Iruñean euskaraz eman ez diren filmak

Gasteiztik dator notizia: eztabaida izan omen da Zipi eta Zape filmaren euskarazko bertsioa ez zelako hiri horretan ematekoa (Berria: Eztabaida bizitu dute Zipik eta Zapek). Hori irakurrita, burura etortzen zaizkit Iruñean euskaraz eman ez diren pelikula batzuk: Bypass, Dragoi ehiztaria, Chef, Enderren Jokoa, Esbastika bat Bidasoan, Kon-Tiki, Mount St. Elias… (azkeneko hori eman dute Iruñean, baina egunkarietan deus adierazi ez dutenez, erdaraz eman dutela pentsatzen dut). Baina Iruñean ez da hautsik harrotu.

Baliabide asko erabili dira horiek euskaraz filmatzeko edo euskarara bikoizteko, eta gero askotan ez dira ikuslearengana iristen. Berrian hainbat arrazoi azaltzen ziren: kopia kopurua eta mota, banatzaileak… Baina funtsean, Iruñean behintzat, segur aski ikusle kopuru eskasa izanen da arazo nagusia (tira, Doraemon eta Nobita Holmes izan daiteke salbuespena; denbora luzea darama zinemetan). Horrekin loturik, iruditzen zait zabalpen handiagoa (edo besterik gabe, zabalpena) eman beharko litzaiekeela euskaraz ematen diren filmei. Euskarazko hitzaldiei, antzerkiei, etab. zabalpena ematen zaie hemengo euskarazko hedabide eta agendatan, baina ez euskarazko filmei. Negozio partikular bat delako izanen da beharbada, baina kontua da ez dela, nonbait, negozio handia, eta horren ondorioz hainbat film ezin ditugu euskaraz ikusi.

Bestalde, egunkari euskaltzaleek La Vanguardiak bezala egin lezakete: han ikur bat paratzen diete katalanez diren filmei, eta beste bat katalanez azpititulaturik daudenei. Horrela errazago identifikatuko lirateke, eta hori ere zabalpena egiteko modu bat izanen litzateke.bypass kartela

euskara, zinema

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude