Jarraitu, aztertu eta zurera egokitu

Jarraitu, aztertu eta zurera egokitu –

Niri, eta uste dut bakarra ez naizela, halako harrotasun pixka bat sartzen zait atzerriko esteka bat edo adibide bat aipatzen dudanean blogean edo Twitterren. Ematen du aditua zarela, eta goi mailako erreferentziak dituzula. Ematen du, berriro diot. Baina batzuetan ez da urrun joan behar kasu arrakastatsuak eta ongi egindako gauzak ikusteko. Mallabiako Orbea bizikleta markak sare sozialetan eta batez ere Facebooken eramaten duen estrategiaz ari naiz. Begiratuz gero, ohartuko zarete haien orria benetako plataforma bihurtu dela, eta eduki ia-ia gehiena jarraitzaileek jartzen dutela. Nire ustez, antzeko zeozer egin behar duen batentzat eredu bezala hartzeko modukoa da, hura jarraitu, aztertu eta zurera egokitu eta gero.

Haien web orria aspalditik ezagutzen nuen, eta oso ona iruditzen zitzaidan. Baina ez nion inoiz kasurik egin Facebooken eramaten zuten estrategiari Indusmedia jardunaldian Ander Olariaga hango marketing buruak aurkeztu zuen arte. Gizon gazte bat, ez naiz oroitzen txandalaz jantzita etorri ote zen, baina bai behintzat, oso modu lasaian jantzita. Hura entzun eta gero, ematen zuen ia-ia nahigabe lortu zutela arrakasta hori. Egia erran, hori izan zen bere hitzaldian gustatu ez zitzaidan gauza bakarra, nire ustez, ez baita sare sozialetatik etenik ateratzen lan serio bat egin gabe.

Beste gauza bat da estiloa. Eta Orbearen kasuan ohar gaitezke itxura lasaia ematen dutela Facebooken. Lagunen arteko hiztegia erabiltzen dute, gehiegizko garrantzirik eman gabe argazkien eta bideoen kalitateari. Oleagak berak aitortu zigun harrituta gelditu zirela ohartzean, jarraitzaile batek bidalitako argazki eskas batek argazkilari profesional batek egindako bat baino arrakasta gehiago izaten ohi zuela.

Edukiari dagokionez, zuzenki edo zeharka txirrindularitzarekin lotuta dauden albisteak sustatzen dituzte, baita haien komunitate digitalak bidalitako argazkiak eta bideoak ere. Nola ez, haien produktuen berri ere ematen dute, baina pisuak izan gabe. Azkenaldi honetan, oker ez banago, jarraitzaileek haien ametsetako txirrindula diseinatzen ahal dute eta bidali lehiaketa batean parte hartzeko. Haiek beraiek egiten dituzte bideoak. Egia da horretan aritzen den profesional batena baino hobeak ez direla, baina naturalagoak dira, azken batean komunitate digital horretako edozein kidek egin dezakeena. Askori kostatzen zaie hori ulertzea, baina etxean egindako bideo batez baliatzeak ez du erran nahi enpresa serioa ez denik.

Preseski hori da nabarmendu nahi dudana post honetan. Itxurazko lasaitasun horren atzean, benetako lan serioa dago. Haien arloa ederki ezagutzen dute, eta ez da hain erraza, haien merkatua mundu mailakoa delako, eta horrek behartzen dituelako, Australian edo AEBetan zer gertatzen ari den jakitera. Merkatua hain zabala izanik, ordutegien aldeak ere kontutan hartu behar dira, eta horrek erran nahi du aztertu behar dela merkatu zehatz horri zuzentzeko zer ordu den egokiena zeozer sutatzeko sare sozialean. Olariagak zioenean arituz ikasi zutela, sinesten dut, baina haien meritua egindako esperientzia horien neurketan datza, alegia, saiakerak egin dituzte, baina gero ondorioak neurtu dituzte jakiteko zerk balio duen eta zerk ez hobetzen jarraitzeko. Ikusi ditudan kasu askotan saiakerak egiten dira, baina ondotik neurketarik ez dagoenez, zaila da jakitea bide onetik joaten diren. Azkenean enpresa horiek itxuan ari dira, eta saiakera horiek balio ez badute, denbora eta dirua alferrik galtzen ari dira.

Lagunen arteko hiztegiaren eta Ingelesez trakets baten erabilerari buruz, Oleagak anekdota pollita kontatu zigun. Ez naiz zehazki oroitzen, baina behin horrelako zeozer idatzi omen zuten “what a wonderfull day to ride an Orca”. Orca, haien modelo baten izena da, baina ingelesez bale mota bat da. Eta izpiritu bihurria dutenek txirrindularitza ez den bertze zerbaiti pentsatu zuten, eta iduriz jarraitzaileak zirikatzen hasi zitzaien. Hortik zer ondorio atera zuten? Inork ez zela gaitzitu ingeles eskasagatik, eta hori baliatu zitekeela jarraitzaileengadik hurbilago izateko.

Hizkuntzak aipatzen ari naizenez, egia da euskarak ez duela ia-ia tarterik Orbearen estrategian, baina inor mindu gabe, aitortu behar da nazioarteko merkaturako ez duela balio. Baina ez bakarrik euskerak, gaztelerak, frantsesak eta beste hainbat hizkuntzek ere.

Jarraitu, aztertu eta zurera egokitu
facebook, komunikazioa, sare-sozialak
Xan Harriague

GAUZA AGERIA