J.M, Parisko biktima ezezaguna

Beranduegi egin zuen saguan klik. Eta goizegi ere bai. Ahmed Merabeten hilketaren bideoa Facebook-eko hormatik ezabatu zuenerako nazioarteko telebista guztietan bolo-bolo zebilen. Jordi Mir (J.M): “Erreakzio inozoa izan zen”.

J.M (50 urte, erbesteratu katalanen semea) Charlie Hebdo-ren bulegoetatik hurbil zegoen urtarrilaren 7ko goizean. Tiro hotsek zalapartatu eta teilatura igo zen. Uneren batean, kamera eskutan hartu eta grabatzen hasi zen. Bere bizitzako erabakia hartu zuen. Hala izango zenik usaindu ere egin gabe.

ahmed

Associated Press agentziak elkarrizketatu du J.M. Parisko atentatuaren ikus-entzunezko ikur bihurtu den exekuzioa grabatu eta mundura zabaldu zuen gizona.

-Zergatik igo zenuen Facebook-era?

“Ez daukat erantzunik”, esan dio J.Mk APri, “asko sentitzen dut”.

Mirabet zenaren anaia, Malek, jota zegoen, prentsaurrean agertu zenean. Kazetariak isildu zituen: “nola ausartu zarete bideoa hartu eta zabaltzen?”. Malekek ez zekien J.Mk piztu zuen sokatik ailegatu zela bideoa mundu osoko telebistetara. Ezta JMren erruz Merabetarren etxean ez dela luzaroan pantaila itzaliko. Ispilu beltz bat izango dela. Doluaren oihartzunari ihes egiten uzten ez dion kaxa.

Malek Merabet

“Norbaitekin hitz egin izan banu… etxean bakarrik nengoen. Facebook-en eskegi nuen -2.500 lagun zituen-. Hori izan zen nire akatsa”.

J.Mren damua zenbat luzatuko da? noraino denboran ala bihotzean?

Malek: “egunero ikusten dut Ahmed-en heriotza, egunero entzuten dut”.

J.M: “Katu baten argazkia egin eta Facebook-era igotzen dut. Erreakzio inozoa”

15 minutu egin zituen bideoak J.Mren horman. Gero, ezabatu egin zuen, eta ordenagailua itzali. Telebista piztu eta bere bideoa behin eta berriz errepikatuz ikusi zuen. Facebook-etik youtube-ra jauzi egin zuen, eta hortik noranahi.

Erabaki zuzena ala okerra hartu zuen bideoa argitaratzean? Ba ote dago erantzun onik edo txarrik? Tristeena da, agian, agian soilik, J.Mk ez zuela erabakirik hartu. Ez behintzat arrazoitutako biderik.

Denboran atzera egiteaz sinistu zuen. Inork ezer ez zuela ikusi errezatu -sinisduna balitz-. Damutu zen, bere erabaki ezak, erreakzio teknofilo alu horrek ekarriko zituen ondorioengatik. “Erabat izututa nengoen”, aitortu dio APri, bere burua zurituz.

J.M ezezaguna da. Inork gutxik nahi luke bere azalean bizi. Atzera bueltarik ez duen klik baten arduraduna izan zen. Familia baten bizi osoko erretratu terrorifikoa. Eta ez zuen birritan pentsatzeko heldutasun nahikorik izan. Black Mirror telesaioko protagonistak nola, hala erori zen J.M teknologiaren eztietan, eulia bailitzan. Aterako ote da?

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra