Iruñeko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko mozioa, onartuta..

 

Urriaren 21ean onartutako mozio hau euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat da, orain Iruñeko Ordenantzetan eragina izatea espero dugu, gure hirian barna euskarak merezi duen lekua lehenbailehen berreskuratzeko. Hurrengo asteetan eta mozioaren hirugarren puntuaren harira, Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea alderdi politikoekin berriro elkartuko da, hartutako erabakia gauzatzeko bidean laguntzeko asmoarekin. Bide batez, Euskalgintzako eragileok bestelako jendarte-eragile zein herritar anonimoei deia egin nahi diegu bide hau gurekin batera egiteko, hizkuntza paisaian euskaldunon eskubideak bermatzen direla baieztatzeko.

UDALAK HIZKUNTZA PAISAIA ALDATZEKO MOZIOA ONARTU DU.

EMANDAKO PRENTSAURREKOAREN TESTUA.

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak  hizkuntza paisaiaren inguruko kanpaina abian jarri zuenetik urte bete igaro den honetan, hemen bildu garenok (Administrazioan Euskaraz, AEK, EHE, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, eta Sortzen-Ikasbatuaz) gure poza adierazi nahi dugu Iruñeko karriken seinaletan, errotulazioan, karteletan eta abarretan euskararen presentzia bermatzeko aurrera pausu garrantzitsua eman dela uste dugulako. Izan ere, urriaren 21ean Iruñeko Udalak talde honek  aurkeztutako hiru puntuko idazkia oinarri zuen mozio berria onartu zuen, NABAIk, BILDUk, eta Ezker Batuak aurkeztua eta PSN taldearen aldeko botoei esker. Mozioak horrela dio:

1.      Iruñeko Udalak Hizkuntza-paisaia erregulatzeko indarrean dagoen Euskararen Ordenantza zorrotz aplikatuko du. Iruñeko Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute; hortaz, tamaina eta kontraste berbera izanen du karrika izenen plaken, seinaleen, kartelen eta aipatutako hizkuntza-paisaiako gainerako elementuen errotulazioak.

2.      Lehenengo puntuan azaldutakoa bermatzeko, egungo ordenantzan egin beharreko aldaketak eginen dira.

3.      Iruñeko Udala eta euskalgintza elkarrekin arituko dira aldaketa horiek egiteko bidean.

Batetik, gure aldarrikapenen aldeko apustua egin zuten 2.638 sinatzaileei eta hasierako diagnostikoa egiteko lanean aritu zirenei eskerrak eman nahi dizkiegu, beraiek izan direlako mozio honekin aurrera egiteko ezinbesteko bidelagunak. Bestetik, Iruñeko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu hartutako erabakiarengatik eta, nola ez, gure eskaerak entzuteko hartu gintuzten alderdi guzti-guztiei.

Urriaren 21ean onartutako mozio hau euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat da, orain Iruñeko Ordenantzetan eragina izatea espero dugu, gure hirian barna euskarak merezi duen lekua lehenbailehen berreskuratzeko. Hurrengo asteetan eta mozioaren hirugarren puntuaren harira, Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea alderdi politikoekin berriro elkartuko da, hartutako erabakia gauzatzeko bidean laguntzeko asmoarekin. Bide batez, Euskalgintzako eragileok bestelako jendarte-eragile zein herritar anonimoei deia egin nahi diegu bide hau gurekin batera egiteko, hizkuntza paisaian euskaldunon eskubideak bermatzen direla baieztatzeko.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu Iruñean euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugunok asko garela eta aukera hau hartu dugunontzat euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu beharrean gaudela. Horretarako ari gara lanean Euskalgintzan, hizkuntzarentzat esparruak garatzen eta zabaltzen, geure bizitza euskaraz normaltasunez egin ahal izateko. Zentzu honetan, hizkuntza- paisaia izan da Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunean hartu dugun lehenengo lan ildoa, baina honen atzetik beste batzuk etorriko dira. Esan beharrik ez dago Bilgune honen ateak zabalik daudela lan hau gurekin batera jorratu nahi dutenentzat.

Iruñean, 2011ko azaroaren 15ean.

 Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea.

(Administrazioan Euskaraz, AEK, EHE, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Sortzen-Ikasbatuaz).

 

euskara, Hizkuntz paisaia., Iruñea
Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude