Jean Etxepare medikua

Jean Etxepare medikua –

Jean, edo, Joanes, edo, Juancito Etxepare Bidegorri Argentinako Mar-Chiquitan 1877an sortu zen eta 1935an Kanbon zendu. Gure Josebari utziko diogu, nahi badu, haren biografia egiteko plazerra. Bere bizitza labur guzian, ezin jarraitukiago, artikuluak idatzi zituen «Eskualduna» eta «Gure Herria» bezalako euskarazko astekarietan, obra haundi bat guri utziz. Pierre Xariton euskalzain zenak bildu zuen lau tomotan arloka sailkatuz.

Artikulu horietarik atera ziren bi liburu: «Buruxkak», 1910an establismenduaren kritikak sortuko zizkionak eta «Biribilez» 1934an. Batez ere, Buruxkak, irakurketa klubetan irakurri eta iruzkintzeko liburu hauta da.

klasikoak.armiarma.eus/EtxepareJBideBuruxkak

Laburzki ezaugarritzerako, erran ginezake euskaltzale amorratua izaiteaz gain,  bazela ezpiritu zorrotz, egiazale ausart eta adoretsu bat, tamalez horrelako guti baitugu gaur. Enetako misterio bat egonen da zergatik ez zen erabat abertzaletu. Gure baitako konfiantxa falta ote?

Euskara, arlo intelektual eta praktiko guzietan, ereman nahi izan zuen maila gorenera, bilaka dadien kultur hizkuntza zorrotz eta eraginkor bat beste hizkuntzen parekoa. Egia da kostatzen zaigula pasarte batzu ulertzea eta horrengatik nioen bikaina zela irakurketa klubeentzat. Bainan guziz ulertu arte tematu behar gara bere ezin ekidinezko hutseen gatik ere. Orai aditu bakar batzuek ezagutua da bakarrik. Alta anitzen iritziz, pentsalari, kazeralari eta idazle inportantea da Iparraldean, eta ene uste apalez, erran nezake, Euskal Herrikoaren mailakoa seguraz ere.

«Etxepare Aldudeko Medikua» Kepa Altonagaren liburu sendoa irakurri behar da, ezin hobeto kokatzen baitu, obra eta idazlea Euskal Herriko ideien historian. Berriro, konfirmatu dit euskal analfabeto triste  bat nintzala. Bainan kastoletan alfabetatu gazte zenbait galdatzerakoan konturatu naiz, haiek ere, arraioak, Jean, Bernatekin alaiki nahasten zutela. Espero izan nahi dut oraindik emaitza hobeak ardietsiko nituela, haien erakasleak berdin galdezkatu banitu.

Zer nahi gisaz, uste izaitekoa da azken hauek, Etxepare ezagut arazteko ideia ona balute ere, nahikoa mugatuak izango liratekeela kurtsoak egiterakoan, haien ikasleei ezbaitzaie deusetako balio azterketak gainditu beharreko unean. Errealitate triste horretan ere ikusten da gure menderakuntza egoeraren larria.

