Irteera korapilatsua

Irteera korapilatsua –

Ivan Santamaria kazetariak 2017aren laburpena egin du Alean, ikuspuntu ekonomikotik.

Irteera korapilatsuaTentaldi asko egon daitezke pasa den urteari argazki ekonomikoa ateratzerakoan. Handiena izan liteke urteari soilik bere horretan erreparatzea. Hori da agintari politikoen ahotik zabalduko den mezua: hazkundea egon da –laugarren urtez jarraian–, langabezia jaitsi da, enplegua sortu da, eta zerga bilketa igo da. Guzti horiek egia dira, bai, baina egoera egoki interpretatzeko aldagai bat falta zaie. Krisiaren ispiluari begiratzen ez bazaio, hobekuntza modu abstraktuan ulertuko da, osotasunik gabe.

Non geunden eta non gaude? Krisiaren aurretik zegoen aberastasun maila berreskuratu du Arabak. Hau da, 2007. urtean baino aberastasun handiagoa dago, baina askoz ere langile gutxiagorekin lortu da. Esan daiteke Arabako ekonomia itxuraz produktiboagoa dela, baina enpleguaren lepotik lortutako hobekuntza da, ezer baino gehiago. Susperraldiaren bidea zein luzea izango den ulertzeko bi datu. Langabe kopurua duela hamar urtekoaren halako bi da oraindik. Krisian enpleguaren %14 galdu zen, eta kopuru horretatik erdia baino gutxiago berreskuratu da.

Atzeraldi aroaren irteeran kezka nagusi bihurtzeko bidean da enpleguaren kalitatea. Hasieran ulertu zen lana sortzeak zuela garrantzia, lan horren baldintzak bigarren mailan utzita. Joera batzuk egonkortzeko bidean daude, ordea. Aurten inoiz baino lan kontratu gehiago sinatuko dira Araban. Azarora arte sinatu ziren kontratu berrien %3,9 bakarrik ziren mugagabeak. Baina aldaketa nagusia da orain kontratu finkoak ez direla egonkortasun berme. Soilik hamarretik sei izan dira lanaldi osokoak. Joera bereziki kaltegarria da emakumeentzat. Kontratu mugagabeen erdiak baino gutxiagok eskaintzen die lanaldi osoa. Bizitza proiektu duin bat izatea ezinezko bihurtzen duen egoera da.

Pizten ari den beste eztabaida soldatak dira. Aurrekontu kontrolerako neurriak, sektore publikoan, eta lan erreformak enpresei emandako eskumen zabalak, pribatuan, trabatzen ari dira ordainen igoera. Lana galtzeari zaion beldurra gailendu da orain arte, baina zaila izango da krisiaren irteera indartzea, langileen poltsikoan islatzen ez bada.

Irteera korapilatsua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.