Irizar, Otamendi eta Iriarte, euskal komunikabideen etorkizunari so

Maiatzaren 13an, astelehenarekin, 20:00etan, mahai-ingurua Iruñeko Auzolan liburu-dendan

Mahai-inguruaren izenburua: ‘Euskal komunikabideak: nola zaindu maite duzun hori?’. Mahaikideak, euskal kazetaritzako erreferentziazko hiru lagun: ETBko kazetari Maddalen Iriarte, Berriako zuzendari Martxelo Otamendi, eta Tokikomeko buru Mikel Iriizar. Mahaiaren gainean, hainbat galdera: nola zaindu maite dituzun euskal komunikabide horiek? Nola egokitu, garatu, indartu euskal hedabideak paradigma zein ekonomia krisi garaiotan? Nola egokitu iraultza teknologikora? Komunikabide txikiek gaindi al dezakete krisi ekonomiko handi hau? Zein esparru komunikatibo behar du euskal hiztun komunitateak? Zein rol jokatu behar dute hedabide nazionalek? Zein paper jokatu behar dute tokiko komunikabideek? Elkarlana posible al da hedabide publikoen eta herri ekimenekoen artean? Zein da komunikabide publikoen etorkizuna murrizketa garaiotan? Zein eredu behar du ETBk? Twitter killed paper star?…

Mahai-ingurua Auzolan liburu-dendan eginen dute, maiatzaren 13an, astelehenarekin, 20:00etan. Bertatik bertara gozatu ahal izanen da, baita irratiz eta streaming-ez ere, FM-ko91.4-an eta euskalerriairratia.com webgunean.

Elkarrizketak Auzolan-e(a)n solasaldi sorta Euskalerria Irratia eta Auzolan liburu-denda elkarlanean antolatzen ari dira, Iruñeko hedabidearen 25. urteurrenaren harira. Streaming-ak Eguzki Bideoak taldea egiten ari da. Lehenean, Kirmen Uriberekin bere Mussche eleberria aurre-estreinatu zuten. Bigarrenean, Sabino Cuadra eta Uxue Barkos diputatuekin UPNren osteko Nafarroaz aritu ziren (zientzia fikzioaz?). Lerroon azpian, mahai-ingurua iragartzeko kartela. Zergatik ageri diren horretan hiru aulki? Bada, Kirmen Uriberi egindako elkarrizketa iragartzeko bi besaulki erabili zituen irratiak, ordu beteko solasaldi lasaia izanen zela nabarmentzeko. Kasu honetan, etorri handiko hiru lagunekin ordu beteko solasaldi bizia izanen da, eta bizitasun hori irudikatzeko, aulki ez horren erosoak erabili ditu.

Argazkiak: Argia.