Jean Etxepare medikua

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

10 pentsamendu “Jean Etxepare medikua”-ri buruz

  • Ez dizut misterioa argituko Beñat, baina ohar batzuk bai egin nahi nizkizuke. Hasteko, Jean Etxepare zaharra (1877-1935) hanken gainean balego, zure galdera ez dakit ulertuko lukeen. II. Mundu Gerra baino lehen, euskaldun letradunen artean, ez zen kontraesanik hautematen Aberri handiaren eta Aberri ttipiaren alderako amodioaren artean.
    1. Lehen Mundu Gerran soldadu ibili ondotik, Aldudeko gerlarien bestan, alemanen aurka eta Frantziaren alde gudukaturiko euskaldun gerlarien aurrean Jean Etxepare Aldudeko medikuak errandakoak oso esanguratsuak dira (1919, VIII-22): “Mihian dut Baigorriko herritik duela bortz urte xutitu gazteria ederra. Muga hurran izan gatik, bat etzen gelditu Parisetik jin hel-oihu saminari gor. A! Zoin gogotik zoazin oro gudurat! Zer samurra bihotzetan, nolako garra begietan, zainetan nolako kexua, zer alegrantzia halarik ere! Bazuen hamar urte asetzen hasiak ginela alemanaren dixiduez [desafio, erronka], erakiten zaungun odolak, neurria gaindi zen azkenekotz, jo zuen orenak” (…) “Sarrixago aterako gira plazarat elgarrekin, agur egiteko Frantziako banderari. (…) Orai dezagun edan, gure haurridetasun ezin hautsizkoari, gure soldado maiteen osagarriari, Frantziaren garaiari, Frantziaren bere lanaz goititzeari gei den neurrirat, edan, bakeak, gerlako hainbertze egun latzen ondotik, dakarzkigun egun gozo ederrer! (Charritton. Jean Etchepare mirikuaren idazlanak IV. Tomoa. Elkar. 1992.232-239orr.)
    Lehen Mundu Gerra: euskaldunak bihotzez frantsesteko alimaleko gertakaria.
    2. Frantsesa eta euskara: “Bozkariatu gintazken orobat bihotz puska baten emaitiaz, euskarari begitarte on atxiki duten herrietako eskolemailer. Elizari darraizkioten ala Gobernamenduari. Gure iduriko, frantsesa erakats dezaten ez dute bakarrik eginbide, baitezpadako zaiku oraino, bainan ez euskara lehertuz, ez balitz bezala, euskara bazterrerat utziz. Adiaraziko ote dugu aski gora, aski ardura, sor herriko mintzaian dabilala errexkienik adimenduko pindar, bihotzeko su, nahiaren hazkurri hoberena, nola baita alapiderik zaluena mihiko; euskarak gauzkala geure lurrari, geure aberriari gehienik atxikiak, hala nola, dela Frantziaren, dela Españaren alderat, menherriaren [estatua irakurri] zerbitzari bulartsiago? (Jean Etchepare mirikuaren idazlanak. I. tomoa. 78or. eta ond.). Euskara atxiki, eta estatu-hizkuntza ongi ikasi. Funtsean, egun nagusi den ikuspuntua.
    3. 1932an, oker ez banago, sortu zuen Lafittek hainbat kolaboratzailerekin “Eskualherriaren alde” zeritzan mugimendua. Lehen mugimendu “protoabertzale erregionalista” edo, Lafitte apezak gidatua. Frantzia Handiaren aurka egin barik, aberri ttipia euskaldun atxikitzearen aldekoa. Lafitte eta Etxepare medikuaren arteko harremanak nolakoak izan ziren? Zaila da galdera horri hemen erantzutea. Jakina da, Lafitte liderrak bi artikulu zentsuratu eta ezabatu zituela “Buruxkak” liburutik, moralki desegokiak iritzi izanagatik. Bederen, esan liteke ez zirela arras ongi akomeatu edo etorri Lafitte eta Etxepare. 1935ean zendu zen Etxepare.
    1960tik aurrera beste ikuspegi batzuk hedatu dira, beharrik, Iparraldean. Baina ordura arte?

  • Benat Castorene 2019-11-16 16:22

    Milesker Patxi aipamen esanguratsu hauentzat, erakusten baitute Etxepare ez zela abertzalea hitz horri emaiten diogun zentzuan.
    Oraiko asko zein zentzutan garen? baian hau beste kontu bat da…
    Gerla haundiari dagokionez, Alemaniaren aspaldiko mehatxuaren sendimendua, frantsesesekilako gudu anaitasuna, garaipenaren euforia konpartitua, Frantziaren indarra euskal Herriaren ahultasunari konparatuz , horiek guziek markatu zuten Etxepare edo Lafitte bezalakoen ezpiritua besteenak bezala eta hau ondo azaltzen da zuk emanikako testu horretan, itxura oso ofizial eta publikoa daukana. Iduritzen zait halere beste okasione arruntagoetan nuantziatua agertu zela.
    Bere Larresoroko seminario tipiko erakasleen alderako sendimenduen gatik ere, sofritu zuen jaso zuen erakaskuntza eskasaren gatik filosofin eta zientzietan batez ere.
    Gauza jakina da belaunaldi horretan oso errealista eta kontziente zirela EHaren ahulezia fisikoaz, intelektualaz, eta ekonomikoaz. Erakutsi zinuen Lafitti buruzko liburu batean esaldi bat oso esanguratsua Aitzoli egina ez banaiz oker.
    Bainan ene konbikzioa da ezin zutela aurreikusi Herriaren eraldaketa katastrofikoa hizkuntza mailan batez ere.
    Ene galdera ez lukeela ulertuko? ez naiz hain segur, ulertu bederen ulertuko zuen. Gehiago araiz orai biziko balitz. Gainera adiskideak bazituen Abertzaleen artean ere.

  • “Bainan ene konbikzioa da ezin zutela aurreikusi Herriaren eraldaketa katastrofikoa hizkuntza mailan batez ere”. Alde horretatik, Lafittek 1956ko Pazko egunez idatzitakoa antologikoa da: “Eskualdun gisa, griña batek opiltzen dauku bihotza: Eskual-herria norat ari zaiku? Nehork ez dio hitz-eman piztuko dela, are gutiago ez dela sekula hilen. (…) Zorigaitzez, alderen bertze zaurtua dugu Eskual-herria. Eskualdunik gabe, ez ditake izan Eskual-Herririk: alta eskualduna ari zaiku bakantzen. Ezin biziak kasatzen du sor-lekutik, arrotza sartzen zaikularik ulia hilikirat bezain usu! Arrotza sartzen eta nausitzen: sartu-eta eskualduntzen balitz, ez litake makurrik; bainan haren gaitu beretzen, iresten eta kaskointzen. Beha zonbat herritan ez zaizkun nunbaiko batzu jabetu meriaz eta bertze asko karguz! (…) Eskualdunek ez dugu oraino gure lurra arras galdua, ez eta ere eskuara osoki arroztua. Iduri zaiku juduek baino indar gutixagorekin salba ginezakeela gure eskualdungoa. Ba ahal dugu juduek bezanbat gutizia eta gemen, arbasoen deiari jarraikitzeko! Delibera baginte mundu zabaleko eskualdun guziak, ttipi ala handi, batasun azkar baten egiterat Eskual-herriaren alde, hitz eta promes dautzuegu Euzkadik balukeela zonbait menderen bizi oraino. Batasun hori osa bagineza, ai orduan luke egiazki Eskual-herriak Bazko!” (Herria, 56-3-29).
    Hori 1956an. 1968an, Arantzazun, euskara batua finkatzeko bilkuretan, erraten omen zuen Iparraldeko euskarak erreka joa zuela, eta “h” gora eta behera ez ibiltzeko. Hau da, Hegoaldean zukeela euskarak bizi-itxaropena eta ez Iparraldean, eta erabakiak Hegoaldeari begira hartzeko. Azken hau ñabartu beharrekoa izango da hain segur, baina badirudi 1968an oso ezkor ageri zela Euskadi kontinentalean euskarak zukeen etorkizunaz. Egun bizirik balego, ez dakit zer esango lukeen.

  • Benat Castorene 2019-11-16 17:55

    “Egun bizirik balego, ez dakit zer esango lukeen?”
    Ene erakasle ohiak erranen zigun beharbada:
    ” Baa, Patxi ez trufa, Beñat ez ta erabat oker iparralderako kibutzaren hipotesiarekin”
    Eta Lafitte bezain luzaz biziko balitz nabarmen da Etxeparek gauza bera pentsatuko zukeen hain segur.
    Gainera ideia ekonomiko praktikoak ekarriko zituen, begira “Villeneuvette” testua edo “lilien usaina”
    Oraiko abertzaleak ikusita, gero ta gehiago gustatzen zait horrelako arbaso ez abertzaleen oroitzapenean bizitzea
    Patxi asko baditutzu horrelako aipamenak zure zaku sakonean gordeta?

  • Jean Etxepare “zaharra” (Etxepare Landerretxe jatsuarra gazterik hila ere ez da erraza, baina errazagoa bai) ez da idazle erraza Hegoaldekoontzat (egungo iparraldekoentzat ere zail samarra ez ote?). Erabat harturik, idazle ona da, eta batzuetan ulertzeko zaila, Iparraldeko idazleetan arraroa bada ere, garbizalea izan baitzen hiztegian eta joskeran ere. “Buruxkak” eta “Beribilez” errazago dira eskuratzen; goazen, bada, Xarriton zenak apailaturiko idazlan bildumara.
    Txomin Agirre hil 1920an eta handik pare bat urtera, hasi berria zen Gure Herria aldizkarian artikulu luze bat argitara eman zuen “Garoa” eleberriaz. Gaur eguneko literatur kritikarien kritika-moldeetarik urrun da; xehetasun guztiez jarraitzen du eleberri hori, xehe-xehe gerta-haria.
    Oñati eta Arantzazu dira gertaleku nagusiak, eta Oñatiz honela dio: “Oñati…herri izen horrek berak, gar bat bezala pizten du, euskaldun zerbait dakiten guzien baitan. Badu urte andana, Espainiako gure haurridek amestu zutela, han idekitzea, euskaldun gazteriarentzat, ikastetxe nausi bat, nun argi beren semeak, hamazazpi, hemezortzi, urtetarik harat. Zer zuzenagorik alabainan, holako etxe baten ukaitea baino, gizadi batentzat, gizadi hau bere etorkiaz bertze gizadietarik berexa delarik, halaber bere mintzaiaz, halaber oraino bere ohidurez! Onartzen ere dugu, ederresten, holako ikastetxe batean, erakaspenak euskaraz litezkela behar eman, Euskal-Herri guziak buruzagi berak ukanez geroz, bai eta mintzai bera. Hizkuntza berdina, buruzagi berak, sineste bertsuak, jaidurak izaitez berdin eta ohidurak, gainera, jakitate bakar baten iturria, -zer altxagarria, zinez, euskaldun gizadiarentzat! Zer urratsa geure buruaren jabegorat!” (Jean Etchepare mirikuaren idazlanak. V.a. 141-142orr.).
    Ematen du XX. mendeko euskaldunentzat horixe desiratzen zuela eta horixe paratuko zuela etorkizuneko helburutzat, Euskal Herria bere buruaren jabegora heltzea, burujabetasunera, baina ez: “Ez aski bizkitartean, beldur niz, gurez gure, guhaur jartzeko. Auzoek ez ginezazkete utz; heien aztaparren artetik ez gintezke jalgi. Jalgirik ere, ez ginezake luzaz iraun -hedadura, ahalak, adimenduetako argia eskas izanez. Gure eremu ñimiñoan, elgar aditzeko orde, ez ote ginezake elgar jan? Laster, erortzea ginuke, auzoen menerat, gure onetan.
    Euskalerria bere gain ez dugu ikusten, bertzek ezarririk baizen; berez bere ihardukitzen ere ez, bestek, beren arteko bakearen gatik, herrialde bakar idukiz baizik. Ez da bizkitartean gutiago egia, hanbatenaz gai izanen dela bere jabegoaz, non bere batasun osoa zuhurkiago bilaturen bailuke aitzinetik. Bere burua lagunduz, azkar diteke; eta gizadi azkar “bildu” bati, aldarte batzuetan, azkarrago batek eman dezake gogotik esku…Anartean “Oñati”, bere ametsekin dago”.
    Ea ongi ulertzen dudan Beñat; oker banago zuzen nazazu, otoi!: dioena da, labur-zurrean, Euskal Herriak bere indarrez eta ahalez ezinezkoa duela errepublika burujabe-independente bat eratzea, non eta Espainiak eta Frantziak ez duten hori bultzatzen eta sustatzen, euren interes eta hobe beharrez, bi estatu handi horien arteko bakeagatik. Espainia eta Frantziaren arteko estatu “tapoi” gisa, haien onarturik eta are lagundurik.
    Baina horra heltzeko ere, inoiz estatu “tapoi” gisa bideragarri izateko oso egoki etorriko litzaiokeela Euskal Herriari batasun osoagoa bilatzea, eta bere buruari laguntzea, eta era horretan beste potentziaren batek ere errazago emango liokeela esku, errazago lagunduko liokeela. 1922an, Ingalaterrak, esaterako?

