Izurri berriak

Izurri berriak –

Oihan Txabarrik Arabako Alea agerkarian.

Izurri berriak
Arg: Getty Images.

Gogoratzen al duzue jendaurrean entzun zenuten lehenengo komentario arrazista? Urte dexente pasa da, baina nik ez dut ahaztu. Taberna batean nengoen eta zerbitzariak, oso emakume atsegina zirudien horrek, bota zion bezero bati: “Pena ematen du auzoak aspaldian”. Eta usaindu zen nolabait zioenaren kiratsa, baina ez zuen inplizitu utzi, eta segidan, badaezpada: “Hainbeste beltz eta moro bazterrotan”.

Ez ninduen pentsatzen zuenak harritu, bai ordea esan izanak berak. Ahaztuxe daukagu, baina duela urte gutxi batzuk, ageriko arrazakeria ez zegoen onartuta. Arrazista izateko modu onargarri bakarra sotila zen, zeharkakoa. Ez dut gogoratzen, baina imajinatzen dut ez nintzela izan lepoa biratu eta gogaiturik begiratu zuen bezero bakarra. Halere, ez nuen ezer esan. Inork ez zuen ezer esan. Gaur egun, halako esaldi batek ez lidake bekaineko gihar bat bera ere mugiaraziko. Armairutik atera ziren arrazistak, pixkanaka, eta jada ez da zuloratuko dituenik. Utzi genien irteten, eta eroso dabiltza orain.

Xenofobia izurri larria bada ere, epe labur eta ertainean badugu kudeatu beharreko epidemia literalago bat. Birusak gure gizartearen oinarriak astindu ditu, eta oraindik ez dugu irtenbiderik bistan. Gure agintari kaskarrek neurri are kaskarragoak hartzen dituzte, ekonomiaren eta osasunaren arteko nolabaiteko oreka bilatuz. Baina neurri horiek arrazoitzeko irizpide zientifikoak argudiatu ohi dituztenez, beste jarrera kezkagarri bat hedatzen ari da gurean; diskurtso antizientifikoa, alegia. Ez dira bakarrik konspiraziozaleak: bada gero eta jende gehiago zientzia hitza bera susmagarritzat, fede kontutzat edo boterearen mesederako tresna opakotzat daukana. Eta jende hori orain hasi da ozen esaten. Uste dut oraindik garaiz gabiltzala diskurtso horien kontra gogoz egiteko, ez badugu nahi alderdi horretan ere gizarte ezjakinagoa, grisagoa eta ahulagoa eduki epe ertainean. Ez nuke hamar urte barru damuz gogoratu nahi taberna batean zientziaren kontra entzundako lehenengo komentarioa.

Izurri berriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Izurri berriak”-ri buruz

  • Garai batean kontrolatu egiten zen jendeak zer pentsatu behar zuen eta gaur egun ere, artikulu hau irakurrita, kontrolatu egin nahi da jendeak zer pentsatu behar duen. Ez da errespetatzen jendeak zer pentsatzen duen, zer esan nahi duen, zer iritzi duen etorkinei buruz eta inmigrazioari buruz. Eta pertsona batek ez baditu gure herrian etorkinik ikusi nahi, zer? Zergatik ezin du esan? Diktadura berri batean gaude, globalizazio deiturikoa eta azken urteetan ezkerreko ideologiekin oso eroso bat egin duena.

  • Zer gertatu da Mahomaren karikaturekin? Europan betidanik egin ahal izan dira karikaturak. Eta orain ezin direla egin? Baina zer da hau? Noiz defenditu behar dugu europar zibililazio kristatua? Gogoan dut badela euskal abesti bat “hilda jainkoa” dioena behin eta berriz. Beno, ba nik orain deihadar egingo dut: “HILDA MAHOMA!! HILDA, HILDA, MAHOMA!!”