari baino neurriei eta hausnarketari ematen dio garrantzia. “Guretzat interesgarriagoa da izendapena baino, adierazpenak ikertu eta horietan sakontzea. Adierazpen horien arriskuak identifikatzea eta ikustea ze etorkizun duten. Indartzean, proiekzioan edo eguneratzean egin behar da lana”. Txostenean jotaren babeserako plana egitea proposatzen da. “Ardatz nagusiak ikerketa, dokumentazioa, hezkuntza eta transmisioa izango lirateke. Kolektiboen barruan neurriak hartu eta sentsibilizaziorako neurriak ere aurreikusten ditugu”. Zenbait taldek tradizioan oinarritutako dantza berriak sortu dituzte, “horrek behar luke lan ildoa”. Garai berrietara egokitzea beharrezkotzat jotzen du.

.

Izendapen gehiago

Estilo musikal osoari eman zaio izendapena eta horrela esan daiteke Nafarroako dantza ziklo batzuek ere hartu dituela izendapenak: Otsagabiko jota, larrain-dantzako jota, Erriberako paloteadoetako jotak…

Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du
Jota San Blas soka-dantzan, Iruñea, 2019-02-03 (Ivan Delgado).

Nafarroan aitortza merezi duten dantza zoragarri asko daudela uste du Asiainek. Ortzadar Euskal Folklore Elkartea, dantzen inbentarioen inguruko lanean ari da Nafarroako Dantzen Atlasarekin eta “pixkanaka joan beharko genuke aukeratzen”. Lesakako dantzen zikloa edota Otsagabiko makila-dantzek aitortza jaso dezaketela uste du. Esan digu, askotan, zalantzak dituztela dantza jakin bati eman behar zaion izendapena edo festa osoari. Bestalde, Altsasuko inauteriak ere oso interesgarriak direla uste du eta aitortza jasotzeko egokiak izan daitezkeela.

Oraingoz, jotaz gain Nafarroan Iturengo eta Zubietako inauteriek, Luzaideko Bolant Egunak eta Cortesko paloteadoak dute Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena.

Jotak Nafarroako Kultura Intereseko Ondasunaren izendapena jaso du

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.