EAJ zatarrenarekin dantzan, berriro

Zatarrena


Erkorekaren ahotik hitz egin dute jeltzaleek: “Bertan behera geratzen da duela astebete Espainiako Gobernuarekin iragarri genuen harremanen etena“. Bikain, Auzitegi Konstituzionalak aurrera egiten utzi dio Bilduri eta, beraz, arazorik ez dago lehengora itzultzeko, Zapateroren gobernuari babesa emateko. Baina zer demontre aldatu dute, ba, lehendik hona Zapaterok, Rubalcabak eta konpainiak?

Sinetsita nago herri honetan ez dela inor EAJ bezalakorik politika egiteko orduan. Jeltzaleak ikusi izan ditugu dantzan Suarezekin, Gonzalezekin, Aznarrekin, Zapaterorekin…  eta, seguru asko, ikusiko ditugu Rajoyrekin ere.

Realpolitikaren maisuak dira, eta ez bakarrik Madrilekiko harremanetan, Jaurlaritzan ere dantzari bikain agertu baitzitzaigun Ardanza PSE-EErekin edota Ibarretxe, Tripartitoarekin.

Ulertzekoa da, gainera, ahalmen hori erabiltzea, horixe baita jokoa Espainiako Konstituzioaren arabera antolatutako erakundeetan: badakigu geurea behar lukeen pastela ezingo dugula euskaldunok osorik hartu, baina zatiak eta hondarrak eskuratzen, profesionalak gara. Ez da hala?

Normala, beraz, EAJk Zapateroren PSOE presionatzea Bildu aferaren inguruan. A ze nolako zapua irentsi beharko zuten Urkullurenek, Bilduk aurkezterik ukango ez balu! Ulertzekoa, bada, jeltzaleen poza albistea zabaldu zen unean, ezen tankera kezkagarria badakar Maiatzaren 22an lortuko duten emaitzak —eta loa kentzeko modukoa bada erabaki beharko duten aliantzen politika—, are okerragoa zatekeen guztia Bildurik gabetan. Izan ere, legitimazioa bera bailukete kolokan, nola Diputazioetan, hala Udaletan.

Beraz, ondo egin zuten euren presioa sartzean Zapateroren gobernuari Bildu auziaren inguruan. Eta itxura batean, orain ere, ondo egin  dute presio hori eteten dutela adieraztean.

Funtsean, ordea, ez dirudi PSOEk deus aldatu duenik bere eskemetan. Zapateroren gobernua izan zen Estatuko Abokatua eta Fiskala  Bilduren debekua lortzeko lanean jarri zituena. Ulertzen da, gainera, Espainian baitago benetako boto-guda, eta euskaldunok nork gehiago zapaltzeko kontuetan ezin baitatiteke PSOE geratu PPren oso atzean, horrexetan eta ez beste inon egonik errenta…

Izanak izan, ulertzen dugu orain Erkorekak dioena, lehengo babesa ematera itzultzen direla eurak, alegia. Baina, izatekotan, Auzitegi Konstituzionaleko sei epaileak gonbidatu behar lituzkete afaltzera eta xirriak egitera, horiek aldatu baitute benetan egoera. Ez, ordea, Zapaterok edo Rubalcabak. Are gutxiago Jose Bono ahoberoak.

Dantzan egitekotan, lehen bezain zatar jarraitzen duenarekin ez, behintzat.

 

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.