  • Benat Castorene 2019-11-17 08:12

    Igande on Patxi
    Ba lasai enetako ere behintzat oso zaila izan daiteke, bainan ez naiz baitezpada eredu bat. Krima litzateke iradokitzea batzuetan berari ere gerta dakiokeela gaizki idaztea ?
    Iduri du bere euskaraz idazteko gaitasunak ez duela aski fite segitzen bere inteligentziaren ariketaren beharra. Ezda ahantzi behar erdaraz eskolatua izan zela erabat.
    Aldi honetan behintzat nik uste, biziki untsa ulertu duzu, eta, ikusi dukezun bezala Herria libratzeko gure ezinezkoaren arrazoietan jartzen du « adimenduetako argiaren eskasa » eta hortik datorkioke hain segur Oñatirako interesa nun iduriz iikusten baitu oraiko ENA bezalako aukera bat.
    Imaginatzen du ba kanpoko laguntza bat Angleterra edo Estatu batuak beharbada Alemania ez balinba !
    Bainan amesten duen EHa estatu tapoi kontu hori ez da biziki sinesgarria guretzat, piska bat pentza arazten digu Garaten Fenizia berriari…
    Bainan zer diferentzia lehenago azaldu zenigun Gerlari ohien alderako diskurtso ofizial horrekin !
    Emaiten du ez dela gizon bera.

  • Igande on, Beñat!
    Aztertu egin beharko litzateke baina irakurrita bakarrik iruditzen zait Jean Etxepare miriku eta izkiriatzaileak oso ongi ezagutzen zuela bere garaiko eta hurbileko ahozko euskara -ez bakarrik Iparraldekoa noski-, eta idatzian -Orixe Hegoaldean bezalatsu-, entseatu zela estilo labur-trinko “euskalduna” asmatzen, estilo frantses-espainol-latinotik landa. Euskaraz euskal estilo trinko-adierazkorra, ahozkoan oinarritua baina ideietan eta sakontasunean goratua. Gehienetan kausiturik, eta menturaz, batzuetan, huts eginez.

    Bi testuen arteko ezberdintasuna -pare bat urteko aldearekin idatziak izanik, bilakaera ezin aipa-, norentzat idatziak diren kontu eginik azal daiteke; bata, gerlari ohiei Gerla Handia finitu berritan eginiko mintzaldi kartsu-gorazarrezkoa, eta bestea “Gure Herria” kultur aldizkari elebiduneko -nagusiki frantsesez- irakurle eskolatuentzat, hots, intelektualagoa.

  • Benat Castorene 2019-11-17 11:23

    Azken bi iradokizun hauetan, ene iduriko, bietan asmatu duzu.
    Elkarrizketatzen ari garela begien aurrean ditut aipatutako Altonagaren liburuaren 268 eta 269 orrialdeak.
    Harek ere ondo analisatzen du Etxepareren abertzaletasun- eza eta horren erro bat alegia errealismo politiko jakin bat.
    Gogogabetua omen zen azken urteetan, bere hausnarketa lanari nehor kasik ez ziolakoan kasurik egin. Hots bere bizitzan debaldetan ari izan zela.

  • Irakurri ditut orri horiek eta pixka bat aurreragokoak ere bai, Etxepareren idazkeraz: hibridazio dialektala premiazkoa zekusala euskara kultura-hizkuntza bilakatzeko. Euskara ekumenikorako joera zuela, garbizaletasun/garbizalekeriarekin batean hiztegian. Sifilia ez izendatu nahi horrela eta “zerren-zirika” eta “nazi”-ren ordain “nahasi” irrigarria. Gure arbaso horien debaldeko eta ez hain debaldeko lanari esker lur zelaiagoa eta landuagoa dugu egun, oztopoak oztopo.
    Oñatiko unibertsitatearen aipamena zegien 1922an. Justu, urte horretan irailean Eusko Ikaskuntzak III. Biltzarra egin zuen Gernikan, eta manifestazioan atera ziren Euskal Unibertsitatea aldarrikatzeko. Leizaola atxilotu zuten. Harremanik ba ote? Segur aski.
    Manuel Irujo Londrestik, 1940-1941 urteetan, Euskadi libro bat Ingalaterraren protekturatupean plantan ezartzeko lanean ibili zen, Jose Antonio Agirre Belgika eta Alemanian barna odisea politiko partikularrean zen bitartean. Nik uste Hegoaldeaz ari zela soilik.
    Igande on, Beñat!

  • Beñat Castorene 2019-11-23 11:59

    Etxeparek bazuen medikuntzatik zetozkion formakuntza zientifikoa eta esperimentala, begizorroztasun paregabea emaiten ziona ( ikus “misionestaren ezteiak”)
    Bazuen gustu bat nabarmena filosofiarako, Larresoroko ikasketek ase ez ziotenak eta autodidakta moduan garatu zuena (ikus “Egiaren hiru itxurak”)
    Egiaren eta juztiziaren bilatzaile ezin akitua zen, normalean opari askorik egiten ez zion Lafitte kalonje euskalzaleak berak aitortu zionez.
    Arazo sozialei eta ekonomikoei oso interesatua ( ikus “Villeneuvette edo “lilien usaina”, obra osoetan pila bat bada) Nago ez zuen berak parte hartu baserriko suteen kontrako asurantza baten eraikitzean?
    Eskas bat izaitekotan, ez diot nehun antzeman ( nun ez dutan ahantzi…) Herriaren historiari buruz, adibidez, gure patuarentzat tristeki erabakigarria izan den 1789 eko iraultzari buruz
    Gaztetan eta lanean ikusi eta ikasitakotik zetorkiona, bazuen euskal munduaren gainean ikuskera maitasunezkoa eta orobat nahigabetua testu asko eta askotan ikusten baita. Jakitun zen orduko laborari munduko “atzeratasun”az eta ez zen horren gaineko ele lirikoak egiten zituztenetarik.
    Fakultateko ikasketak eta lehen mundu gerlaren esperientzia direla eta, Frantziaren “seduzio”aren pean zegoen nolazpait orduko intelektual gehienak bezala (oraikoak aipatu gabe)
    Hain zen indarren arteko desoreka fisikoaz eta intekektualaz kontziente nun, hegoaldeko abertzaleendako adeitasuna sentiturik ere, errealismoz, ez zezakeen irudika Herria Frantzia gabe bizi zitekeenik.
    Hala ere bere asmoa eta pratika izan zen euskara egiazko kultur hizkuntza bilaka araztea frantsesa eta espainola pare.
    Bainan, hortan zen izaitekotan bere ahulezia edo errua, ez zuen konprenitu edo konprentu nahi izan ezin zela sumisio politikoaren kontra egin gabe.
    Ez, ez dut, nik, ez eta ere, aurkitu zergatik ez zen abertzaletu, testu ingurua deskribatu baizik.
    Denok ezagutzen dugun errealismoa eta nahikundearen arteko auzia