Itsasontzi batean, Euskal Herritik

Itsasontzi batean, Euskal Herritik

Baionako ekitalditik aste betera, “Armagabetu garenik esatea arduragabekeria da, ordea, faltsukeriaz gain”, dio Danel Agirrek Gipuzkoako Hitzan argitaratu duen idatzian. Berak gutxienik eskopeta ondo kargatua dauka, eta zuzen-zuzena mira.

Itsasontzi batean, Euskal HerritikAlex Aranzabalek Eibar utzi zuen arte, Gipuzkoa historia idazten ari zen, aurrekaririk gabeko lorpen batekin: bi talde Lehen Mailan ipini, eta biek presidente armagilea zuten. Kluben hierarkia eta tamaina agintarien lantegietan islatzen zen. Jokin Aperribairen enpresak Estatu Batuetako gudaroste ahaltsuarentzat ibilgailuen osagaiak ekoizten ditu, eta Espainiakoarentzat kanoiak, besteak beste. Pertsonak hiltzearen sektorean dabil, beraz. Aranzabalenak ehizarako eskopeta eta errifleak saltzen ditu. Dibertimendu moduan animaliak akabatu eta beren buruez “ekologista handienak” direla dioten horiekin egiten ditu sosak, alegia.

Realak eta Eibarrek presidente armagileak izatea txiripak eragindako bitxikeria izatetik urrun zegoen. Euskal Herriko gerraren industriak hazi eta hazi jarraitzen du: EAEn bakarrik, urteko mila milioi euroko fakturaziora hurbiltzen ari dela kalkulatu izan dute Gasteizkoak talde antimilitaristakoek, arlo horretan dabiltzan enpresen sekretismoa dela-eta zifra zehatzak eskuratzea ezinezkoa bada ere. Futboleko estadioetako palkoak garai bateko putetxeak omen dira; kondaira zuzena bada, tratu ezin oparoagoak zirriborratzen dira bertan. Negozio osasuntsuenetako handikiak futboleko estadioetako palkoetako tratuen usainera biltzea naturala da. Eta armagintza negozio osasuntsuenetakoa da gurean.

Aperribairen enpresa 1573an sortua da. Ordurako, Euskal Herria hasia zen jada militar odolzaleak mundu zabalean barreiatzen, Espainiako eta Frantziako armaden gerizpean. Esportazio horiek gutxitu ditugu, Espainiako eta Frantziako armadak lasai antzera dabiltzalako ziur aski. Euskal herritarron beste usadio bati ere, elkar erailtzearenari, oraingoz laga diogula dirudi. Armagabetu garenik esatea arduragabekeria da, ordea, faltsukeriaz gain. Aperribairena bezalako tailerrak gerretan erabiltzekoak diren produktuz lepo dauzkagu. Eta milaka lanpostu ordaintzen dituztenez, ukiezinak eta eztabaidaezinak dira.

Erakunde publikoek diru laguntza eskuzabalekin saritu izan dituzte armak ekoizten dituzten enpresak. Ez da harritzekoa. Gorriak, berdeak, urdinak, beltzak. Dagoeneko polizia taldeen uniformeentzako kolore posible guztiak agortu ez balituzte Polizia talde berriak sortzen segituko luketen erakunde publiko berberak dira. Munduko kriminalitate baxuenetakoa izanda ere biztanleko Alemaniak baino hiru aldiz edo Txinak baino bost aldiz polizia gehiago kontratatu dituzten erakunde publiko horiexek. Futbol partida ikustera zihoan zalea taberna baten kanpoaldean asasinatu, eta erantzulea topatu ez dadin baliabide guztiak ikerketa nahasten ipintzen dituzten erakunde publikoak.

Ikusteke dago Bizkaiko Aldundia Bilboko portuan armak zamatzen lagundu nahi ez zuen suhiltzailea —heroia— zigortzera ausartuko ote den. Lau mila tona bonba (ETAk errenditutakoak 1.300 bider) zeramatzan itsasontzia, ordea, ailegatuko zen honezkero Saudi Arabiara, eta merkantzia Yemeneko mugara ere eramango zuten. Bilboko portutik irtendako leherkarietako batek eskolatik etxera zihoan haur bat mila puskatan txikituko zuen dagoeneko, akaso. Edo txikituko du laster. Baina elkar erailtzeari laga diogula dirudi.

Itsasontzi batean, Euskal Herritik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.