Jimenez: “Kanpotarrekin garbiketa egin beharra dago”

jimenez

Jimenez (1971, Irun) Euskal Herriko Urrezko Egunsentia (UE) alderdiaren sortzailea da. Azken hilabeteetan Greziako, Austriako eta Italiako mugimenduekin kontaktuan izan da Euskal Herriko delegazioa zabaltzeko. Bere izena momentuz ezkutuan mantendu nahi izan du, segurtasun kontuengatik. “PPk, Falangeak eta abarren politikekin ez gatoz bat, guk Euskal Herrian dugu burua eta bihotza, baina ez dugu onartuko epelkeriarik”, Donostiako kafetegi ezagun bateko kafea dastatzen duen bitartean.

Harrigarria egingo zaio jendeari. Zergatik sortu Urrezko Egunsentia Euskal Herrian?

Harrigarria dena da oraindik ez sortu izana benetako euskal eskuin bat. Konplexurik gabea eta euskalduna. Gure herriko biztanleriaren zati handi batek ezin izan dio benetan pentsatzen duenarekin bat datorrenari bozkatu. Urrezko Egunsentia, izenak berak dio, aro berri baten hastapena da, benetan Euskal Herri aske eta garbi batera salto definitiboa emateko mugimendua.

“Zalantzarik ez dugu Euskal Herriarentzat ezin bestekoa dela Estatua izatea”

Zergatik uste duzu ez dela sortu halako mugimendu politiko bat?

Nik uste eskuina beti balore kolonialistekin lotua izan dela Euskal Herrian. Herriaren zapalkuntzarekin lotua izan da, Francoren erregimenak eragin handia ukan du zalantzarik gabe, baita bere garaian Primo de Riverarenak. Gu tortillari buelta ematera gatoz hain zuzen, boteregunea berton jartzera. Eta ez dugu inolaz kanpotik datorren inposaketarik onartuko. Ez españolen partetik eta ez beste inoren partetik. Bada garaia gauzei beren izenez deitzen hasteko, bada garaia epelkeriak alde batera uzteko eta benetako eskuin bat eraikitzen hasteko tenorean gara.

Euskal Herriaren independentziaren alde zaudete beraz?

Zalantzarik ez dugu Euskal Herriarentzat ezin bestekoa dela Estatua izatea, bere arrazaren ezaugarriak mantentzeko eta bereizgarri propioak baliatuz ekonomiaren gailurrean segitzeko. Krisi garaiak dira, kapitalak nazioei subiranotasuna lapurtu nahi die, murrizketen bitartez jendea ito, bere buruaz beste egitera eraman. Gure kasua Espainiar Estatuak inposatzen ditu aldaketok. Eta euskaldun zintzo batek hilabete bukaerara iristeko arazoak dituen bitartean, kanpotarrek dirulaguntzak jasotzen dituzte. Garbiketa egin beharra dago eta bakoitzari berea eman. Ezin ditugu euskal herritarrak bide bazterrean utzi, kanpotarrei olatua egiteko. Ez horixe.

“Oraingoz hiriburuetan lortu dugu babes gehien, Udal hauteskundeetan aurkezteko asmoa dugu”

egunsentia euskal herria - Jimenez

Jarrera arrazista, jarrera xenofoboa, zurea.

Ez. Nik zentzuna aldarrikatzen dut, guk aldarrikatzen dugu. Zentzuzko gauzak plazaratzen ditugu, edonork ondo ulertu ditzakeenak. Ez gehiago. Eta bada garaia benetan, maskararik gabe solasean hasteko. Aurreiritziak albo batera uzteko garaia da, euskal herritar askez osatutako Euskal Herri libre bat irabazteko. Guk bertakoen aldeko apustua egiten dugu, bertakoen biziraupena eta ongizatea bilatzen dugu. Haiek dute lehentasuna, norberak bere herrian beharko luke hazi, hezi eta bizi. Hori da gure maximetako bat.

Jimenez abizena duzu, ez ote zara zu ere kanpotarren alaba?

Nire gurasoak Extremadurakoak ziren, baina ni hemen jaio, hemen hazi, hezi eta bizi izan naiz. Eta hemen ordaindu nire zergak. Eta nire semea ikastolan dut matrikulatua. Ez nabil horretaz hitz egiten, ez dezagu demagogiarik egin. Gu ez gara arrazistak, ez dugu jendea bere azal koloreagatik juzkatzen. Baina beste lekuetatik gure diru laguntzetatik bizitzera datozen parasitoak ez ditugu inondik inora onartzen. Horregatik uste dugu garbiketa bat egin beharra dagoela. Batez ere, hiriburuetan, kanpotar gehien elkartzen den lekuetan. Honek ezin du horrela jarraitu.

Zenbat militante dituzue, zer egituraketa?

Oraingoz hiriburuetan lortu dugu babes gehien. Ez gara asko, baina onak gara, eta ziur datorren Udal hauteskundeetarako prest izango garela hainbat lekutan ordezkaritza lortzeko. Proiektu serioa da, krisi garai honetan jende askori esperantza emango dion proiektua. Urrezko egunsenti bat Euskal Herriarentzat.

Hau guztia fikzioa da. Gezurrezko elkarrizketa bat. Fake bat. Zorionez ez dago oraindik Urrezko Egunsentirik Euskal Herrian. Eta badirudi epe ertainera ez dela izango. Baina ziur nago zuk Jimenezen bat ezagutzen duzula. Ala ez?

Jimenez: “Kanpotarrekin garbiketa egin beharra dago”

16 pentsamendu “Jimenez: “Kanpotarrekin garbiketa egin beharra dago””-ri buruz

  • Bau hau ekonomiari buruz zerbait jakingo balu, konturatuko litzateke, Euskal Herrian (Espainian gutxigo ematen da oraindik), guztiei (etorkinak eta hemengoak) jasotzen duten laguntzak (erakundke publikoen partetik) hutsaren urrena diala, hori bada eskaintzeko duna bere arrazismoa ezkutatzeko gaizki dabil. Nik abertzalea nauk baina hauekin ez noa inora, jende hau oso arriskutsua da.

  • Atzo goizean Espainiatik etorritako etorkinak gaur goizean etorritakoen kontra zaunkaka.
    Behin detalle horixe plazaratu zen ETB2ko saio batean tertuliakide batek, Bilbo ondoko Ezkerraldeko herri batean (Espainiar jatorriko etorkinez betetako herri batean) beste estatuetatik etorritakoez sekulakoak esaten ari zirela. Kuriosoena da beste tertuliakideek eta are aurkezleak isilarazi egin zutela “ese tipo de discurso no tiene nada que aportar” edo antzeko zerbait esanez.

  • euskovlaams 2013-03-20 09:20

    Ja, ja, ja, inozente eguna aspaldi pasa zen, txo… Benetakoa da artikulu hau?

  • Analfabetoak ere hauteskundetan aurkezteko aukera al dute?

    • makina bat analfabeto dauzkagu alkate, zinegotzi,…eta kargu politikotan!!!

  • Bai egia da! baina batzuk disimulatzen saiatzen dira, beste batzuk bi hitz esanda ebidentzian gelditzen dira.Ez dago ezer okerragorik inozo motibatu bat baino.

  • Ez dago ezer okerragorik inozo motibatu bat baino.

  • Amonamantangorri 2013-03-20 14:18

    Horrelakoak euskal naziak ba omen dira, lau katu izan arren: http://www.youtube.com/watch?v=3tPns7GKYgw

    Dena den, uste dut nazi eta faxistek ez dutela beren burua ia inoiz “eskuinekotzat” definitzen. Alderdi Naziaren izen ofiziala Alemaniako Langileen Alderdi Nazional-Sozialista zen. Diskurtso antikapitalista bat erabili izan dute; ez komunista ez kapitalista, delako “hirugarren posizio” batekoa baizik. Falangistek alkandora urdina jazten zuten, langileen buzoen kolorea zelako, eta haien bandera ez zen kasualitatez beltza eta gorria…
    .
    Alegia, norbait azaltzen baldin bada esaka “gu ez gara ez eskuinekoak ez ezkerrekoak ez ezer, guk herri honetako jende normalaren alde egin nahi dugu, besterik ez; kanpotarrek lana kentzen digute eta dirulaguntza guztiak daramatzate, eta abar”,… Horiek dira arriskutsuak.

  • Alpargatero 2013-03-20 16:06

    Ideia arrazista eta xenofobo horiek benetako epidemia dira gure artean, alderdi politiko guzti-guztietako jarraitzaileen artean eta herritar xumeen artean guztiz barreiatuta daude, eta nagusi dira gaur gure gizartean. Hori ukaezina da.

  • Nik ikusia dut pakistandar bat “Qué hace aquí este puto negro” esaten nire herrian. Gaztetxoa bera, gainera. Jamaika ikusteko jaio gara!

    • Nik pakistandarrik ez dut ikusi holakorik esaten bainaExtremadurakoren bat edo beste bai. Andaluziarren batzuk ere bai. Bertokoak ere bat edo beste… Dezente, gehiegi, entzun ditut holakoak esaten

  • Ipar Brigadak bueltan al da, ba?

    Romaredako Zaragoza-Reala hartako “Euskadi saluda a África”, Groseko ijitoen eta espainiar inmigranteen aurkako pintadak, Boixos Nois-ekin zuten harreman hura, hain ezaguna egin zena Atotxako partida baten ostean, derby baten osteko hostiak…

    Eta Jimenezik ez.

