Itxaropen itsua …

Itxaropen itsua …

Itxaropen itsua ...Asteburuan lagunekin Errioxa aldean egon ondoren, astelehenak errealitatera itzuli behar dela gogorarazi dit. Errealitate gazi-gozoa; gozoa, udako opor usainak biziberritzen nauelako, eta gazia, eternitateko oporrak ditudalako, ez iratzargailu gogaikarririk lanerako bidea hartzeko.

Langabe askoren moduan, ordenagailuan uzten ditut begiak lan eskaintzak egiten dituzten atarietan izena emanez, nire kurrikulumari dirdira atera nahian, ea egunen batean mirariren bat gauzatuko ote den. Bada, eskaintza interesgarriren bat topatzen dudan bakoitzean etsiturik geratzen naiz, ikusirik nolako baldintzak ezartzen dituzten lanpostua eskuratu ahal izateko. Badakit hau ez dela berria, baina exijentziak maila apalago batean uzteko garaia dela uste dut. Bestela, zer egin behar dugu ikasketak amaitu eta lanik aurkitu ez dugunok? Nondik eskuratu hain beharrezkoa den ditxosozko esperientzia? Olentzerori eskatu?

Gobernua eta Eusko Jaurlaritza lanpostuak sortzeko ahaleginean omen dihardute, enpresei horretarako diru-laguntzak emanez. Txalogarria da hori, baina laguntza horiek agortutakoan zer, etxera buelta? Tira, gutxienez esperientzia gisa balio du horrek, esango duzue zuetako askok, bai hala da, baina gizarteak bestelako exijentziak ditu eta gutxi konformatzen dira lau hilabetean praktikak egiten aritu den gazte inuzente horrekin. Hala ere, edonork ere ezin die laguntza horiei probetxua atera: edo ikaslea zara, edo bi urte baino gehiagoan zaude langabezian edo sekulako ingeles maila daukazu edo auskalo zer.

NiNi delakoa sentitzen hasi naiz dagoeneko (ni trabaja, ni estudia). Lanarena noski, ez dudalako aurkitzen, eta ikastearena, ikastea ere ez delako hain merkea, eta zuloa handituz doalako. Ikastaroak egitearena ere hor dago, (eta eginak ditut batzuk, ez pentsa), baina sinetsita nago batzuetan kurrikuluma gizentzeko besterik ez dutela balio.

Ea, nik ez dut ezer dramatizatu nahi, eta egia da hain justu nik ikasitako arloak jasan duela krisiaren astindu bortitzenetakoa, kazetaritza edo komunikazioaren arloak, jakin nahi baduzue. Esan gabe doa sektore batzuei gehiago kostako zaiela saneatzea, baina oraindik ez dut galdu egunen batean nirean aritzeko itxaropena.

Eta momentu honetan nire bizitzarekin zer egin ez dakidan arren, zorionekoa sentitzen naiz, asko baitaude gu baino askoz, askoz okerrago. Samina ematen dit komunikabideetan agertzen diren lekuko horien drama ikusteak, are gehiago diruzale ustel horiez inguratuta gaudela kontuan hartzen badugu.

Pobrezia eta aberastasunaren desoreka hain nabarmena den honetan, argi izpiren bat ikusiko dugula sinetsi nahi dut. Izan ere, itxaropena eta baikortasuna galduz gero, zer geratzen zaigu?

Itxaropen itsua …

Zer duzu buruan “Itxaropen itsua …”-ri buruz

  • “Gobernua eta Eusko Jaurlaritza lanpostuak sortzeko ahaleginean omen dihardute, enpresei horretarako diru-laguntzak emanez. Txalogarria da hori, baina laguntza horiek agortutakoan zer, etxera buelta?”
    .
    Ni diru laguntza horien aurka nago guztiz, garapen teknologikoaren kontra dago. Pertsona bat ganoraz bizitzeko ez luke lanik egin behar: makineria eta konputagailuek gure lanaren %90a egingo dutenean, gizartearen minimo batek egingo du soilik lan. Eta besteak zer?
    .
    Automatizazioa guk lan gutxiago egin genezan sortu ziren; hau ulertu ezean langabezia eta diru laguntza mordoa etorriko zaigu laster…
    .
    Bestalde, zertarako egin behar dute denek lan? Inkonpeteenteenek ez lukete lanposturik eduki behar, horrela doa gure administrazioa! Baina beren etxebizitza, jana, arropa, medizinak eta bizio merke batzuk emango lieken dirua jasotzeko eskubidea lukete.