Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileok

Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileok –

Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileokDuela gutxi jakin genuen Bizkaiko Foru Aldundiak txostena ireki diola Iñaki Robles suhiltzaileari, Bilboko portutik Saudi Arabiara bidali zituzten armen zamaketa lanean parte ez hartzeagatik. Izan ere, Saudi Arabiak Estatu espainiarrean egindako bonbak erabili ditu Yemen bonbardatu eta giza eskubideen kontrako sarraskiak egiteko. Kontzientzia arrazoiek bultzatuta Roblesek zamaketan parte ez hartzea erabaki, eta orain EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiak bi eta lau urte artean lan eta soldatarik gabe zigortzearekin mehatxatu du.

Kasua deigarria izanagatik ere, hau ez da euskal langileriak azken urteetan guztion eskubide kolektiboen mesedetan aurrera eraman duen desobedientzia ekintza bakarra. Gogoratu, esaterako, nola Donostiako suhiltzaileek etxe kaleratzeekin ez kolaboratzea erabaki zuten, eta oro har, bere “zeregin profesionaletatik urruntzen edota desberdinkeria soziala bultzatuko duen ezein ekintzetan ez laguntzeko konpromisoa” hartu zutela. Garai bertsuan, Gasteizko suhiltzaileak erabili nahi izan zituzten Andra Mari Zuriaren plazaren monumentuan Aske Guneko kideek eskegi zituzten pankartak kentzeko, baina “egoera aztertu ostean, eta arriskurik ez zuela suposatzen ikusita”, jasotako aginduari uko egitea erabaki zuten. Nola Bilbon Meson 13 etxe okupatua desalojatzean, suhiltzaileek balkoietan kateatuta zeudenak askatzeari uko egin zioten. Edo ikastetxeetako langileek, guraso eta ikasleen laguntzarekin, LOMCEren aurrean hartutako jarrera desobedientea.

Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileokIsunak, lanetik kaleratzea… langile klasearen duintasun eta elkartasun erakustaldien aurrean, boteretsuek langileria zigorrekin mehatxatu dute. Are gehiago %1 horrek eragindako krisiak langileak muturreko egoeran utzi dituenean. Proportziorik gabeko zigorrak darabiltzate kasu hauetan, gainerako langileen artean izua zabaltzeko eta horrelako jarrera desobedienteak errotik mozteko. Nola ulertu bestela zamaketa batean parte ez hartzeagatik lau urtez pertsona bat soldatarik gabe utzi nahi izatea? Eta beren makineria juridiko-errepresiboa biribiltzeko, bi urte bete dituen Mozal legea erabiltzen dute, hau zein antzeko kasuak salatzea ekiditeko. Izan ere, uztailaren 1ean bi urte bete ditu ustelkeria kasuez leporaino dagoen PP alderdiak bere gehiengo absolutua baliatuz eskubide zibil eta politikoak are gehiago murrizteko onartu zuen legeak. Besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak eta Amnesty Internationalek berak lege hau salatu arren, gaurdaino indarrean jarraitzen du, eta adierazpenetan lege honen aurka daudela dioten hainbat alderdik ere praktikan gustura asko aplikatzen dute. Horren harira, hainbat taldek deituta mobilizazioak egin dira Euskal Herrian Mozal legeak behin betiko ken ditzatela eskatuz. Hor daude Donostia eta Gasteizko deialdiak, adibidez.

Gauzak horrela, langileok protesta sozialen aurrean izan behar dugun jarrera hausnartu behar dugu. Batetik, kapitalak inposatutako jendarte ereduaren aurrean jendarte eragileek antolatutako mobilizazio zein ekintzetan zuzenean parte hartuz eta desobediente bihurtuz. Eta bestetik, zuzenean parte hartzerik ez dugunean, gutxienez jarrera proaktiboa izanez, eta ekintza hauen garapena ez oztopatuz. Horiek dira langile mugimenduaren baitan landu behar ditugun irizpide ideologiko eta praktikoak etorkizunean zabalduko diren protesta sozialen aurrean langileon arteko talkarik egon ez dadin.

Howard Zinn pentsalari estatubatuarraren hitzetan, “desobedientzia zibila ez da arazoa. Arazoa obedientzia zibila da. Arazoa da herritarrek beren gobernuko liderrak otzan-otzan obeditzen dituztela, gerrara jarraitzen dituztela, espetxeak lapur txikiz beteta baina kaleak hondamendira garamatzaten lapur handiez beteta dauden bitartean. Horixe da gure arazoa”. Simone de Beauvoirrek berak gordinago azalduko zuen ideia bera: “Zapaltzailea inoiz ez litzateke horren indartsua izango, zapalduen artean konplizerik izango ez balu”. Bakoitzak bere esparruan, bere lantokian, bere txikitasunean, justizia legearen gainetik jarrita, alda baitezake mundua. Eduardo Galeano idazleak esango ligukeenez “jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, alda dezakete mundua”. Eta Margaret Mead antropologoak zehaztasunez gaineratuko liguke “zalantzarik ez izateko, hiritar talde konprometitu horiek direla mundua aldatzea lortuko dutenak”.

Asier Koloma
Joseba Alvarez
Eleak-Libre Mugimendua

Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileok  Itsu, mutu, gor, nahi gaituzte langileok