Izan gaitezke ez-europar?

Izan gaitezke ez-europar?

Larunbatean Lehen Mundu Gerrari buruzko mahai-inguru batean parte hartu nuen, Patri Urkizu, Mikel Peruarena eta Xabier Montoiarekin batera. Lehen Mundu Gerra funtsezko gertakaria izan zen Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsesteko bidean. Aitzineko hamarkadetan hasi ziren sentitzen frantsesak zirela, lehenik eskolan eta armadan etengabe hori irakatsi zietelako, eta gero, gerra garaian odola isuri zutelako Frantziaren alde.

europarEntzule baten galderak eztabaida berezi bat piztu zuen: europarrak garelako kontzientzia ere aski berria da (Hego Euskal Herriko ikuspegitik egindako galdera zen: Espainia frankismotik atera eta Europako Batasunean sartzearen garaietara zeramalako eta orduan Europa zelako askatasunaren ametsa, nahiz eta amets hori ustelduta dagoen gaur egun), eta beharbada hemendik hamarkada batzuetara Europari buruz izango ditugu gaur Frantziari buruz ditugun solas berak.

Eztabaida laburra izan zen, baina ertz franko izan zituen. Batzuek erantzun zuten munduko mapari so eginez gero, argi dagoela Europan gaudela, ez Asian, ez Amerikan. Argudio geografikoari tiraka, batek erantzun zuen erran litekeela geografikoki Frantzian edota Espainian dagoela Euskal Herria. Beste batzuentzat argudio geografikoa ez zen nahiko arrazoi europar sentitzeko; eta hor hasi ziren aipatzen Europako Batasuna, europar identitatea eta abar.

Zergatik ezin dira parean jarri frantses sentitzea eta europar sentitzea? Frantzia, Euskal Herria bezala, herri bat da; Europa ez da herri bat. Frantziak bere inguruko herriak irentsi zituen eta herri haien hizkuntza, kultura eta identitatea indargabetzeko ahalegin guztiak egin zituen. Europa ez da hizkuntza, kultura eta identitate propio bat duen herri bat, ingurukoak irentsi nahi dituena. Indar handiagoa edo txikiagoa duten herriez osatuta dago. Etorkizunean uniformizazio bat gertatzekotan, hizkuntza eta herri indartsuenen arabera izango litzateke: baina horiek ez dira “Europa”, baizik eta Frantzia, Alemania, Erresuma Batua… Europako Batasuna eta Europaren gaurko ideia, izatekotan, estatu horiek sortu eta erabiltzen duten tresna da, estaturik ez duten herrien askatasun ametsak iraungitakoak direla sinetsarazteko.

Halaber, Europa ez da Europako Batasuna. Espainia eta Hego Euskal Herria ez ziren Europan sartu EBn sartu zirenean, lehen ere Europan ziren. Gauza bera Errumania, Bulgaria, Polonia eta abarri dagokionez. Suitza Europan dago, EBn ez badago ere. Euskal Herrian sutsuak gara Europako Batasunaren kontra mintzatzeko, baina batasun horren ildo ekonomiko eta politikoekin ados ez izateak ere ez du erran nahi ez garenik europarrak. Izan gaitezke gure herriko auzapezaren politikaren aurkariak, baina gure herri horretakoak izaten segituko dugu, ez diogu herri horri uko eginen. EBk aitzina jarraitu ala pikutara joan, Euskal Herria ez da sekula Asian izanen. Haatik, Euskal Herria ez dago ez Frantzian ez Espainian. Ez dira gauza bera kontinente batekoa izatea eta estatu batek bereganatua izatea. Frantzia eta Europa parekatzea herri zapaldua garela ukatzea da.

Izan gaitezke ez-europar?

3 pentsamendu “Izan gaitezke ez-europar?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude