Ispilua

Ispilua –

Zer eginen zenuke inor bizi ez den irla batean bazeunde? Parekoaren hautu eta ekintza politikoek deseroso sentiarazten gaituztelarik (guk ez baititugu hautu edo ekintza horiek egin) askotan botatzen den galdera da irlarena. Azken boladan trans legearen kontra imajinazio handiko argudioak ikusi ditut, irla horretan bukatzeko aukerak bezain probableak.

Ispilua
Arg: Foreign, Commonwealth & Development Office (Flickr)

Baina, jolastu gaitezen. Irla horretara nik ispilu bat eramanen nuke. Ispilu bat nire burua ikusteko, baina baita inguruari begiratzeko ere. Ispilu bat nor naizen ez atzentzeko, eta nire eboluzioa ikusteko.

Zapalduago dagoenari legeen bidez eskua luzatzerakoan, beti agertzen dira erreakzioetan beldurrak eta fobiak. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea euskara ez dakitenen kontrako inposizioa dela; kanpotik heldu denari eskubideak bermatzea bertakoaren kalterako dela; emakumeen eskubideak bermatzea gizonak baztertzen dituela edo trans legeak emakumeak desagerraraziko dituela.

Ispilu bat ikusteko zure eskubideek ez dituztela besteak kaltetzen, eta besteenek ez dituztela zureak zapaltzen. Ispilu bat ikusteko Iruñean nerabe transexual bat jipoitzea ez dela kasualitatea. Ispilu bat transfobiari aurrez aurre begiratu, eta atzean nola uzten dugun ikusi ahal izateko.

Irla honetan ez baikara bakarrik bizi.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 19koa]

Ispilua

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Ispilua”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-02-28 03:38

    Ai, Trans Legea:
    Lehenik eta behin, “jaiotzean esleitutako sexua” bezalako esapideak darabiltzan legeria bat antizientifikoa da eta, beraz, atzerakoia. Sexua, jaiotzean, ez da esleitzen (“asignatzen”), ikusi baizik. Sexua “esleitzen” dela dioen korronte intelektualak, esaterako, homeopatiak adinako errespetua merezi du, nahiz eta, tamalez eta harrigarriki, zenbait fakultate eta erakunde politikoren atxikimendua eduki.

    Bigarren, “Trans” izeneko zaku orotarikoaren barnean, besteak beste, transexual, “transgenero” eta are gehiago, fetitxista hutsei ustezko eskubide batzuk aitortzen dizkien legeria bat ez da egokia transexualen beharrizanei erantzuteko, zeren disolbatu egiten baititu kategoria zabalegi batean.

    Hirugarren, “despatologizazio” izeneko aitzakiarekin, praktikan, baimentzen da genero-disforia dutenei eta transexualei jarraipen mediko eta psikologiko egokirik ez eskaintzea. Bitartean, Europan barna osasun sistemari ardurak erreklamatzen ari dira damutu eta detrantsizionatu duten hainbat pertsona. Banago, Euskal Herrian, etorkizun aski hurbil batean, halako drama latzak ikusiko ditugula.

    Laugarren, eztabaida mahaigaineratu nahi duten ahots disidenteak, zuzenean, transfobo eta TERF gisa deskalifikatzea eta, noizean behin, haiekin batere zer ikustekorik ez duten eraso nazkagarriak leporatzea, oso tranpatia da eta alferkeria intelektual kezkagarri baten seinale.

    Ongi izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude