Johan R. Bakedaori, betiereko argia

Johan R. Bakedaori, betiereko argia –

Ekainaren 30ean Johan Ramirez Bakedaoren heriotzaren 500. urteurrena izan genuen, 1512ko konkistatik nafar erresistentziaren fronte nagusietan borrokatu zuen buruzagia, Aldabe Mendiko gudan hil zuten arte. Egun San Martzialgo guda izenez ezagutzen duguna ulertzeko pertsonaia giltzarria dugu, frantsesen aurkako guda beharrean, nafarren deskonkista saiakera berri bateko borrokaldia izan zenaren erakusle baita.

Johan R. Bakedaori, betiereko argia
Bakedano eta Gollano,l Zudairetik. Arg: Unai Fdz. de Betoño

1522ko ekainaren 30a. Urtebete igaro da Noaingo gudako porrotetik, non Nafarroako Erresuma askatzeko hirugarren deskonkista saiakera guztiz zapuztu zen. Hiru astetan ia Nafarroa guztia askatu zen, nafar armada frantsesen laguntzaz erresuman sartu bezain laster, herriak okupatzaileei oldartu eta goarnizioak kanporatu zituzten tokian toki. Iruñeko herriak berak, armada askatzaileari ateak ireki zizkion, zibilen aurka kanoikadaz zebilen Loiolako Inazioren gaztelua menperatu zedin behingoz. Noainen bukatu zen zorioneko saiakera.

Udazkenean berregin eta Irun-Irantzu (Behobia), Hondarribia eta Amaiurko gazteluez jabetu ziren, uda arte inguruko eremu askea mantenduz, borrokaldi txikiak tartean: Orreaga, Ziga, Doneztebe… eta Aldabe Mendiko guda, San Martzial egunean.

Lau egun lehenago, ekainaren 26an, Behobiako gazteluko buruzagi frantsesak gotorlekua uztea eta suntsitzea erabaki zuen. Baina lan horretan zegoela, gipuzkoarrek kendu zioten. Hondarribiko gazteluzainak arriskuaz jabeturik, gotorlekua berrartzeko armada bat eskatu zion Baionako gobernadoreari, eta honek 1.000 lapurtar bidali zituen Altzate eta Senpereko jaunen gidaritzapean, eta 3.500 lanskenete (mertzenario alemanak) Bakedaorenean.

Hilaren 28an saiatu ziren Bidasoa zeharkatzen, eta gauean lortu zuten. 30ean, Anbulodi eta Azkue kapitainen milizia gipuzkoarrak Irundik iritsi ziren, eta egunsentia baino lehen, eraso zituzten. Bakedao euskalduna zela esan dezakegu, hurrengo mendeetan bere eskualdea erabat euskalduna zela dokumentatua baitago, baina alemanez ere moldatzen zela badakigu, bere hizkuntzan animatu baitzituen mertzenarioak borrokan. Hauetako 200 bat hil omen ziren, haien artean bere alfereza eta Bakedao bera, eta beste hainbeste preso hartu, Senpereko jauna ere. Bakedaoren heriotza jakin ondoren, guda-zelaian bilatu zuten eta Lapurdira eraman zuten hilobiratzeko. Amezkoan, 10 urteko Diegok aita galdu zuen; Nafarroaren askapen borrokak, buruzagi duin eta nekaezinetako bat.

Johan R. Bakedaori, betiereko argia

1512tik borrokan. Johan Ramirez Bakedao (Amezkoako San Martingo jauna) Lizarraldeko noblea, agaramontarren bandokoa zen; hamar urtez borrokatu zuen Nafar Erresumaren alde, eta Gerra Zibilean bezala, beaumondarren kontra, oraingoan konkistatzaileen morroiak. 1512ko uztailaren 21ean Albako dukearen armada Ziordiatik sartu zenean, Bakedao lehenetarikoa izan zen defentsa prestatzen Lizarraldeko soldaduekin Ataungo bidea hartuz. Beste askok bezala, erretiratu behar izan zuen.

Uztailaren 25ean Iruñea errenditu zen, eta Johan III.a erregeak Irunberrin bildutako armada desegin zuen. Abuztuaren 31n, Bakedaok, Pedro Nafarrokoa mariskalarekin, Leazarko jaunarekin (Jaime Belaz Medranoren anaia, Amaiurko gazteluzaina gero) eta Traibuenaseko jaunarekin batera, zin egin zion Fernando II.a Katolikoa edo Faltsua errege okupatzaileari Logroñon. Hitz hutsak izan ziren, segituan deskonkista saiakera bat prestatzen hasiko baiziren.

Erbestetik nafar eta frantsesek antolatutako armada Erresuma askatzera abiatu zenean, Bakedaok eta Jaime Belaz kapitainak 700 gizonekin oraindik eusten zuen Lizarrako gaztelua laguntzera jo zuten, urriaren 5ean bertan sartuz. Iristear zeudela entzutean, biztanleek hiriko ataria hartu zuten, «Gora Johan erregea! Nafarroa! Nafarroa!» oihuez ongi etorria emanez.

Fernando II.ak, baina, garrantzia handia eman zion Lizarrari, eta urriaren 8rako 3.000 gizonek inguratu zuten. Hurrengo egunean hirian sartu ziren eta krudelki arpilatu zuten. 28an gaztelua errenditu zen, barrukoen bizitza errespetatzearen truke. Batzuk etxera itzuli ziren, baina gerlarien erdiek baino gehiagok Bakedao eta Belazeri jarraitu zieten armada nafar-frantsesarekin batzeko Atarrabian. Handik saiatuko ziren Iruñea berreskuratzen. Gosea eta hotza medio, frantsesen presiopean borroka udaberrian berrartzeko, bi porroten ostean nafarrek setioa utzi eta erbestera jo zuten.

Biarnon erbesteratua. Iruñeko porrotaren ostean, Bakedao etxera itzuli zen. Baina laster jabegoak konfiskatuko zizkioten. Oñateko kondeari laguntza eskatu, eta honek dena itzultzea lortuko zuen, Fernando II.a Nafarroako erregetzat onartzen bazuen. Hurrengo egunean, Bakedaok Biarnorantz jotzea erabaki zuen, Johan III.a eta Katalina I.a, Pedro mariskala eta beste buruzagi erbesteratuekin biltzera. 1513ko irailaren 1ean heriotza zigorra ezarri zioten. Dena den, askotan Nafarroara itzuli zen familia bisitatzera. Behin ia harrapatu zuten, eta Gonzalo Bakedao amezkoarra Iruñean urkatu zuten, etxea uztea egotzita.

Izabako porrotean preso. 1516ko martxoan, Fernando II.a hilik, nafarrek bigarren deskonkista saiakera bat abiatuko dute, laguntza frantsesik gabe oraingoan. Johan III.ak zutabe bat gidatuko du Donibane-Garazi askatzeko, eta Pedro mariskalak bigarren bat, Erronkaritik abiatuko dena Orreagarantz, Bakedao tartean. Villalba koronela azkar oldartu zitzaion mariskalari, eta beaumondarren ezagutzaz baliatuz, erretirada moztu zion Izaban. 25ean mariskala eta beste 18 buruzagiak errenditu eta entregatu behar izan ziren, soldadu guztien askatasunaren truke. Villalbak 30ean Donibane-Garaziko setioa haustea lortu zuen, errege nafarrak atzera eginez. Bakedao eta Izabako beste buruzagiak Atienzako gaztelu gaztelarrera bidali zituzten, non preso egongo ziren 1519ra arte. Mariskala izan zen askatu ez zuten bakarra: 1522ko azaroaren 24an Simancasen hil zuten.

1521ean borrokatzeko berriz prest. Nafar eta frantsesen armada berria Nafarroan sartu bezain laster, maiatzean, Bakedaok talde armatu bat antolatu zuen, eta eraso arabar bat ekiditeko, muga defendatu zuen Entzia eta Urbasatik. Erasorik ez zela egongo ikusita, Amezkoara jo zuen bere jabegoak indarrez berreskuratzera. Geroago Zegarraingo garaipenean parte hartu zuen (Irurtzun), Lizarragako jaunarekin eta Maule kapitainarekin. Eta ekainaren 30ean Noaingo gudan borrokatu zen.

Iruñea erori ondoren, Donibane-Garazirantz jo zuten espainolek. Uztailaren 20an Leringo kondeak erasoa hasi zuen, bere armadan 700 bat beaumontar zirelarik. Gaztelua menperatu zuten, 300 bat defendatzaile hil zituzten, eta kapitain guztiak preso hartu. Hauen artean Bakedao zegoen, eta ihes egitea lortu zuen.

Donibane-Garaziko gaztelua suntsitu zuten, eta defentsaren buru Joanikot Arberoakoa kapitaina, krudelki exekutatu: gorpuaren zatiak Iruñeko atarietan zintzilik jarri zituzten. Iragan beaumondarrekoa, 1512ko konkistan lagundu zuen, baina oraingoan Nafarroako erregeari leial izatea garesti ordaindu zuen. Bakedaok borrokan jarraitu zuen. Hondarribiako setioan egon zen, 1521eko urriaren 18an errenditu zen arte, nafar eta gaskoien esku geratuz.

Eta, guda askoren ondoren, Aldabe mendian izan zuen azkena, San Martzial egunean. Nafar askatasunaren alde borrokan dena eman zuenari, betiko argia!

Nafar erreinuaren defentsa
orotan buruzagia
espainolen aitzinean tinko
eutsi zion gudaria
San Martzialgo guda ulertzeko
giltzarri ta gidaria
ezkutatu nahi izan diguten
euskaldun heroi handia
Johan Ramirez Bakedaori
betiereko argia.

 

Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak

Johan R. Bakedaori, betiereko argia Johan R. Bakedaori, betiereko argia Johan R. Bakedaori, betiereko argia Johan R. Bakedaori, betiereko argia

Trikuharri Kultur Elkartea https://trikuharrike.blogspot.com/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude