“Itxia baina ez isildua” (hamar urte)

Gogoan dut 2003ko otsailaren 19a. “La semaine blanche” delako horren oporrak profitatzen nituen etxean, lasai-lasai. Egunak aspertuta ere ematen nituela esan dezaket. Denbora libre larregi agian. Egun hartan Euskaldunon Egunkaria erostea deliberatu nuen. Asperdura arintzeko-edo. Oker ez banago, egun hartako azalak Hego Koreako metro batean bertako gizon baten suizidioaren berri ematen zuen. Inork gutxik espero ez zuena zera izan zen: Euskaldunon Egunkariaren azken alea idazten ari ziren kazetari eta lagunak.

Gogoan dut ere 2003ko otsailaren 20a. Oporrak disfratuz itzartu nintzen arren, pozak ezer gutxi eman zuen. Euskaldunon Egunkaria isildu zuten eguna izan zen hura. Tristezi eta amorruak oporrak zapuztu zituzten, baita hurrengo hilabeteak ere. Aitor dezadan ez naizela akordartzen berri triste hura zelan jaso nuen. Halere, horren berri izan nuen bezain laister, azken Euskaldunon Egunkaria erosi behar nuela erabaki eta halaxe egin nuen. Nire keinu solidarioa izan zen. Ez da gauza handia, baina hamalau urteekin hori otu zitzaidan. Etxean gordeta daukat oraindik.

Gero “gerokoak” etorri ziren: Espainako estatuak ezer gutxi ikertu zituen tortura salaketak, Egunero egunkaria, elkartasun manifestazioak, epaiketa eta Berriaren sorrera. Berebiziko garrantzia izan zuen kazeta berriaren sorrerak; izan ere, euskaraz hutsez egindako kazeta berria jaio zen 2003ko ekainean. Hau da, Egunero-aren azalak aurreratu zigutenez “itxia baina ez isildua”2010an Espainako Auzitegi Nazionalak Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi absolbitzea erabaki zuen. Nahiz eta Del Olmoren tesiak “espekulazio hutsa” zirela jo zuen Auzitegiak, auzi ekonomikoa argitzeke dago oraindik. Amesgaiztoa ez da amaitu, beraz.

Euskaldunon Egunkariak ez duela ale berririk kaleratzen hamar urte iragan dira. Auzi honekin nork bere harremana dauka. Zer sentitu nuen adierazteko hiru une eta doinu bat aukeratu ditut: alde batetik, itxieraren biharamuneko amorru eta pena, Madrilen Fermín Muguruzak jasandako txistu eta txaloak, 2009ko auzipetuen aldeko manifestazioak eta bestalde, Kautaren “Zaharrak Berri” abestia. Euskaldunon Egunkaria errugabe hil zuen Del Olmok; jakinaren gainean, seguru aski. Hamar urte iragan diren arren, ez dugu ahaztu. Hala eta guzti, auzipetu eta irakurleei ez die inork barkamenik eskatu. Inork ez du bere gainean erantzunik hartu.

Barre egin diguten arren, ez gaituzte isildu. Aurrera Egunkaria!!!

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.