Jon Agirrebeitia: "Ibilbide exigentea da, baina niri gustatzen zaizkit horrelako zirkuituak"

MTI4Mw==


Zelan sortu zitzaizun Munduko Kopako proba batean parte hartzeko aukera?
Iaz Endure Extreme modalitateko lasterketa bi korritu nituen. Gordexolan Pedro Gomez de Balboa ezagutu nuen; motor lasterketei-eta buruzko webgunea dauka. Ondo ibili nintzela iruditu zitzaion, eta eurekin Italiara joatera gonbidatu ninduen. Estatu osotik katalan bi (Xabi Galindo eta Melchor Faja) eta neu goaz.

Nolakoa izan da prestaketa?
Iazko urte amaieran deitu ziguten Gernikako Off Road taldetik, laguntzeko prest zeudela esanez. Beraz, Gabonetatik honako prestaketa daukat.

Gernika Off Roadetik deitu arte parte hartzea kolokan zeneukan.
Ilusioa baneukan, baina laguntza beharrezkoa da. Deitu eta hurrengo egunean hasi nintzen prestaketarekin. Fisikoa asko landu dut; izan ere, lasterketa 06:00etan hasi eta 22:00etan amaitzen da. Ibilbide exigentea da, baina niri gustatzen zaizkit zailak diren zirkuituak.

Tramuka korritzen da?
Goizean lau itzuli eman behar dira, bakoitza ordubetetik gorakoa. Lehenengo 30ak arratsaldeko saiorako sailkatzen dira. Arratsaldekoan, lehenengoa pasatu den tokitik denbora hartuta handik gorako atzerapenarekin pasatuz gero, lasterketatik kanpora geratzen zara.

Arratsaldekorako sailkatzeko aukerarik ikusten duzu?
Gauzak okertzen ez badira badaukat aukera, nik uste. Baina, beno, beti ere argi izan behar da horrelako lasterketa batean gauza asko gertatu daitezkeela: erorketak, arazo mekanikoak…

?Motorra ondo prestatu ahal izan duzu?
Motorra prestatuta badago. Motor ona izatea garrantzitsua da, baina proba horietan motorraren gainean doana da benetan emaitzak lortzen dituena.

Noiz eta zelan sortu zitzaizun motorrarekiko afizioa?
Betidanik gustatu izan zait. Bizikleta utzi ondoren, orain sei bat urte hasi nintzen lagunekin-eta motorrean ibiltzen. Gero, karrerak korritzen hasi nintzen.Emaitza onak lortu izan dituzu.2008an Euskadiko Txapelketa irabazi nuen. Urte horixe izan zen benetan serio hartu nuena. Iaz, esaterako, lasterketa bi bakarrik korritu nituen.

Eta zelan joan ziren?
Bietan ere ez nuen oso zorte ona eduki; motorrarekin arazoak izan nituen. Nabarnizen seigarren geratu nintzen eta Gordexolan laugarren. Ez nintzen gustora geratu. Gehiago egin nezakeela jakinda, beti geratzen da halako pena bat.

Motorra hartu aurretik, txirrindularitzan ibili zinen urte askoan.
Gazte-gaztetan hasi nintzen. Baneston ibili nintzen lehenengo, eta Portugalgo Matesika taldean ondoren, azken horretan profesional legez.

Zergatik utzi zenuen?
Alergiarekin txarto ibiltzen nintzen eta, batez ere, horregaitik utzi nuen, baina ez zen arrazoi bakarra izan. Taldean fundamentu eskasa zegoen; ez zegoen giro onik, lasterketa gutxitara eramaten ninduen, ordainketetan ere arazoak?

Errepideko txirrindularitza utzi zenuen, baina ez bizikleta.
Mountain-bikea hartu eta jaitsierak egiten hasi nintzen urtebetez. Sentzazio bitxia da; motor bako motorrean zoazela dirudi. Adrenalina soltatzeko modu ona da.Kirol arriskutsua ematen du.Egia esanda, bai, arriskutsua da. Baina momentu horiek bakarrak dira, bizi egin behar dira.

Zure izakerarekin bat dator?
Txikitan ere ezin nuen geldirik egon. Edo bizikletan edo beste zeozertan, baina beti mugitzen. Geldirik sekula ere ez.Errepideko txirrindularitza, mountain-bike jaitsierak ala motorra.

Zeinetan gusturen?
Motorrean. Bizikleta ere asko gustatzen zait, baina bat aukeratzekotan motorra.

Beraz, gaztetan oker aukeratu zenuen?
Bai, antza; beharbada bai.

Egoitz Murgoitiogaitik ere galdetu nahi dizut. (Abadiñarra Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna da ziklo krosean eta hirugarren geratu zen Espainiakoan)
Ederto dabil. Azken aspaldian askotan irabazi du, baina beti izan da txirrindulari ona. Oraingo lorpenekin konfiantza gehiago hartuko du, eta hemendik aurrera sorpresa on gehiago emango dizkigula uste dut.

Durangaldeko albiste gehiago: www.anboto.org

Irudia | Prestaketa laburra, baina intentsoa egin duela dio Agirrebeitiak | Argazkia: Kepa Aginako | LGPL
Enduro, enduro motor, Jon Agirrebeitia
Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude