Jainko Astronauten Altzora Bueltatzeko Gogoa

Jainko Astronauten Altzora Bueltatzeko Gogoa
Jainko Astronauten Altzora Bueltatzeko Gogoa

Topikoak dioenaren kontra, hizkuntzak ikastea ez da nahitaez ona; batzuetan, gure aurreiritziak sendoago finkatzeko balio izaten digu bigarren, hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikasteak. Eskolan, adibidez, fite solasa ateratzen den aldioro –“berehalakotasuna adierazteko, hainbat aukera dituzue: etortzearekin batera, etorri eta berehala, etorri bezain laster, etorri bezain pronto, etorri bezain fite”–, norbaitek erraten dit hori ez dela euskara, frantsesa baizik; ikasle bat erdi haserretu zitzaidan iaz, baietz, frantsesa zela, eta vite, vite, vite errepikatzen zidan –hizkuntzak ikasi izanaren eragin kaltegarriaren pean–, nire makurra zuzendu nahian. Etorri bezain prontok, berriz, ez du kexarik sorrarazten normalean: orain artio inork ez dit seinalatu pronto hori espainola denik –nahiz eta hori ere zalantzaz beteriko eremua den: salbuespenak salbuespen, ikasleendako bizikleta espainola da, baino kotxea ez, eta, aurten, guziek irri egin didate beztitu hitza erabiltzeagatik–.

Gaiztoak gara guti direnekin: horrela esplikatzen ahalko genuke fite hitzean frantsesa ikusteko tema baina pronto solasean euskara igartzeko joera. Edo, bertzenaz, erraten ahalko genuke maiz gurea –gure ohitura, gure usadioa, gure hiztegia– naturalizatu egiten dugula, eta gainerakoena –batez ere guti direnena– arrotz edo arraro edo xelebre bihurtu. Ipar Euskal Herriko anai-arrebei ebatsitako bertze anekdota bat baliatze aldera, behin ETBko albiste bat eraman nuen klasera, Herria astekariaren urteurrena zela eta. Albistean, zenbait irakurleren iritzia biltzen zen, bai eta astekariko zenbait idazlerena ere, eta guziak aritu ziren Herria goiti eta erran beheiti, arrunt goiti eta horren beheiti. Akaberan, nire ikasle –bertzenaz maitagarri– batek gogoeta hau egin zigun: ez dakite errea ahoskatzen, eta aldizkariari zer eta herria paratu diote izena. Alta bada, Ipar Euskal Herrian guk ez bezala baina guk bezain ongi ahoskatzen dute errea. Normaltasuna, halere, hori da: errea ongi ahoskatzen duen bakarra zarela pentsatzea.

Frankotan, bertzeak deskribatzen ditugularik, egiatan gure buruaren potreta egiten dugu; errealitate ustez objektibo bat nabarmendu nahian –fite ez da euskara, ez dakite errea ahoskatzen–, barnean daramatzagun aurreiritzi normatiboak azaleratzen ditugu –Ipar Euskal Herrikoak frantsesak dira, alegia; azken bolada honetan maiztasun kezkagarriarekin aditzen dudan iritzia, bidenabarkoan erranda–.

Nafarroan gobernu aldaketa gertatu denetik, euskara borrokagune bihurtu nahian dabil oposizioa. Nolabait adierazteko, eztabaida politikoan euskarak hartu du Gipuzkoan zaborrak izan duen tokia –tira, egia aitortzeko, euskarak Nafarroan aspalditik zuen zaborraren tokia hartua, batzuen ikuspuntutik bederen–; hau da, ez da debate zintzo baten gaia, baizik eta gobernua higatzeko asmoz hainbat hedabidek, politikarik eta iritzi emailek zinismoz erabiltzen duten tresna. Euskararekin zer ikusteko duen oro, baita aldaketa ñimiñoena ere, espantuka hasteko aitzakia da.