  • Eta irundarra izan behar zuen derrigorrez?Jajaja! Ez genuen nahikoa miseria gure herrian, ta…

  • Kontu batean soilik bat nentorke alegiazko morroi horrekin: Franco eta oro har faxismoaren oldarraldia euskaldunentzat txerto bikaina izan da faxismoaren beraren aurkako, faktura garesti xamarra izan bazen ere, baina hori beste kontu bat da. Gernika sutan Luftwaffearen eskutik, frankismoaren zapalkuntza, geroagoko “inkontrolatuak”, askotan OAS eta Europako muturreko eskuinarekin lotuak (Montejurra, AAA, Batallón Vasco-Español, GAL…), ba faxismoaren aurkezpen-txartel txarra izan dira Euskal Herrian. 1933 inguru Lauaxetak Hitlerjugend-ak goraipatzen zituen, eta Mussoliniri ere loreak bota zizkion; hiru lau urte geroago, ordea, mungiarrak “paxistatarren” aurka ederrak botatzen zituen “Eguna” egunkariko orrialdeetan. Ondo begiratuta, euskaltasunak badu zerarik erakargarri izateko muturreko eskuinarentzat (“Europako herri zaharrena” etab.). Izan ere, nazismoaren barnean hainbat saiakera izan ziren Europako herri “zahar” zapalduengana hurbiltzeko, nahiz eta, dena esan behar, ikuspegi horrek arrakasta gutxi izan Alemanian bertan. Baina horren lekuko da Herbert Brieger zinemagile naziaren “Im Lande der Basken” filme dokumentala (Euskaldunen Lurretan), 1944koa. Ipar Euskal Herrian bertan (naziek okupatuta egon zen, ez ahaztu), sirena kantu horiek ez zuten arrakasta handirik izan. Dena dela, Catalunyan muturreko eskuinak goragakada kezkagarria izan du, eta azken hauteskundeetan Basagotitik antzeko gauzak esan zituen. Labur esanda: printzipioz euskal jarrera abertzaleak eta eskuin muturrekoak ez dira berez bateraezinak, baina ez dira apenas gauzatu.

  • Oxandabaratz 2013-03-26 13:38

    Bi ezberdintasun nagusi ikusten ditut Greziako Xrisi Avgi alderdiaren eta Jimenez honen Urrezko Egunsentiaren alderdi (artifiazial) honen artean:

    a) Etniatasuna eta naziotasuna: Jimenez honen “jatorri etnikoak” ez dira euskaldunak, espainolak (Extremadurakoak) baizik. Berak esaten du euskaraz hitz egiten duenez, Euskal Herrian jaio delako eta euskal kulutra maite duelako (edo hallako zerbait), hots “integratuta dagoelako”, euskalduna dela. Hau da, ez dago etorkinen kontra “Biologikoki” baizik eta “integratu gabe dirulaguntzak jasotzen dituztenen” kontra (egia da berak hori etorkin guztiekin edota ia guztiekin identifikatzen duela; baina bere buruaren kasuan gertatu bezala, “Integratzeko atetxoa” zabalik uzten du). Greziako Xrisi Avgik ez luke onartuko: hauentzat “inmigrante denak, paperak badituzte ere, ilegalak dira” (euren hitzetan). Greziar naziek ez lukete onartuko albaniar “greziartu” bat greziar eskuin nazionalistan (hauentzat “arraza” greziartasunaren oinarri klabe bat da). Euskal Herriko Urrezko Egunsentiaren klon batek Jimenez hau “etorkin zikin” bezala tratatuko luke.

    b) Jimenez honek ez du inondik inora planteatzen Estatu totalitario baten beharrik (edo hemen ez du aipatzen). Xrisi Avgik bai, euren erreferente nagusia, orain Hitler hainbeste aipatzen ez dutela, 1936-1941 arteko Ioannis Metaxas diktadorearen “Abustuaren 4ko Erregimena” da. Bestalde Xrisi Avgiren buru Nikolaos Mihaloliakos 1967-1974 arteko “koronelen erregimenean” arte hartu zuten pertsonaiengandik hurbil ibili zen erregimen hau erori eta gero (Papadopulos diktadoreak gerora sortu zuen alderdiaren gazteria ere zuzentzera iritsi zen). Beraz argi dago Xrisi Avigik erregimen totalitario edo autoritarioengatiko daukan aldekotasuna, ez dago hain argi (edota gezurrezko elkarrizketa honetan ez da azaltzen) Urrezko Egunsenti honen kasuan.

    Laburbiltzeko, gezurretako Urrezko Egunsenti hau hurbilago ikusten dut Frantziako Le Penen Fronte Nazionalarengandik, Austriako Haiderrengandik, Italia-Padaniako Iparraldeko Ligarengandik; edota Greziaren kasua bilatu beha bada, hango LAOS alderdiarengandik; Greziako Urrezko Egunsntiarengandik baino.