Jokoa ez da errenta

Jokoa ez da errenta –

Amatiñori, Euskadi Irratiko Faktoria saiorako idatzi duen testua jaso diogu blogean.

Arazoa da heldu garela heldu garen lekura, gure aurretik izan zirelako euren bizitza konplikatu nahi izan zuten gizon-emakumeak. Eta, martxa honetan, ez dakit ba nik, gure ondorengoek beste horrenbeste esaterik izango ote duten. Jokoa ez da errenta, ez. Baina ezta enpresarik eza ere.

Jokoa ez da errentaAstebete joan da norbaitek 17 milioi euro irabazi zituenetik Villabonan, ONCEren sariketan. Oraindik ez da jakin irabazlearen berri eta, horretara, kazetariek ezin izan diote galdetu zer egingo ote lukeen diru horrekin. Jakinekoak dira ohiko erantzunak: “zorrak ordaindu, etxea erosi, bidaia egin…” Ez diot sekula inori entzun enpresa bat sortuko lukeenik.

Irabazlea ezagutzen ez dugunez, zuri, entzule, doakizu galdera zuzena: 17 milioi euroko saria irabaziko bazenu… enpresarik jarriko al zenuke?

Ez dizut erantzunik entzun baina, huuummm… ez dut uste. Jakina, bakoitzak gura duena egin dezake, baina ezin izango zenuke esan, behintzat, diru faltagatik izango litzatekeenik.

Enpresarik sekula jarriko ez dugunok besterik uste arren, enpresa sortzea ez da erraza. Gehienok nahi dugu beste norbaitek enpresak sortu ditzan, gainontzekook non lan egin izan dezagun. Nekez pentsatzen dugu, ostera, gu enpresari bihurtzea, guk lanpostuak eskaintzeko. Ez da diru-kontua, jarrera-kontua da.

Hain zuzen ere, ez dago garbi enpresa jartzea errentagarria denik. Hasteko, Villabonako irabazlea ezagutu aurretik, Diputazioak aurreratu du 17 milioi horietatik, ehuneko hogeiko zerga, berak kobratuko duela. Tira, ez da asko. Enpresa jarri eta hamazpi milioi irabaziko bazenitu, Diputazioak erdia-edo kenduko lizuke. Hau da, zerga gutxiago du, antza, jokoan irabazitako diruak, lanekoak baino.

Hamazazpi milioi horiekin enpresaren bat sortuko bazenu, inork ez lizuke ezer eskertuko, eta mundu guztia eskale bihurtuko litzaizuke: administrazioa, ogasuna, bezeroak, langileak, sindikatuak, bankuak… Eta, gainera, denekin kunplitu ostean, dirua irabaziko bazenu, ez zintuzkete ondo ikusiko.

Beraz, erosoena eta errentagarriena da ezer ez egitea. Isilpean geratu, dirua koltxoi-barruan gorde eta hor konpon marianton. Zertarako bizitza konplikatzen hasi?

Arazoa da, baina, heldu garela heldu garen lekura, gure aurretik izan zirelako, euren bizitza konplikatu nahi izan zuten gizon-emakumeak. Eta, martxa honetan, ez dakit ba nik, gure ondorengoek beste horrenbeste esaterik izango ote duten.

Esaera zaharrak dioenez, jokoa ez omen da errenta. Behar bada, ez. Baina, enpresarik eza, behintzat, seguru ezetz.

Jokoa ez da errenta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Jokoa ez da errenta”-ri buruz

  • Jo, nahasi samar ikusten dut Amatiño, gurak edo desioak errealitatearekin nahastuz:
    1.- Ez dakit zehazki, baina sozietate zerga, enpresen irabaziei ezartzen zaiena %24 ingurukoa da Gipuzkoan. Ez erdia.
    2.- Enpresa batek dirua irabazten badu eta diru hori, adibidez, makinaria berritzen erabiltzen badu horren gaineko zergarik ez du ordaindu behar. Enpresarien artean banatzen den zergak ( azkeneko irabazia edo irabazi garbiak) ordaintzen du %24 hori.
    3.- Jokoa, zeinek itzelezko adikzio arazo latzak sortzen bait dituen, enpresa bat da ere. Ez Amatiñok buruan eduki dezakeen industri-enpresa, baina etekin handiak ematen dituen enpresa: hortxe ditugu Reta, Kirol Jokoa, Ronaldoren Poker-a….e.a. Enpresa mota hau, balio erantsi urrikoa, geure instituzioetatik (ere) bultzatzen ari da.
    4.- Langileak ere, enpresa dira: euren lanetik aberasten dira aberasten diren enpresariak.

    Gauza batean ados Amatiñorekin: enpresa industriala sortzea oso neketsua, luzea eta sakrifikatua da. Baina honek ematen duena, orain bultzatzen ari diren 3. sektoreko enpresa guztiak baino askoz ere hobea, iraunkorragoa eta aberatsagoa da. Adibide bat jartzearren, 1000 Reta Bet edo Gaztelugatxek baino askozaz gehiago balio du Danobat batek.