Isiltasuna ozen entzuten denean

ETAren su-eteneko azken agiriko paragrafo batek kezkatzen ditu Zapatero eta Urkullu: “borrokan” jarraituko duelako ETAk. Baina honela dio ETAk zehazki: ETAk prozesu demokratikoa sustatzeko eta burura eramateko ahaleginean eta borrokan etsi gabe jardungo du Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte. El Correoren informazioaren arabera, otsailaren 7an egin zuten bilera PSOE eta EAJko buruek, eta esaldi horren interpretazioaz jardun ziren.  

Horrela mintzatu da orain Urkullu: “Kezkatua nago ETAk erakunde terrorista gisa eman dezakeen erantzunaz”. Hasieran esan bezala, “ETAren isiltasun ozena” da Urkulluren kezkaren iturburu. Badaezpada, ETAren agiria irakurri dut, nahikoa esan ote zuen ala ez, eta honela dio: “Azken hilabeteotan, Bruselatik Gernikara, mundu mailako izen handiko pertsonalitateek eta euskal eragile politiko eta sozial andanak, mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa ematearen beharra nabarmendu dute. ETAk bat egiten du. Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoaren bidez etorriko da”. Argi dio agiriak: “Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoaren bidez etorriko da”. Eta eransten dio: “Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk. Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa”. 

Nondik eta batez ere, zertara dator Zapaterok eta Urkulluk orain “kezka” adieraztea ETAk egin dezakeenaz. Egunkariak dakar erantzuna: “Bien adierazpenak hoztera datoz epe laburrean ekintza armatua betiko eta erabat bukatzeari buruz sortu diren itxaropenak”.   

Zapaterok dio ETAk indarkeriaren amaiera agertzen duen agiria ikusiko bagenu ere, kezkatzeko tarte bat izango genuke, 40 urte baino gehiago iraun duen zerbaitek, ia mila heriotz-biktima eragin dituenak, bukaerako erresistentzia oso indartsua izango du”.

Urkulluk dio ETAk ez diola “protagonismoa” ezker abertzaleari pasa. Egunkariak dionez, jeltzalearen analisiaren arabera, “ezker erradikalak urrats historiko bat egin duenean, ETA zegoen tokian dago, eta ‘bere eskubideari eusten dio’ berriro ekin ahal izateko. Erakundearen isiltasuna, Sabin Etxeko analisiaren arabera, Batasunaren tesien onarpen tazitua izan liteke, baina baita itxaronaldi tentsu bat betikora itzultzeko, adibidez, ilegalizazioaren aitzakian”.    

Aurreko larunbateko manifestazioaren bezperetan Urkulluk berak egin zituen adierazpenek ere pista bat eman dezakete orain, su-etenaren iragarpenetik hilabete eta piku pasa denean kezka hori adierazteko: “kanpainan gaude”.

Iñigo Urkullu eta Jose Luis Rodriguez Zapatero

Irudia | Iñigo Urkullu eta Jose Luis Rodriguez Zapatero | z | LGPL
EAJ, ETAren su-etena, ezker abertzalea, PSOE

2 pentsamendu “Isiltasuna ozen entzuten denean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude