Ituren eta Zubietako inauteriak grabatzearen alde eta kontra

Ituren eta Zubietako inauteriak grabatzearen alde eta kontra –

KONTRA

Maite ditut inauteriak, bereziki Nafarroakoak. “Mozorrotu” hitzak berak barnebiltzen du aurpegia estalita izatea, gainontzean disfrazatu egin zarela esan daiteke. Ituren eta Zubietan mozorrotzen dira; baita zomorrotu ere, noiz edo noiz.

Eztabaida sortu zen iaz, animali ezberdinen gorpuzkinak erabili zirela eta. Hortik abiatu zen eztabaidan zurikeri ugari bazela iruditu zitzaidan. Kexu diren gehienek animalien aldeko bandera astintzen dute sutsuki; baina haiek dira urte osoan zehar haragia eta arraina supermerkatuetan erosten dituztenak. Animalia horien agonia eta sufrikarioa bai dela luzea.

Pankarta bat jarri zuten Iturenen: “errespetatu gure iñautik”. Erabat ados horrekin. Ituren eta Zubietako inauteriak gogoko ez dituenak, ez dadila agertu; eta dedikatu dadila “Pollos Oikina”ren aurka borrokatzera, horiek urte osoan zehar ari baitira animaliak milaka akabatzen, isil-isilik. Inauteriak transgresoreak dira, arauak hausteko daude, eta gogorarazten digute arau horiek urte osoan urratu ditzakegula. Arnasbideak behar dira gure barruan daramagun basatia ateratzeko, eta inauteriek kanal hori eskaintzen dute. Ez dezagun itxi.

Esaldiaz gain, pankartaren inguruko sinboloek beste zerbait diote: ez grabatu, ez atera argazkirik. Hau da, idatzi duenarentzat inauteriak errespetatzea, hauek ez grabatzean datza, besteak beste. Badirudi hori dela eta EITB-ko kamera batek arazo bat izan zuela atzo Iturenen.

Iseka egin diote, mehatxatu, eta bultzadaren bat eman. Profesional batek ez luke ataka horretatik igaro behar.

Inauteriak grabatzearen aferara itzulita, kontua da egun dena izan behar dela diplomatikoki zuzena, eta Ituren eta Zubietako inauteriak ez dira; hor dago koxka. Iaz sare sozialetan sortu zen giroak inauterien izate berezia arriskuan jarri zezakeen, eta bertako herritarren usadioak kondizionatu. Iturendarrek eta zubietarrek ez dute hori nahi; herritarrek haien jaia bakean egiteko eskatzen badute grabatuak ez izatea, kontutan hartu beharko litzateke eskakizun hori.

Inauteri txiki hauek geroz eta jende gehiago erakartzen dute, eta horren ondorioak iaz antzeman ziren oso ondo: zuzentasun diplomatikoak inauteri autentiko batzuk mozorrotu ditzake. Herritarrek hala nahi badute, errespetatu: utzi Ituren eta Zubieta bakean.

Ituren eta Zubietako inauteriak grabatzearen alde eta kontra

ALDE

Sei bat gizonkote gurdi bati tiraka, eta gurdi gainean lau hankako bi asto. Joan den astean, gaur zortzi, Iturengo inauterietan ikusitako irudia dugu, eguraldi bikaina lagun mukuru zen plazan. Iazko kalapitari ironiaz erantzuteko modu aparta horixe, mozorroak eta bizarrismoa baliatuz egina, eta ez ohar edo mehatxu bidez, sarrera honetako argazkietan ikus ditzakegun afixetan egiten den moduan.

Nafarroako inauteriak bere horretan maite dituenak ulertzen du iazko aferak iturendarrak mindu izana. Iturenek naturarekin eta basa bizitzarekin duen harreman estua, egunerokoa, begirada hiritarrarekin izan zen epaitua, egungo jendarte aseptikoak auzitan jarria. Eta horrek Iturengo herritarrengan eragindako mesfidantza normaltzat har dezakegun arren, argazkilari eta kazetarien lana eragoztea ez da inondik ere onargarria. Are gutxiago bateren batek jasan behar izan duen jarrera oldarkorra.

Inauterietan Ituren zein Zubietara gerturatzen denak jakin beharko luke ez doala antzoki batera ikuskizunaz gozatzera, eta ikusle baino parte-hartzaile dela, plazan dagoen heinean. Baina kontu bat da ikuskizunaren parte izanda modu batera edo bestera “zipriztindua” izatea, eta beste bat lanerako asmoz bertaratuta “bultzakada” edo talkaren bat pairatu behar izatea. Ez.

Gogoratu Espainia aldean ere harrika hartu izan dituztela kazetariak, kanpotarrek El Toro de la Vega delako ohitura ulertzen ez dutela aitzakia jarrita. Eta ez dezala inork bi tradizioak, Torresillasekoa eta Ituren-Zubietakoa, alderatzen ari garenik pentsa, ez. Batean zein bestean hartu izan duten hedabideenganako jarrera da zilegi iruditzen ez zaiguna. Azken finean, begien aurrean plastiko beltza jasota ez da arazoa konponduko, eta kazetaria etsai gisa ulertu baino modu hoberik izango da inaute festa bakean ospatzeko.

Ituren eta Zubietan, argazkiak ez egiteko mehatxua beraien kalterako izatea nahi ez badute, hobe dute ospakizunaren balio etnografiko eta kulturalak azpimarratu eta azaltzea bertaratu ohi zaien bisitari saldoari, hauek ere festaren parte senti daitezen, natural.

Eta beste eztabaida baterako utziko dugu pankartetako mezuak euskalkian idatzi izana! (kar, kar).

Ituren eta Zubietako inauteriak grabatzearen alde eta kontra
inauteriak, Ituren, kazetaritza, zubieta
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

9 pentsamendu “Ituren eta Zubietako inauteriak grabatzearen alde eta kontra”-ri buruz

  • gogan dut Chamulan, Chiapasen, turista japoniar bat harrika akabatu zutenekoa elizan argazkiak ateratzearren argazkiak arima ohosten zielakoan. Ohiko jarrera da kultura susutraidunetan argazkiengandik babestu nahia, eta ez zaie arrazoirik falta, inperialsmo urbanitaren arma nagusienetakoak baitira.

  • “Inauteriak transgresoreak dira, arauak hausteko daude, eta gogorarazten digute arau horiek urte osoan urratu ditzakegula. Arnasbideak behar dira gure barruan daramagun basatia ateratzeko, eta inauteriek kanal hori eskaintzen dute. Ez dezagun itxi.”

    Eztabaida honen gakoa hortan datza hain zuzen ere. Eta horregatik (izan) dira gorrotatuak moralaren jabetza nahi dutenen aldetik, izan Eliza (apaizak kardenal bihurtzeagatik), feminismoa (sexualizatutako jantziak) eta orain baita animalismoa ere, hildako animaliak erakusteagatik.

    Ez zait harritzen bertakoak kokoteraino egotea, urte osoan zehar inor (perretxiko zaleak salbu) agertzen ez diren herrixkak jendez lepo ikusita, erreserba indigena bat bailiran kamerak eskuan. Iritsiko da eguna debekuzaleak harrotu eta pankartarekin joango direna, eta gazteek orain arte bezala zimaurra eta hesteak bota beharrean harrika eta ukabilkadaka erantzungo dute. Eta gaiztoak beraiek izango dira gainera, urbaniten begietara. Utzi bakean inauteriak!

  • eta musulmanak noizko? 2018-02-06 15:49

    Islamiarrek, aturdidorerik gabe, oso modu krudelean akabatzen dituzte beren animaliak (Euska Herrian baita ere). Noizko honen aurka???

  • Ni neu kalekumea naiz baina gurasoak baserritarrak nituen eta haiek ez ziren inongo jaitan animalia hilak erakusten ibiltzen. Jan behar zena jan (oilasko, untxi…) eta behar ez zena bota (oiloak izorratzen ibilitako azeria edo zakurra). Nire amari adibidez, zezenketak gustatzen zitzaizkion lehen banderila sartu arte. Hortik aurrera ez zuen ikusi ere egin nahi izaten. Zezena zirikatu bai baina sufriarazi ez (berak zioen agian adinarekin bigundu egin zela). Bestalde, basurde ehiztari bati aditua da badirela ehiztari gazteak ezerekiko errespeturik ez dutenak: umeekin dagoen zerramari tiroka eta abar, nolabaiteko odol-gosea asetzeko asmoz. Ihauterietan animalien larruekin ibiltzea kulturaren parte bezala ikusten dut baina hildako animaliak hain modu gordinean erakustea ez dakit ez ote den arestian aipaturiko odolzalekeria ez oso sano horren adierazle, kasu batzuetan bederen.
    Beti ere ados egonik politikoki zuzenaren garaian bizi garela eta moral-inposatzaile ugari dabilela bazterretan.

  • Inauteriak izorratzera doazen kalekumeek agian edozer gauzetaz mozorrotu eta musika topera duten tabernetan botaka egin arte tragoak hartzen egotea osasuntsuagoa, bai mentalki bai fisikoki, dela pentsatuko dute, auskalo!

  • Zorionak, Lox, aspaldi irakurri dedan txiorik zentzuzkoena da hauxe. Erabat ados esan dezunarekin.

  • Joseba Aurkenerena

    Guztiz ados Beñatekin. Inauteria matxinada da, gizarte zorrotzaren kontrola hausten duen ekitaldia. Gaur egun, bizi garen zelofanezko mundu honetan, dena izan behar da neurtua, zuzena, aratza… eta inauteria ez da sare horretan sarzen. Zertara doaz inauterira inauteriaren transgresioaz sinesten ez dutenak?
    Eta ez dezatela erran organ zihoazen astoek sufritu egin zutela. Hamaika ikusteko jaioak gara.

    • Inauteria ere gizartearen (edo jendartearen? ;-)) kontrolaren parte da, hain zuzen ere, egutegian markatuta datorrelako arauak noiz hautsi daitezkeen. Egun normal batean kantuan eta dantzan ikusten badugu norbait, erotzat hartzen dugu edo mozkortzat edo dena delakotzat. Inauterietan -edo herriko jaietan-, berriz, dena da libre (ustez). Urte osoan erreprimituta bizi eta egun horietan eztandaz lehertu. Eta inguru sozial batzuetan gainera behartuta bezala daude horrela jokatzera. Hori ere ez al da kontrol sozialaren erakusgarri?

      Bestalde, espazioa publikoa den heinean, bertaratzen den jendeak eskubide osoa du nahi duena grabatzeko. Ala hori ere arautu egin behar al dute bertako herritarrek? Marka da gero, ustezko arau-hausleak besteei arauak jartzen. Gainera, lehengo urtean ez zuten grabatuak izateko inongo arazorik izan. Ondorioak ikusitakoan hasi dira kexuka.
      Arazoa ez baitzen izan arauak hautsi zituztela, ustez legea hautsi zutela eta foruzaingoak ikerketa abiatu zuela baizik.

      Azken puntuarekin ados. Gustatzen ez zaiona, ez dadila joan. Lokatzez edo zimaurrez zikintzeko arriskuan egon nahi ez duena, gera dadila etxean.

  • Kontua ez da grabatzea, baizik eta nola grabatzen den eta nola erabiltzen den grabatutakoa. Informazio askatasuna ezin da egon inauterien adierazpen askatasunaren gainetik. Iaz donezaka kazetari eta sasi-kazetarien inbasioak,inongo errespetorik gabe, partehartzaile eta ikusleei oztopo dexente eragin zien. Inauteriek kameradunen behar personal edo profiesonaletara egokitu behar badute, bere dinamika berezia baldintzatuz, akabo. Erdizkako informazioa, desinformazioa da. Hedabideek ezin dute funzionatu twiterreko txiolari baten modura,informazio murritza edo alde batekoa bakarrik erakutsiz,ETBk bertakoa izaki, badu hausnarketa non egin iazko animali hilen afera agertzeko moduan.
    ¿Noiztik iñauteriak etikaren eredua, gaiñera eguneroko etika demagogia, dogmatismoa, zurikeri eta ezjakintasunean oiñarritu dagoenean? Iñauteri hoiek,sexuak bezala,gure alde irrazionalenarekin konektatzen dute,eta hori noski publikoki erakustea ezin dugu onartu,bestela pladur-ekin eraikitako gure harresi morala kolokan jarriko zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude