Izena, izana (alukeriak tarteko)

Izena, izana (alukeriak tarteko)

Izena, izana (alukeriak tarteko)Ikaragarriak dira errealitate gordinaren ebidentzia onartu nahi ez dutenen ahaleginak eta harat-honatak. Are ikaragarriagoak oraindik, hura ez ikusteko eta mozorratzeko botatzen dituzten ahoberokeriak eta egiten dituzten alukeriak. Lotsarik gabe egin, gainera.

Dozenaka ekar litezke kasuak eta adibideak, batik bat eremu politikoan gertatuak.

Horietako bat -zoragarri elokuentea- da PPkoen eskuetan dagoen Valentziako gobernuak bertako Hizkuntza Akademiarekin montatu duen auzia.

Antza denez, beraien interesak defendatzeko sortu zuten Akademiak argiegi definitu du orain valentziera “hizkuntza” (valencià) bere Diccionari Normatiú izenekoan

Horrela dio hiztegiak hitzaren bigarren adieran:

“Valencià: m. LING. Llengua romànica parlada a la Comunitat Valenciana, així com a Catalunya, les Illes Balears, el departament francés dels Pirineus Orientals, el Principat d’Andorra, la franja oriental d’Aragó i la ciutat sarda de l’Alguer, llocs on rep el nom de català”.

Garbi utzi du Akademiak, bada, katalandar sistemaren barneko hizkuntza dela valentziera. Edo interpretazio zalantzarik ez uzteko, valentziera ez dela katalanarekin harremanik ez duen aparteko sistema desberdin bat.

Garbiago, nekez.

Horraino dena, ustez, normal eta ondo. Hizkuntza Akademia bati dagokion lana baino ez, beraz.

Gogangarriena geroago etorri da, politikari batzuk (zalantzarik bai haien etorki ideologikoaz?) akademikoen aurka sumintzen hasi direnean. Eta, batez ere, valenciáren definizio adkademikoaren aurkako erreakzioak kanporatzen hasi direnean.

Definizioa gogokoa ez, nonbait, eta definizioa aldarazteko presioak egiten hasi dira handik eta hemendik. Eta inor falta ez zedin, Alberto Fabraren Consell delakoa buru eta eragile nagusi.

Lehendabizi Consell Jurídic Consultiu agertu da bere ebazpen zientifiko-legala ematen. Hain zuzen ere, hain dira arlo juridikoan kume prestatuak kontseilu horretako kideak, ezen serio-serio hasi baitira pontifikatzen “Diccionari Normatiú hiztegia ez dela Autonomia Estatutura egokitzen”. Are gehiago, haien iritziz, Acadèmia Valenciana de la Llengua delakoak ez du (kirtenkeriaren kirtenkeria!) valentziera definitzeko ahalmenik!

Hori bai, Consell Jurídic Consultiu horrek ez du inolako estakururik izan valentziera definitzeko ahalmen hori unibertsitateei onartzeko! Unibertsitateek bai, Hizkuntzaren Akademiak ez!

(“Kirtenkeriaren kirtenkeria! Eta oro kirtenkeria!” erantsiko luke Itun Zaharreko liburu larriren batek)

Baina gobernukoek espero ez zuten arren, unibertsitateek (Xarxa Vives, Jaume I, etab.) bat egin dute Acadèmiak definitutakoarekin.

“Valentziera ez da kontu juridiko bat”, esan dute, “gai filologiko-zientifikoa baizik”.

Ohi bezala, isilpeko-ageriko borroka horretan, ez da faltatu egoera baretu nahi izan duenik ere, tartean, Hezkuntza kontseilaria, kasualitatearen kasualitatez, Catalá deitura duen politikari zuhurra.

Beste aldean, ordea, Valentziar Erkidegoko PPko idazkari orokor eta espainiar Gobernuaren kontseilari den “politikaria” agertu da sutea behar bezala elikatzen eta indartzen. Eta, bide batez, gobernuaren kontseilari bati dagokion bezala, Hizkuntza Akademiaren definizio horren azpian ezkutaturik dagoen “kolonizazio katalandarra” salatzen. (Eta oro kirtenkeria!)

Kasualitatez, harperen batean bizi den intxixu honek Castellano du deitura.

Egia da haiekin batera agertu dela Kontseiluko lehendakariordea, Ciscar izenekoa, baina badirudi ez duela izenaren esanahiarekin zerikusirik izan lezakeen ezer burutu nahi (ikus RAEko hiztegia). Momentuz, behintzat.

J.U.

Izena, izana (alukeriak tarteko)

Zer duzu buruan “Izena, izana (alukeriak tarteko)”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-02-15 19:53

    Ba ematen du gaixoei alde guztietatik ematen dietela egurra: “Dialectalitzant, incoherent, multiplicador de variants… i sovint sense criteri” omen da AVLren hiztegia.
    http://www.vilaweb.cat/noticia/4171723/20140207/dialectalitzant-incoherent-multiplicador-variants-sovint-sense-criteri.html

    Valentziar Herrian valencià esan izan diote betidanik beren hizkuntzari, eta zilegi da ohitura horri eutsi nahi izatea, beti gehiegikeria lokalistak baztertuz. “Catalunya, les Illes Balears, el departament francés dels Pirineus Orientals, el Principat d’Andorra, la franja oriental d’Aragó i la ciutat sarda de l’Alguer”-en egiten denari valencià deitzea, berriz, leku horietan mallorquiz mintzatzen direla esatea bezala litzateke, nire ustez.