Horren harira, euskararen inguruko erabaki jakin batzuk kritikatzearekin batera –euskara eskainiko duten haur eskolen kopurua handitzea, adibidez–, maiz kritika orokorra egiten zaio euskal abertzaletasunari –eta bistan da zer kritikatua badela–, baina anitzetan kritika horretan gehiago azaltzen dira idazlearen aurreiritziak, euskal nazionalismoaren benetako akatsak baino. Herenegun, adibidez, Diario de Navarran Luis Landa –irakurleak apunta ditzala ongi izen-deitura horiek– izeneko irakasle batek euskal izenen ustezko faltsukeria gogor salatu nahi izan zuen –gogoeta biziki interesgarria zen arren, ez dugu hona ekarriko–, eta, bidenabarkoan, euskal nazionalismoaren izaera berez gaiztoa nondik heldu den agerian utzi nahi izan zuen, guziok ikus dezagun. Eta hausnarketa hori bai, hitzez hitz ekarriko dugu. Honela idatzi zuen Luis Landak, eta honela argitaratu Diario de Navarrak:

Hondarreko hamarkada hauetan, nazionalismoak saiatu dira beren pedigri historikoa erakusten, beren etnia eta, ondorioz, Espainiatik alde egiteko aukera justifikatzeko. Euskal nazionalistak sinetsita daude lur planetako biztanle gehienak Rh positiboko Rhesus ziminoarengandik heldu direla; euskaldunak, haatik, bereziak dira, eta Rh negatiboko odola zuten antzinako “astronauten” “jainkoen” plasmatik heldu dira. Leinu bereziaz eta goi mailako kastaz mintzatzen dira, horiek hartzen baitituzte beren autentikotasunaren oinarri.

Badira, nola ez, bada, substantzia toxikorik hartzen ez duten zutabegileak ere –ez, behinik behin, iritzi artikuluak idazteko–, eta, estrategia maltzurrago, zinikoago eta arriskutsuago batekin, orain elkarrizketa eskatzen dutenak, eta erreformak egiteko denbora eta lasaitasuna behar direla azpimarratzen dutenak, eta datu soziolinguistikoak mahai gainean jartzen dituztenak, eta kezka azaltzen dutenak –euskara maite baitute– euskararen aldeko neurrien ondorioz Iruñeko edo Nafarroako biztanleek ez ote duten hondarrean euskara begitan hartuko. Zibilizazioaren eta arrazoiaren boza dira, gobernuan diren barbaroen kontra.

Iritzi egileen horien testuetan, jarrerak du axola, ematen dituzten datuek baino gehiago –tira, datuak ere inportanteak dira, baina horretan Juan Kruz Lakasta lan bikaina ari da egiten, hedatzen saiatzen ari diren gezurrak eta sasiegiak salatzen eta zuzentzen–; jarrera itxuraz zibilizatu horren bidez, euskaldunei edo abertzaleei –ez, ez dira nahitaez gauza bera, baina testu horien hartzaileendako diferentzia lauso samarra da naski– lotuak dauden hainbat topiko aktibatu egiten dituzte; alegia, beren aurreiritzi normatiboen objektu bihurtzen gaituzte: euskaldunak ez dira herritarrak, etnikoak baizik; ez dute elkarrizketa gogoko, inposizioa baizik –armen bidez, lehenago; politikaren bitartez, orain–; euskaldunak mendekatiak dira –hemen logika berezia erabiltzen dute gure zutabegileek: batetik, ukatu egiten dute euskararen kontrako errepresiorik izan denik hondar UPNren gobernuko urte hauetan, baina, bertzetik, aldi berean nabarmentzen dute euskaldunek, jasandako opresioa dela eta, mendekua hartu nahi dutela, eta erdaldunei sufriarazi nahi dietela orain artio berek sufritutakoa–; euskaldunek mundua talde finkoetan banatzen dute –baina gure zutabegile navarristak dira etengabe erdaldunak eta euskaldunak kontrajartzen ari direnak, euskaldun gehien-gehienak erdaldun ez balira bezala–.

Han-hemenka irakurtzen dudanaren arabera, halere, iduri luke gure euskal pentsalari batzuek leporatzen zaizkigun gauza horiek guziak onartzea, eta gure filosofia politikoa horren arabera moldatzea erabaki dutela, haiek ere uste baitute etnizistak garela, eta arrazista potentzialak, eta mendekatiak. Panorama ikusita, zenbaitetan gustura bueltatuko nintzateke jainko astronauten altzora. Hemen segitzen badut, Luis Landari eta haren estilokoei plazer hori ez emateagatik da.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Jainko Astronauten Altzora Bueltatzeko Gogoa

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.