Joseph Beuys: konfinamenduaz eta konfinamendu-osteaz zerbait irakatsi zigun artista

Joseph Beuys: konfinamenduaz eta konfinamendu-osteaz zerbait irakatsi zigun artista –

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.

Joseph Beuys: konfinamenduaz eta konfinamendu-osteaz zerbait irakatsi zigun artista
Little John koiotea eta Joseph Beuys (eskuinean, feltrozko oihal batean bilduta), New Yorken egin zuen ekintza artistikoan.

Laster beteko dira 46 urte, maiatzaren 21ean. 1974ko egun horretan, Düsseldorfetik New Yorkera iritsi zen hegaldi batek tipo bitxi bat zeraman barruan: feltrozko kapelua, arrantzale txalekoa eta erantzun bitxi bat immigrazio kontrolean zertan lan egiten zuen galdetu ziotenean: “Eskultore soziala naiz”. Joseph Beuys zuen izena eta guk denok azken bi hilabeteetan bizi izan dugun konfinamenduaren bertsio laburrago, baina, era berean, gutako gehienona baino muturrekoagoa egitera zihoan Manhattango René Block arte galerian.

Harkaitz Canok hitz egin zuen performance horretaz Twist nobelan: “I like America and America likes me izena du ekintza honek eta Beuysez aparte badu beste protagonista bat ere: Little John koiotea. Artista alemaniarraren ekintzarik ezagunena eta komentatuena. Feltrozko alfonbra batean bilduta heldu da Beuys JFK aireportura. Ohatila baten gainean etzanarazi eta arte galeriara eraman dute anbulantzian, AEBetako lurrik zapaldu gabe. Han, zain du Little John koiotea, lasto artean. Wall Street Journal egunkariaren ale pila dago bertan eta feltro zatiak ere bai. Bastoi bat dauka, bere betiko feltrozko kapeluaz aparte. Lurrean esertzen da, koiotearekin mintzo. Beuysek bere burua estaltzen du feltrozko oihalarekin, bastoiaren punta baino agerian geratzen ez dela. Koioteak feltroari tira egiten dio orduan, urratu egiten du oihala. Egunek aurrera egin ahala, Beuys da lasto artean dagoena; feltro eta egunkarien artean koiotea. Noiz edo noiz, Beuysek «musika» egiten du lepoan zintzilik daraman triangeluarekin. Hiru egunen buruan, elkarrekin bizitzera ohitu dira. Beuysek estuki besarkatzen du Little John koiotea hura agurtu aurretik. Animaliarekin konpartitu duen lekuan lasto eskutadak barreiatzen ditu. Etorri den modu berean bueltatuko da JFK aireportura, anbulantziara sartuko dute ohatilan etzanik, feltroz bilduta, lurra oinekin zapaldu gabe, eta badoa New Yorketik eta AEBetatik, hirian koiotearekin partekatutako espazioa beste ezer ikusi gabe”.

II. Mundu Gerra osteko artistarik berritzaileenetakotzat dute “denok artistak gara” aldarrikatu zuen alemaniar hau. Eskultorea, irakaslea, aktibista, ekologista, bere lana perspektiba zabal horretatik begiratzea kritikatu zioten: “Eguzkipean dagoen guztiaz hitz egiten duzu, arteaz izan ezik!”, leporatu zioten eta Beuysek erantzun: “Eguzkipean dagoen guztia da artea!”.

Egin diezaiogun jaramon, uler dezagun gertatzen ari dena termino artistikotan; azken finean, Little John bat baino arriskutsuagoak diren piztiekin lau hormaren artean sartuta daude pertsona asko, eta ez azken hiru egunetan, martxoaren erdialdetik baizik. Ez gara pixka bat ohitu egoera beldurgarrietara ere? Ez dugu sentitu, artistaren gelakideak bezala, Wall Street Journalen –edo antzeko funtzioa betetzen duten beste edozein kazetaren– gainean pixa egiteko gogorik iragartzen hasi diren neurri ekonomiko, politiko eta sozialak irakurrita?

Beuysen obrek bazuten zerbait bisionariotik, kasik xamanikotik: hilda zegoen gizarte bat sendatzeko nahi moduko bat, beharbada berreskuratu beharko dena bizitzen ari garen performance hau bukatzen denean –inoiz bukatzen bada–. Orduan esan ahalko dugu ia aurrekaririk ez daukan ekintza artistiko batean parte hartu genuela, inplikatutako pertsonak, praktikan jarritako inprobisazioak eta obraren dimentsio espazial, politiko eta sozialak humanitatearen historian gutxitan ikusitakoak izan zirela, errepikaezinak segur aski.

Agian, horrekin batera, galdetuko dugu hori gertatu aurretik izan ginenetik zerbait geratu ote den bizirik. Agian aurretik ginena ere esplikatu beharko dugu, nola bizi izan ginen urtetan, zergatik egiten genuen egiten genuena. Egoera hori ere aurreikusi zuen Beuysek, Nola azaldu koadroak hildako erbi bati ekintzan. Burua eztiz eta urre-hautsez beterik, besoetan zeraman hildako erbi bati esplikatzen zizkion paretetan zintzilik zeuden marrazkien esanahiak, ezer ulertzen ez zuen publiko baten aurrean. Ariketak zentzugabea dirudi. Konturatzen zaren arte gure bizimoduaren oinarriak arrazionalki esplikatzen hasiko bagina, gutxi gorabehera, antzeko eszena baten protagonista bihurtuko ginatekeela.

Joseph Beuys: konfinamenduaz eta konfinamendu-osteaz zerbait irakatsi zigun artista

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude