Jaio da Donostia Gaur

imageJaio da Donostia Gaur, Donostiako Udalak sortzen dituen edukiak zabaltzeko, eta herritarrek dauzkaten kezka, iritzi eta iradokizunak zuzenean jasotzeko plataforma komunikatibo digitala.

Sakon eta zabal jasoko du Gaur-ek Donostiako gaurkotasunaren berri. Informazioa ez ezik, albisteen testuingurua, analisia, dokumentuak eta beste medioetan izandako jarraipena jasoko ditu. Horrez gain, iritzirako tartea ere izango da.

Egunerokotasunari lotutako albisteak izango dira webgunearen oinarria, baina bestelako edukiak ere eskainiko ditu, hala nola, Donostiako Udalaren zerbitzu publiko nagusiak.

Eduki guztiak digitalak eta multimedia izango dira, eta sare sozialekin integratuta egongo dira.

Herritarren parte hartzea

Webguneak ez du jasoko udalaren informazioa bakarrik. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da proiektu komunikatiboa osatzeko. Ohi bezala, iruzkinen bidez parte hartu ahal izango dute webgunean. Edota sare sozialen bidez. Baina horrez gain, hiru ataletan protagonista izango dira.

Batetik, auzoekin eta herritarrekin lotutako eta horien lana kaleratzeko berriak bilduko ditu Gaur-ek.

Bestetik, Plaza izeneko atalean herritarrak bihurtuko dira erredaktore. Beraiek izango dira atal honetako albisteak sortuko dituztenak.

Azkenik, Donostia Berritzen atala izango dute eskura. Kexak jasotzeko gunea izango da. Horiek UdalInfora bideratuko dira, eta gero kexa horiei emandako erantzuna publikatuko da. Egunero egiten diren mantentze lanei lotutako gunea izango da.

Beste bi ataletan, Karrusela eta Bulebarra izena dutenetan, argazkiak eta bideoak jasoko ditu Gaur-ek. Herritarrek bidalitakoak izan litezke, udalak egindakoak, ekimen nagusienak…

Zenbait zerbitzu publikoren bilgune ere izango da webgunea: aste osoko agenda kulturaleko zenbait ekitaldi nabarmendu eta gomendatuko dizkio, adituen eskutik, irakurleari eta sarean Donostiari buruz publikatzen dituzten horien artean esanguratsu, interesgarri edo bitxienak ekarriko ditu. Horrez gain, beste zenbait informazio praktiko ere emango ditu, besteak beste, eguraldiari, itsasaldiei, trafikoari edo aparkalekuei lotutakoak.

Probatan, ekarpenen zain

Komunikabidearen abiapuntua baino ez da begi bistan duzuna; datozen hilabeteetan, erabiltzaileen iritzi eta iradokizunak jaso, aztertu eta behar beste aldaketa egiteko prest dago erredakzio taldea. Denon artean birpentsatu eta garatuko dugu Donostia Gaur.

Nagore Vega. Kazetaria. Kazetaritzaren jardunaz arduratuta. Oso Internet zalea.