Jarduera fisikoaren ekarpenak balizko hezkuntza lege berriko oinarrietarako

Jarduera fisikoaren ekarpenak – 

Jarduera fisikoaren ekarpenak balizko hezkuntza lege berriko oinarrietarako

Gorputzaren burujabetzako ikuspegi integrala hezkuntzan…

SARRERA. Euskadiko Legebiltzarrean Hezkuntzarako araudi berrirako oinarriak eztabaidatzen ari dira. Oinarri horiek ez diote bide eman Hezkuntza Fisikoaren eta jolasaren mundutik egin izan ditugun aldarrikapenei. Beste behin, «maria» izaki, ez da aintzat hartu ez gorputzak ez eta motrizitateak duten berebiziko garrantzia.

Artikulu honekin bilatzen dudana da gorputzaren eta mugimenduaren garrantzia ikas-irakas prozesuetan aintzat hartzea. Proposatzen dut hezkuntza sistema osoko gune eta une guztietan gorputzaren eta mugimenduaren kontzientzia hartze bat eta horretarako nazioarteko mailan dagoen ezagutza zientifiko eta esku-hartze proposamenak botatzen dizkizet. Ez dakit hezkuntza politika-egileen kontzientziak piztu eta oinarriak osatzea lortuko dudan. Konformatzen naiz irakurle zaren horren (er)aldaketarako zirrara pizteaz bat lanabesak emango, eta noski, hartuko bazenizkit. Goazen ba!

GORPUTZA ETA MUGIMENDUA. NON DAUDE? Musika, Esku-Lanak eta Jinasia. Hezkuntzako hiru Maria. Musika-arteetan gorputz-adierazpena. Hirurek ala hirurek dute gorputza eta motrizitatea bidelagun. Etengabeko hezkuntza lege-erreformetan aipatua izan ohi da ikaslea erdigunean ipini eta adierazpenaren garrantzia. Baina zeruak lurra jo behar duen guztietan, hezkuntza paradigma berdina errepikatu egiten da: ikaslea adi eta geldi egon behar du. Badirudi ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak gorputzetik «deskonektatu» egin behar direla. Gorputza traba dela.

Francesco Tonuccik, maisuki eta modu oso grafikoan adierazten zuen hezkuntzak motrizitatearekiko duen ahaztura: Bizitzako lehen urteetan, oinez egitera eta mintzatzera bultzatzen ditugu umeak, ahalik eta eskolara iritsi arte, zeinetan isilik eta geldi egotera behartzen ditugun.

Bizitzako une guztietan, benetako ikasketak, soilik, gorputza eta mugimendua bat eta batera eman direnean gauzatzen dira. Ikasketa esanguratsua bezala deiturikoak ezinbestekoan du psikea, emozioa eta gorputzak hirurak elkar eta elkarrekin ematea. Gorputzaren «deskonexioa» oso ohiko bihurtu da gure ikasgeletan, eta ondorioz, ikasleei asko zailtzen zaie, mugimenduaren zirrararik gabe, benetako eta sakoneko ikasketa arrakastatsu eta esanguratsuak izatea.

Baso eskola, zirkulazio librea, proiektuetan lan egitea, pedagogiaren konfidantza eta psikomotrizitate alorreko eskaerak.  Bakoitzak beretik egin arren proposamena bera da: ikasteko mugitu beharra dago. Ekintzak sortzen du besteekin eta inguruarekin elkar ekintza, eta horrek gauzatzen du ikaslearengan ikerketa eta ezagutzarako sena piztea.

Mugimendu ezaren indikatzaileak asko dira: inoizko kirol eta jarduera-fisiko eskaintza handiena duten belaunaldi honetako umeek inoizko gain-pisu eta obesidade zenbaki altuenak dituzte. Kaleak eta plazak «okupatzen» dituzten umeen jolas espontaneoa futbol erregea (ez erregina) da. Haurrak «monitorizatuta» ditugu: autobuseko monitorea, jangelako monitorea, eskola-kiroleko monitorea; eta bereziki, pantalla-monitorea. Eduki teoriakoak «ikusi» eta «entzun» egiten dituzte, eta gutxitan «ukitu» eta «bizitu».

Mugimendu ezak umearen autonomia eza dakar. Gure espazio hurbilaren eta norberaren gorputzaren konkista aukera murritzek nor bere buruarekiko konfiantza, ausardia eta independentzia oztopatzen dituzte. Aske eta libre izango diren etorkizuneko helduen trebakuntza biziki hanka trabatzen dituzte segurtasunaren eta kontrolaren izenean aurrera eramaten ditugun usteko hezigarri diren hezkuntza-jarduerek. Korapilo horri guztia askatu asmoz nire proposamena:

JARDUERA FISIKOAREN IKUSPEGI INTEGRALA HEZKUNTZA SISTEMA OSOAN BERMATU. Nire proposamenek ebidentzia zientifikoaren eta nazioarteko erakundeen gomendiotik edaten dute, eta Munduko Osasun Erakundeak eta ISPAH (International Society of Physical Activity and Health) erakundeek egiten dituzten gomendio zehatzak aintzat hartzen ditu bereziki.

Proposamena, ikastetxe komunitate osoan eta hezkuntza ez formaleko abaguneetan, Jarduera Fisikoaren ikuspegi integral bat garatzea da. Irakurle, horien xehetasun zehatzetan murgiltzeko jo ezazu EUSKADIKO MUGIMENT webgunera.

Esku hartze horiek guztiek hezkuntza eragileen kontzientziak piztu nahi ditu. Buru jabetu behar gara gorputzak eta mugimenduak duten garrantziaz. Noski ikasleak gehiago mugiaraziko dituguna; baina, bereziki, mahai gaineratu nahi duguna da gorputza ikasketa prozesuaren ezinbesteko parte bat dela, gorputzaren eta berorren mugimenduaz kontzientziaraztea da bilatzen duguna. Esku hartzeak bi multzotan aurkezten dizkizuet:

ESKOLA ORDUZ KANPO EKINTZEN ESKU HARTZEA. Proposamen hauetan sartu baino lehen ohar bat: Ikastetxeetako komunitateetan ezinbestekoa da eskola orduz kanpoko ekintzek merezi duten duintasuna eta balioa ematea.

Aldarrikatzen dudana da hezkuntza formalak eta ez formalak bat egin behar dutela ikastetxe komunitate integral batean. Bateko eta besteko eragileek batera arraun egin behar dute egitasmo pedagogiko bera aurrera ateratzeko. Eskola ordua eta eskola orduz kanpoko orduak ez dira gauza bera. Desberdinak dira. Bata aisia da eta bestea hezkuntza formala. Giltzarria da berezitasunak berezitasun, biek ala biek, koherentzia eta koordinazio orientazio bera izan behar dutela.

Erronketako bat baliabide gehiagoren premia izango den arren, lehengo urratsa, ikusmira aldaketarena izango da. Eskola orduz kanpoko jarduerak ikastetxeko jarduerak dira. Hezkuntza proiektuan txertatuta egon behar dira eta berebiziko aukera dira hezkuntza komunitatearen helburuak erdiesteko. Bereziki komunitate horren kohexio eta ekitatea mahia gainean helburu gisa jartzen baditugu. Askotan, heziketa esanguratsuagoak emateko aukerak eskainiko dizkigute une ez formalek formalek baino. Eskolaz ordu kanpoko ekintzen duintasuna aldarrikatzen dut.

Esku-hartzeak:

IKASTETXERA JOAN ETORRI AKTIBOAK. Bizikleta, oinez, patin, patineteak eta garraio publikoak denak dira onak ikastetxera autonomo, libre eta aktiboki joateko. Esperientziak ugari eta arrakastatsu asko dago. Zenbait estatututan ezinbestekoa da umeak bakarrik eskolara joatea beren garapen integralaren parte bezala. Autobus, autoaren eta helduen morrontzatik ihes egiteko lehen urratsa egun bakar batekin hastea izan daiteke. Herriko eta eskualdeko beste ikastetxe eta beste udalekin batera jardutea eramango gaituzte. Irakurle, zu nola joaten zinen eskolara?

PATIOA. Irakasle askoren kafe ordua eta ikasleen tentsioak askatzeko unea. Diote eskola patioak eta espetxe patioak helburu eta antzerako konfigurazio bera dutela: kontrola. Eskola gehienetan (areto) futbol kantxa edo pilotaleku «gogokorrak». Ekarpen feministari esker bereziki gaia oso bogan dago. Hainbat komunitatek espazio fisikoa eraldatu eta desportibizatzen ari dira aukera naturalagoko proposamenekin. Asfalto/hormigoi zurrunetik urruntzeko asmoz natura- eta bertikaltasunaren konkistarako elementuak sartzen dira. Europan badira adibideak hori egin ostean emaitza bera lortu dutenak: Alegia, gizontasun batzuek espazio nagusi eta gehiengoa bereganatzen jarraitzen dutela. Lehen baloiarekin zena orain natura elementu garrantzitsuenekin. Beraz, irakasle kafe ordu askoren kaltetarako, patioak aukera paregabe dira ikasleen harremanen gogoeta piztu eta haren gainean eragiteko. Espazioak bitarteko dira eta ez helburu. Beraz, patioak eraldaketa fisiko batekin batera, erabiltzaileen ikuspegi eta partaidetza kritikoko parte hartzearekin eraldatu behar dira; eta horrek, beste behin, komunitatearen su moteleko parte hartze prozesu irekiko sukaldatzea eskatzen du.Beste behin ustezko balio gutxiko harria, harribitxi bilakatzen zaigu heziketarako.

JANGELA ORDUAK. Gorputza aintzat hartzea ez du uneoro geldirik ez egotea adierazi nahi, jangela orduak atseden eta lasaitasunetik gutxi dute eta maiz ekintzekin kargatu egiten ditugu, noiz eta behar bada, deskargatzea den bide eraginkorrena. Beste behin, komunitate osoaren esku hartzea eskatzen du.

IKASTETXEKO ESKOLA KIROLA. Gure alaba-semeen lehen kirol eta jarduera fisikoen lehen esperientzietarako esparru emozional seguru eta hurbilena bere ikaskideekin egunero partekatzen dutena da, alegia, bere ikastetxea. Bertan daude bere premiaz eta interesez dakiten profesionalak. Gainera, gurasoek ere, «auzolanean» inplika daitezke ordezkaritza organo gorenaren bidez eta jardueren antolaketaninplikatuz. Benetako ikastetxeko eskola kirol arrakastatsu baterako, aurrez azalduriko guztiekin batera, ezinbestekoa da, eskola orduz kanpoko hezitzaile horiek klaustroaren koordinazioan aritzea, koherentzia pedagogia eskatzen du eskola ordua eta eskola orduz kanpokoa, biak ala bika, umeen interes gorena erdiesteko, elkar lana. Bereziki, Gipuzkoako hainbat eskola-kirol adibide dira ustezko kimera oso egingarri dela.

EZ ANTOLATUA ANTOLATZEA. Jolas libre eta autonomoa desagertzen ari da. Gure umeek geroz eta agenda estuagoekin aukera gutxiago dituzte beren jolas-denborak libre, aske eta nahieran antolatzeko. Pedagogoek gero eta garrantzia handiago ematen ari zaie garapen integralean jolas libre eta autonomoak duen garrantziaz. Norainoko izango da garrantzia non Australiako komite olinpikoak berak gomendatzen duela entrenamendu ordu bakoitzeko jolas libreko beste bi egotea. Gure haurrek askatasuna eta autonomia izan dezaten, askatasuna eta autonomia eman behar diegu.

FAMILIAN JARDUERAK. Bizitza aktibo bat garatzeko aldagai handietako bat omen da zure amarekin kirola egitea. Amatasun motxiletan harri gehiago sartzea ez da nire asmoa. Gakoa da aldagai garrantzitsua dena ziurtatua dagoela, eta oso aukera interesgarria dela familian eta lagunartean jarduera-fisikoa egitea. Pandemiak zeuden aukerak ikusgarriago egin ditu, probestu ditzagun.

PROPOSAMENAK ESKOLA ORDUTAN. Heziketa Fisiko ikasgaitik haratagoko Heziketa Fisikoa. Heziketa Fisikoko eskola-ordu gehiago bat astean erreklamatu den bakoitzean asmoa ez da bete. Urte batzuk dira Euskadiko Lizentziatu Elkargoak eta Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldeak ikerketa bat egin zutela Heziketa Fisikoaren saio kopuruak neurtzen. Kantitatea astean bi ordutik behera zegoenaz konturatzeaz bat, oso kezkagarria zen irakasle espezialista murritza eta hainbat ikastetxetan ikasgaiak jasaten zuen tratua: asteko bi saioak batean elkartuta ematen ziren, patio orduak ikasgai ordu bezala inputatzen ziren, desgaitasun bat duten ikasle asko salbuetsita daude, eta abar.

Egia da ordu gehiago behar direla, baina horrekin batera, ezinbestean, profesional gehiago eta hobeak behar ditugu. Ikastetxetan Heziketa Fisikoko Sailak indartu behar dira, bai ikasgai bera ordu gehiago emateko eta baita hemen planteatzen ari naizen estrategiak eta programen lidergoa eramateko.Sail horiek tokiko herri-administrazioarekin eta kirol-eragileekin batera elkarlanean aritu behar dute ume eta nerabeei kirola eskolara ekarri eta ostera, eskolatik komunitatera jauzi egiteko.

Egungo antolaketan, klubek eta eskaintza pribatuak hartzen dute aurre, eta soilik, helduekin bezala, ekonomia eta gizarte baldintza zehatz batzuk dituzten ikasleengana iristen da. Ustezko aukera berdintasuna eskaintzen den arren, denek ez dute aukera berdinak. Ekitate ikuspegi horretan ikastetxeetako Heziketa Fisiko Sail hauetako Jarduera Fisiko eta Kirol-Hezitzaileen «ahalduntze motorra» ezinbesteko bilakatzen da, beraiek, dira erraztaile eta hezitzaileak haur eta nerabe horiek komunitatean txertatzeko.

ATSEDEN AKTIBOAK. Eskola-ordu barruan eta gehiegizko eseritako orduetako albo-kalteak ekidin asmoz, etenaldi txikiak egin daitezke, aulki albotik bertatik.

PROIEKTUAK ETA ZEHARLERROAK. Irakaslea arbelean eta igota, behean ikasleak aulkitan «iltzatuak» norabide bakarrean begira. Aldaketak ematen ari dira argazki horiek desagertu daitezen, baina edukiak eta ezagutza teorikoak, oraindik orain, irakasle askoren eguneroko egiteko moduak dira, eta ondorioz, bestelako aukera dinamikoak ez dira garatzen ari: Egitasmoak proiektu eta zehar lerroan, zirkulazio librea, natura eta kalera gehiago irtetea komunitatearekin eta espazio hurbilarekin elkar eragiteko, eta abar.

AMAITZEKO. Hemen jasotako aukerak ez dira fiktizioak, han eta hemen arrakasta izaten ari diren esku-hartzeak dira. Egia da Administrazio Publikoak gaiari beharrezko duintasuna eta baliabideak eskainiko balizkio dena errazagoa litzateke. Baina egiari zor, eta bereziki haur eta nerabeen kirol eta jarduera-fisikoak izan duten trataera pandemiko debekatzailea ikusirik, zail ikusten dut haien zain gelditzea.

Motrizitatearen eta bizitza osorako Heziketa Fisikoaren garrantziaz buru jabetzen ari diren bitartean, eta enegarren Hezkuntza oinarriak eztabaidatzen dituzten bitartean, kontzertazioa eta segregazio tasen kontrolerako udalen esku hartzean zeintzuk beharko duten eztabaidan murgilduta jarraitzen duten bitartean gure aukera bakarra lehen lerroan toki mailan jardutea.

Lehen lerroan, toki mailan, gauza txiki asko egiten ari dira. Gauza asko egin daitezke. Begirada aldaketa txiki batekin hasi daiteke dena. Hemen hainbat adibide erreal, arrakastatsu eta berme zientifikokoak aurkeztu dizkizuegu.

Aukeratu bat, urrats saiakera txiki bat eman eta aurrera. Biderik luzeena urrats batekin hasten da. Gure alaba-semeek merezi dute-eta!

Unai Asurmendi Etxarte

Intxaurrondo.1976. Heziketa Fisikoan Lizentziatua. Aritua heziketafisiko, eskola-kirol eta aisialdiko kontuetan; akitua konponbidetarako proposamenak egiten eta aditua aita kezkatugintzan.

Galde 36 udaberria/2022

galde

Jarduera fisikoaren ekarpenak balizko hezkuntza lege berriko oinarrietarako

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.