Iruzur autonomiko berririk ez! Euskal Herriak askatasuna!

Iruzur autonomiko berririk ez! Euskal Herriak askatasuna! –

Euskal Herriak pairatzen duen marko juridiko-politikoa zapalkuntza mantenduz erreformatzea planteatuta dago testuinguru politikoan. Horren adibide esanguratsuena EAEko autonomi estatutua berritzeko eztabaida da, non eragile desberdinak haien posizioa agertzen ari diren. Gasteizko sasi-legebiltzarreko indar guztiak proposamenak aurkezten dabiltza eta denen edukia berdina ez bada ere, guztiek zilegiztatzen dute egungo markoa eta guztiak daude kokatuta erreforma estatutarioaren eskeman.

Horren aurrean azpimarratu beharra dago marko hori gure herriaren nazio ukapenean eta frantziar eta espainiar estatuen okupazioan oinarritzen dela. Gure herrian ez da posible “demokrazian sakontzeko” prozesurik, gure herriak ez duelako marko demokratikorik. Ez “kalitate eskasekorik” eta ez “kalitatezkorik”. Gure herria zapalduta dago.

Iruzur autonomiko berririk ez! Euskal Herriak askatasuna!

Duela lau hamarkada espainiar estatuak burutu zuen erreformaren ondoren, nazio ukapeneko marko juridiko-politiko hori zatiketa administratibo hirukoitz batez gauzatu da. Batetik frantziar estatuak, inolako ezagupenik gabe, Pirinio Atlantiko izeneko departamenduan zapaldu, ukatu eta hiltzen du menpean duen Euskal Herria. Bestetik, espainiar estatuaren menpeko lurraldeak bi eremu autonomikotan bereiztuta daude.

Euskal Herriari, bere burujabetasuna ukatuz, marko autonomiko espainola inposatu zitzaion. Horrela, Hego Euskal Herria zatitu eta konpetentzia zenbait emanez, garai hartan indartsua zen askapen borroka eta herriaren askatasun egarria indargabetu nahi izan zuten.

Asmo horietan espainiar botereek bidelagun izan zituzten EAJ eta Euskadiko Ezkerra alderdiak eta ELA sindikatua. Indar horiek iruzur eginez aurkeztu zuten gure herria menpeko mantendu eta zatitzen duen marko hori: burujabetzaren bidean urrats bat zela edota presoak kalera aterako zirela saldu zuten besteak beste.

Era horretan, Madrileko botereguneetan egositako autonomia baskongadoari “Gernikako estatutu” deitu zioten eta 1979ko urriaren 25ean onarpen erreferenduma burutu zen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.

Operazio horrek ordea ez zuen euskal nazio askapen borroka irentsi. Herri euskaldunaren sektore kontzientziatu eta borrokalarienek hasieratik salatu zuten iruzur autonomikoa eta ez zioten zilegitasunik aitortu espainiar okupaziopean eta baldintza demokratikorik gabe buruturiko galdeketa hari. Euskal Herriaren nazio askapenaren aldeko indarrek abstentzioa eskatu zuten (%43koa izan zen) eta ez zuten onartu espainiar konstituziotik eratorritako marko partizionista.

Alderantziz, euskal sektore herrikoiek borroka irmoa garatu zuten marko juridiko-politiko hori higatuz eta bere funtzio asimilatzailea agerraraziz.

Borroka horri esker eredu autonomikoa krisialdira eraman zen eta duela bi hamarkada, 1997an, ELAk hiltzat jo zuen estatutu baskongadoa.

Baina autonomismoa lurperatu eta soberanismoaren aroa izan behar omen zuena, bi hamarkada geroago, autonomismo baskongadoaren berpiztean eta nazio askapenaren krisialdian bilakatu da.

Horren erakusle argiena da EH Bildu alderdia orain EAEko markoa onartzera igaro eta estatutu erreformaren proiektuan murgiltzea. Horretan gelditu da batzuek aipatzen zuten “prozesu independentista”. Menperakuntza autonomikoari “autogobernu” deitu diote EH Bildutik, noiz eta Katalunian gertaturikoak estatu okupatzaileak espainiar autonomiengan duen boterea erabatekoa dela frogatu duenean. Katalunian gertaturikoak argiki erakutsi duenean EAJ espainiar estatuaren aliatu anti-independentista maltzurrenetakoa dela, EAJrekiko elkarlana lehenesten du EH Bilduk (espainiar proiektuaren parte eta tresna den Podemos alderdian ere itxaropena jarriz). Eta Katalunian gertaturikoak azaleratu duenean ezein autodeterminazio espainiar markoaren baitan ezinezkoa dela, “erabakitzeko eskubidea” planteatzen du EH Bilduk autonomia baskongado berrituarentzat.

Elementu horiekin, Euskal Elkargo delakoa ontzat emanez eta EAE eta NFEko estatutu erreformen bidez, Euskal Herriaren zapalkuntza gainditzen ez duen prozesu iruzurti berri bat dago planteatuta. Eta duela lau hamarkada bezala, okupaziopean eta baldintza demokratikorik gabe, hautesontziak baliatu nahiko dituzte erreforma hori zilegiztatzeko.

Esan bezala duela 40 urte euskal langile eta sektore herrikoiok ez genuen iruzur autonomikoa onartu. Gure oposizioa agertu eta nazio askapenaren alde jarraitu genuen. Gaur, erabateko asimilazioan erori nahi ez badugu, funtsezkoa da tinkotasun berdina agertzea. Estatutismo baskongadoaren lerroetara igaro berri direnek gauzak “pixkanaka” lortzen direla salduko dute, ez dagoela beste biderik … EAJk bere garaian bezala. Eta “pixkanaka” Euskal Herriak pairatzen duena, zapalkuntza beharrean, demokrazia eta elkarbizitza dela sinestaraziko dute.

Horregatik hain zuzen garrantzia handikoa da, hemen eta orain, neo-estatutismoaren aurkako herri oposizioa agertzea. Gure isiltasun eta pasibitateak ondorio larriak lituzke eta zapalkuntzaren normalizazioa elikatuko luke. Une zail eta gogorretan da inoiz baino beharrezkoagoa konpromiso abertzalea.

Hori dela eta jakinarazten dugu Gure Esku Dago-k ikuspegi estatutista baskongadoaren baitan antolaturiko giza katean ez dugula parte hartuko, baina etxean gelditu ordez, gure irakurketa eta aldarria kalera ateratzeko borondatea dugula. Iruzur neo-estatutistaren aurka eta nazio askapenaren alde.

.

Euskal Herriak askatasuna plataforma
Iruzur autonomiko berririk ez Iruzur autonomiko berririk ez Iruzur autonomiko berririk ez

2 pentsamendu “Iruzur autonomiko berririk ez! Euskal Herriak askatasuna!”-ri buruz

  • Ez dakit zein zareten eta zein den zuen iritzia gure herria mehatxupean duten beste aferen inguruan. Baina erabat bat nator zuen kritikarekin, sektore abertzaleenak hartu dituen armagabetze ideologikoari hortzak erakutsi eta gauzak diren bezala esateko ordua da. Eta egungoa, gure herriaren asimilazio prozesu bat da, bere existentzia bera kolokan jarriko duena epe ertainera.

  • PNVk fraude berri honen lerro nagusiak adostuta ditu aspalditxotik PSOErekin. Madriden espainiar konstituzioaren erreformari ekitearekin erlazionaturik dago gainera. Bildu eta bere Ibarretxe bis are patetikoagoaz barre egiten dute. Kontua da badela espabilatzeko garaia. INDEPENDENTZIA!