Jon Miranderen umore beltzezko 13 pilula

Jon Miranderen umore beltzezko 13 pilula

Halloween jaiaren egokitasunari buruzko eztabaidetan sartu gabe, Domu Santu eguna Jon Mirande zenaren Humore beltzaren modelak labur eta ilun” emanda ospatzea otu zaigu.

Jon Miranderen umore beltzezko 13 pilula

Automobilista bat sartzen da herri txipi bateko jendarmerian, eta griñaturik iduri, geldegiten du:

— Herri huntan zakurtzar beltzik badea?

— Ez.

— Eta behi beltzik?

— Ez.

— Eta zaldi beltzik?

— Ez.

— Ozpina! Orduan apeza dut lehertu…

.

* * *

.

Kattina nigar zotinka ari da.

— Zer dun, maitea? —galdegiten dio osabak.

— Amak gatu-humeak oro hil ditu.

— O gaiztoa! Eta hik begiratu nahi hituen?

— Ez, nihauk hil nahi nituen.

.

* * *

.

Masokistak: —Min egidak!

Sadikuak: —Ez!

Masokistak: —Eskerrik hanitz!

.

* * *

.

Elurra ari da eta Joanes txipia irri-karkailez dago, leihotik so.

— Elurra erorten ari delakotz irri egiten duk? —amak galdegiten dio.

— Ez elurra, jendeak erorten direlakotz…

.

* * *

.

Bizar eginguan.

— Tomate saltsarik jan duzua egun?

— Ez. Zergatik?

— A! orduan, zintzurta moztu dizut.

.

* * *

.

— Lore pollit hoik nori eramaten dizkiok, Jean Pierre?

— Amattori.

— Kontent izanen duk, bai…

— Ez dut uste: haren ehortzetarako dira.

.

* * *

.

Cabaret-artista bat da. Cabareteko zuzendariak galdetzen dio eia zerbait asmatu duenetz arratseko, programarako.

— Bai —erantzuten dio—; ipuin farreeragingarri bat asmatu dut… farrez hiltzekoa gero.

Ageri da zuzendariak dudak badituela, ordea, eta artistak ipuiña, kontatzen dio, bere aburua eman diezaion. Baina besteak hainbat farre egiten du non eta, azkenean, hiltzen baita. Artista bahitzen dute, zuzendaria berak hil duelakoan. Gauza gertatu den bezala esaten die poliziako gizonei, baina hauek sines-gogor dirudite. Orduan haieri ere ipuiña kontatzen die: farrez leher eta zart eginik bertan hiltzen dira poliziako buruzagia eta hamaika hamabi… Artista presondegian sartzen dute. Hantxe, bakar bakarrik, hauziaren zai, biziaz zeharo etsituta, azkenean bere burua hiltzen du. Ipuin farrez hiltzekoa bere buruari kontatuz, alegia.

.

* * *

.

Anai-arrebak gataskan ari dira. Mutikoak, azkarrago baita, begi bat ateratzen dio arrebatxoari; gero beharri bat; gero bigarren begia; bigarren beharriaren ateratzera doa, baina orduan amak:

— Orai aski duk! —eta zafla bat emaiten dio.

.

* * *

.

Neskatxa txipi bat burhezur txiki batekin jostatzen ari da. Amak galdetzen dio:

— Non hartu dun hori?

Neska hezurzalea bada ez da gezur zalea, eta berehala aitortzen du:

— Anaitxoaren buruan, amatxo!

.

* * *

.

Gizajale batek besteari.

— Nola senti zien aita-amak jan ondoren?

— Humezurtz…

.

* * *

.

Eguzki sartaldeko huri batean: plazaren erdi-erdian kondenatu bat hiltzen ari da, enpalaturik. Jendea begira dago. So egile urrikaldun batek esaten dio dohakabeari:

— Min asko ematen dizu?

— O, bai! —erantzuten du besteak—. Batez ere farre egiten dudanean…

.

* * *

.

Langile batek begi bat galdu du ezbehar batean. Kristalezko begi bat erosten du beraz, eta, garbizalea delakotz, gauero oherakoan begi zulotik kendu ta arretaz ikuzten du. Behin batean, huts egiten du: kristalezkoaren ordez begi ona kentzen du.

— Alajaiña —oihu egiten du sumindurik—; berriz ere argia moztu didate!

.

* * *

.

Jon Miranderen umore beltzezko 13 pilulaNeskatxa txipi txipi bat harmonika joiten ari da. Jaun batek, apur bat beha egon ondoan, erraiten dio:

— Zer soinu ederra egiten dunan! Baina nik beste harmonika bat, hobeagoa, emanen dinat…

Eta bizar-labana bat emaiten dio.

— O, milesker, jauna —dio neskatxak irri pollit batekin.

Eta handik landa, haren irria gero eta zabalago da, gero eta zabalago, gero eta zabalago…

Jon Miranderen umore beltzezko  Jon Miranderen umore beltzezko Jon Miranderen umore beltzezko