Jaialdi izateari utzita dator Ertz’16

Jaialdi izateari utzita dator Ertz'164.000 biztanle eskaseko herri batean, 2000. urtean musika esperimentalaren inguruko Ertz, bertze musiken jaialdia sortu zen, Beran. Musikaren abangoardia, soinurik gordinenak plazaratu ditu. Maiz, aditzeko zailak, deserosoak. Esperimentazioa oinarri izanda, bertze diziplina ugarirekin uztartu izan da. Herriko bertze eragile anitzekin elkarlanean proiektuak gauzatu ditu: herriko abesbatza, Aspaceko antzerkilariak, argazkilariak, musikariak… Munduko bazter ia guztietatik ekarri dituzte musikariak, eta Berako kultur etxea erreferente bihurtu musika esperimentalean, Euskal Herrian, bederen. Gerora etorri ziren Artelekuko Audiolabekin elkarlana, edo Tabakalera berarekin.
.
Aurten, jaialdi izaera gibelean utzi eta bertze zerbait bihurtzeko ahaleginean hasi dira. Jaialdi izaerak aisialdi hutsarekin duen lotura hautsi, eta euren jarduera bertze modu batean ulertzeko gaitasuna paratu nahi dute jokoan. Kultura ingurunearekin (soziala, ekologikoa, politikoa…) ulertzeko beharraz hausnartuko du aurten Ertzek, bertze zerbaiten hasiera izan daitekeelakoan. Denboran ere izaera hori hartuko du, irailetik abendura bitartean hainbat ekitaldi antolatu baitituzte, gehienak antzeko filosofiarekin lan egiten duten eragileekin elkarlanean antolatuak.
.
Asteburu mardula antolatu dute Beran. Ortziralean, Oscar Alegria zinema zuzendariak, eta Iruñeko Punto de Vista jaialdiko zuzendari denak, zinema-gaualdia prestatu du, kultur etxean, 22:00etatik goiti.
.
Larunbatean, berriz, 22:00etan kultur etxean, Züek Heben ikusentzunezkoa aurkeztuko da. Ortzegunetik larunbatera Patxi Laskarai, Pierre Vissle, Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Galtxetaburu Berako karriketan barna soinu eta irudiak biltzen ariko dira. Batez ere beratarren euskalkiari eta solasteko moduari erreparatuko diote, bertze euskal herri batzuetan egiten ari diren bezalaxe. Bildutako uzta aurkeztuko dute larunbateko ekitaldian.
.
Igandean, azkenik, baratzea eta bertako produktuak izanen dira nagusi, Bidasoaldeko ekoizle eta kontsumitzaileen Bidazi elkartearekin elkarlanean. 10:00etatik goiti, Baratzeko kantutegia entzunaldia antolatu dute herriko baratzeetan barna, Jakoba Errekondo eta Alex Mendizabalek gidatuta. Ezkilak, lurrazpiko soinuak, barazki dastatzea, landareentzako musika… 14:00etan, Gure Txokoa elkartean bazkari begano-ekologikoa prestatu dute (txartelak 16 euroan, info@bidazi.org helbidean). Eta arratsaldean, asteburuari akabera emateko, Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena, 17:00etan Jamotenean.
Jaialdi izateari utzita dator Ertz’16
Bera, Ertz
Jon Abril

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude